miranda. C. D. Mirandesek orain zenbait egun inguraturik zeukan amesgaiztoa baretu duela dirudi. LFPk ezarritako epea itxi baino minutu gutxi batzuk lehenago gauzatu zen miraria, eta kluba SAD bihurtzea lortu zuten, Bigarren Mailan geratzeko ezinbesteko baldintza zena. Helburua atxikituta, jai giroa izan da nagusi Miranda de Ebroko kaleetan egunotan, baina zale orok argi dauka salbazioa ez dela jainkoaren opari gupidatsua izan. Gure jokalarietako bat, Koikili Lertxundi otxandiarrak, alegia, zainetan sentitu izan du pasarte deseroso guztia. Taldeko zenbait jokalari, hura barne, eta zuzendaritzako kideek, kluba enpresa bihurtzeko beharrezko 1,3 milioi euroak haien boltsikotik jarri behar izan zituzten. Marka galanta diru guztia azken egunean bildu zutela kontuan izanez gero.
"Gauzak asko okertu ziren. Bai jokalari eta zuzendariek ere uste genuen Revillak jarriko zuela diru hori, baina azken egunean oso bestelako egoera baten aurrean aurkitu ginen. Hark jarri behar zuen %51 hori azkenean guk geuk jarri behar izan genuen", adierazi zuen, egoeraren larritasuna azaleratuz. Izan ere, Vicente España Revilla enpresariak erosi behar zituen akzioen erdiak, ia milioi eta erdi euroko balioagatik. Uztailaren 26a zen mugarria eragiketan, eta behin eguna helduta, Caja 3 entitatean sartuta zegoela baieztatu zuen hark. Iruzur hutsa zen dena, noski, diru hori ez zen inondik inora agertu, eta horrek beste buruhauste baten aurrean jarri zuen kluba. "Legalki bera zen akzio guzti horien jabea, eta berak ez bazuen ordaintzen ezta hori atzera bueltatzen ez zegoen modurik ezer egiteko. Taldea haren atzetik egon zen, eta azken egunean bakarrik lortu genuen hark kontratua haustea".
Oinazea, baina, eginda zegoen ordurako. "Denbora gutxi genuen 1,3 milioi horiek lortzeko. Entrenamendua eduki genuen arratsaldez, eta horren ostean jokalari eta zuzendariak bertan bildu ginen. Egoera oso kritikoa zen, epea gaueko 12etan bukatzen zen eta. Erlojuaren aurkako borroka izan zen". Baita ordularia garaitu ere.
"Pablo (Infante) azken unerarte ibili zen aukerak mahaigaineratzen, eta azken uneetan bide hau zegoela komentatu zigun. Ez genuen beste aukerarik, eta zorionez azken txanpan dena konpondu ahal izan genuen". Gaueko 23:55 inguru zirela, beharrezko kapitala bilduta zegoen, eta azkenean LFPak argi berdea eman zion C. D. Mirandesen operazioari. Haiei esker zilarrezko kategoriako taldea zen gorritxoena, zilegiena zalantza barik, futbol profesionalean zorrik ez duen talde bakarrenetakoa da eta Miranda de Ebrokoa. Haiek jarritako dirutza hori, baina, berreskuratzeko bermetik ez dutela aitortu zuen Koikilik: "Ez dakit, garrantzitsuena taldea Bigarren Mailan gelditzea zen, eta eskura geneukan guztia egin genuen". Taldekideak jarritako diruaz kezkatura ez daudela ziurtatu zuen gainera, haientzat hil ala biziz gainetik kendu behar zuten "zama" bat zelako. "Taldea pozik dago helburua lortu dugulako. Gure eskura zegoen guztia egitera behartuta ikusi genuen gure burua, ez zegoen besterik. Momentu hauetan taldearen %49 bazkideena da, eta gainontzeko %51a gurea".
Hastear dagoen denboraldia 2. mailan jokatuko du Mirandesek, eta lehiaketan buru-belarri sartzea da orain Koikili eta taldekideek buruan dutena: "Xedea mailari eustea da, pasa den urtean asko sufritu genuen eta horretarako, baina esperientzia gehiago daukagu aurten. Lehenbailehen hori lortu nahi dugu, eta behin ziurtatuta, helburu handiagoetara begiratzea polita litzateke".