Síguenos en redes sociales:

PoesiaArantzazu LizartzaIdazle

“Poesiak minutu batean mundu bat ireki diezazuke”

Medikuntzari filosofiatik begiratu dio Arantzazu Lizartza medikuak eta poetak ‘0 negatiboa’ poesia liburuan. Klase zapalkuntzaz, genero indarkeriaz, zaintzaz eta doluaz mintzo da, besteak beste

“Poesiak minutu batean mundu bat ireki diezazuke”A. Lizartza

Medikuntzan graduatua eta Familia eta Komunitate Medikun-tzan espezializatua da, eta Lehen Mailako Arretan egiten du lan Arantzazu Lizartzak (Leitza, Nafarroa, 1994). Medikua izateaz gain, poeta ere bada. Kontsultan sorturiko gogoetatik abiatuta afera pertsonalagoetan sakondu du 0 negatiboa poesia liburuan (Pamiela, 2025). Klase zapalkuntzaz, genero indarkeriaz, zaintzaz eta doluaz min-tzo da besteak beste: “0 negatibo odol mota duena, emateko garaian oso eskuzabal da, denontzako balekoa delako, baina jasotzeko garaian soilik bere mota jaso dezake. Nire lanbidea zaintzaile lanbide bat da, eta batzuetan kontsultan zein kontsultatik kanpo zaintzaile izatea eskatzen zaigu. Beti eskuzabal emateko garaian, baina gero gu gaixotzen garenean edo gure modura da edo ez gara jasotzeko gai” 

Nola zaude liburua argitaratuta? Aldez aurretik ‘Ezlekuak’ idatzi zenuen, zure lehenengo lantzat duzu ‘0 negatiboa’?

Mendira jendearekin zoazenean eta gailurrera ailegatzean ez zara zu protagonista; denak zarete. Ezlekuak argitaratu zenean beste idazle eta autoreekin batera argitaratu zen; orduan, babes hori zegoen. Aldiz, bakarrik argitara-tzea bertigo handiagoa izan da. Azkenean, dena da zurea; eta gainera, era isolatuan. Liburuko apalategian zurea da izena, eta horren atzetik dauden kritikak, zalantzak eta sentimenduak. Harrotasuna bai, baina bertigo handiagoa ere bai. Oso lo arina daukat, eta asko sufritzen dut insomnioa. Argitaratu eta hurrengo egunean izugarrizko insomnioak izan nituen. Uste dut beldurrak zeudela tarteko. Halere, oso harrera ona eduki du eta pozik nago. 

Zernolako beldurrak zeuden tarteko? 

Onespena edo idazle bezala errekonozitzea. Umiltasunetik eta beti kontraesanekin, nire bi figurak: medikua vs poeta. Medikuntzan norbaitek kritika egiten badit badauzkat argudioak, nik hamar urte daramatzadalako honetan formatzen. Aldiz, norbaitek esaten badit liburuarekin ez dudala asmatu, horri eran-tzuteko daukadan formazioa oso intuitiboa da. Edukiak baino formak kezkatzen ninduen, xumeago sentitzen naizelako eta iruditzen zaidalako zaurgarriago nagoela. Edukia nire iritzi eta sentimenduak dira. Orduan, konpartitu dezakete edo ez, baina uste dut inor ezin dela aurka joan. Liburuan tarteka agertzen da iruzurgilearen sindromea.

"Sozialki aktibo egotera kondenatzen gaituzten garai hauetan, uste dut bakardadea gutxietsita eta alboratuta dagoela”

A. Lizartza . Idazle

Bi ogibideetan sentitu duzu hori edo medikuntzan urteekin aldatu da?

Medikuntzan ez da aldatu, eta uste dut ez dudala nahi aldatzea. Esperientziak ziurtasuna ematen du, baina iruzurgile horrek oso sentibera edo etxeko egiten zaitu, eta ez zaitu inondik inora autoritatean kokatzen. Ahaleginak egin nahi ditut hori ez aldatzeko. Idazle bezala, bai, askotan esan didate idazlea naizela, eta nik akaso idazten duen norbait naizela diot. Ni momentuz poesian nabil gustura; orduan, poeta. Zentzu horretan iruzurgilea bai ziurtasuna landu behar dudalako, baina uste dut idazle handia gertatzen zaidala. Iruditzen zait idazle bat edozein genero idazteko gai izan behar dela. Literaturan eleberria medikun-tzako zirujaua izan arren eta familia medikua poesia, uste dut ez dudala inoiz eleberri bat idatziko. 

Poesiaren bidez medikuntzaren alde filosofikoa aztertu duzu. Bada modu bat erakusteko proba medikoez gaindi, beste mundu bat dagoela aztertzeko?

Bai. Pena ematen dit medikuntza erlaziona-tzea erabat kontzeptu biologizista batekin. Osasuna ez da bakarrik analitika batean berresten. Eduki dezakezu analitika desastre bat, baina zoriontsu izan eta osasuntsu sentitu. Orduan, egia da gaur egun azeleratua goazela eta medikuntza eta teknologia ikaragarrizko abiaduran doazela. Abiadura horrek gure gorputzengatik erabakitzen du.

Bizi itxaropena pila bat luzatzen ari da, baina zeren kontura?

Ez dago bizi kalitatearen neurgailurik. Horri kritika egitea eta egunerokora ekartzea oso inportantea da niretzat. Pazienteekin, askotan, alderdi horiek erakutsi nahian nabil. Adibidez, igual analisietan ez duzu izarrik, baina osasun txarra izan dezakezu ez duzulako non lo egin, hilabete bukaerara zorpetuta iristen zarelako edo ez duzulako mundu honekin bat egiten. 

Sistemak gizartea gaixotzen duenaren seinale da?

Kapitalismoa dago hemen jokoan. Kapitalismoa egituratzen da eta atzetik goaz gu. Haren exijentziak ez daude ongizatea bermatzeko eginda. Alde batetik, biztanleria muturreko baldintzetan bizitzera behartzen dute. Bestetik, gaixotzen denean edo osasuna kalte-tzean gaur egungo sistema publikoa ez dago prest horri erantzun bat emateko. Itxaron zerrendak eta irisgarritasun falta horren adibide dira. 

"Poesiaren eta hiztegi medikoaren arteko ezkontzak beldurtzen ninduen, iritsezina edo ulertezina izan zitekeelako”

A. Lizartza . Idazle

Dolua, genero indarkeria, baldintza ekonomikoak eta beste gai asko landu dituzu. Zerk eraman zaitu horretara?

Beti izan dut medikuntzaren oso ikuspegi soziala. Familia medikua izatea erabaki nuenean, hein handi batean izan zen osasun determinante sozialak ulertu nahi nituelako. Iruditzen zitzaidan hori arakatzeko eta aztertzeko osasun espazio egokiena zela. Nahiko argi nuen medikuntza ikasi nahi nuela, baina beti izan dut filosofiaren arantza. DBH 3. mailan begiak ireki eta beste mundu bat zabaldu zidan irakasle batek. Batzuetan zein inportanteak diren irakasle onak. Hortik filosofiara hurbildu, eta saiakera irakurtzen hasi nintzen. Medikuntza ikasteko hautua hartu nuen, baina filosofia bizkar gainean eramanda. Igual nire filosofoari atea ez ixteko izan da. 

Bete dira ikasketekin hasi aurreko espektatibak?

Behin bota nuen medikuntza gradua ikastea ez dela nahikoa medikua izateko. Izan dezakezu Harrison liburua –patologiako liburu-tzar bat– goitik behera ikasia, baina gaixoa ez dator esanez eskuineko hipokondrioak min ematen diola. Sintomak arrantzatzen joan behar zara galdera egokiak eginez, eta bakoitzari behar dituen erantzunak emanez. Gainera, denbora gutxian gaitasuna izan behar duzu pertsona horri eskaner bat egin eta jakiteko zer behar duen zuregandik. Espektatiba bete ote den? Oso gogorra da. Gainera, nik uste okertze sozial orokorra dagoela eta osasun sistema publikoa ere okertzen ari dela. Ez dakit etorkizunean nola ezkonduko diren bi okertze horiek. Momentuz, kontent nago, espektatibak bete dira eta atzera egingo banu bide berdina hartuko nuke. Kontsultako gertakariekin abiatzen zara liburuan, eta gauza pertsonalagoetan sakontzen zoaz.

 Zu poliki-poliki ezagutzeko modu bat da?

Azala bisturiz zauritzen duzuena kapa desberdinak daude: hepidermisa, dermisa, hipodermisa… Orduan, geruza desberdinak daude azalaren sakoneraino. Uste dut hori dela hartu dudan bidea, eta jostari edo ironikoenetatik barne aferetara joan naizela. 

Geruza horien artean doluak espazio handia dauka. Sentitzen duzu doluari lekua egiteko beharra dagoela literaturan?

Bai. Gainera, teknologia eta transhumanismoa belarri atzean dugu hilezkorrak izango garelaren kontzeptuarekin. Hau da, ni ez naiz sekula hilko edo gaixotuko eta beti gazte kontzeptuak oso sustraituta daude gaur egun. Heriotza ate joka datorrenean, edonola saihestu nahi dugu. Ez dugu onartu nahi hilko garela. “Jaioak heriotza zor”, esaten duen aipu bat dago. Uste dut ezikusiarena egiten ari garela horri. Heriotza eta dolua alboratzen gabiltza. Doluak ez du zertan izan behar pertsona baten galera organikoa. Dolua izan daiteke bizi etapa baten akabera, harreman bat bukatzea edo herri aldaketa bat. Inportantea da doluak egitea eta dolu izena jartzea. Errealitate berrira egokitzeko pausu bat da.

Liburua

Beste genero askoren artean poesia hautatu duzu. Zuk nola kontsumitzen duzu poesia?

Asko irakurtzen dut poesia eta beti ditut poesia liburuak. Iruditzen zait poesiak beste genero batzuekin alderatuta duen alderdi positiboa dela laburra dela. Esperoan nagoen bitartean, poesia liburua atera, eta mundu baterako bide berri bat ireki daiteke. Ez da sekulako arreta eta denbora behar. Idazlea sartzen da hor jokoan, baina hizkuntza xumea erabiltzen badu eta ondo egituratua badago poesiak minutu batean mundu bat ireki diezazuke. Hori dastatzea oso interesgarria da. Igual eleberri batek beste jarraikortasun bat behar du.

 “Ulergaitza” edo “iritsezina” dela esaten da maiz, aurreiritzi horrekin apurtzeko modu bat da?

Ez dizut esango aurreiritzi hori erabat faltsua denik, badira iritsezinak diren poetak, kontuak eta hitzak, baina ez denak. Uste dut poesia errazagoa edo xumeagoa egitea goraipatu behar dugula. Horrela irakurle gehiago bilduko ditugu eta hausnarketa gehiago eragin. Uste dut figura hori aldatzen doala, eta aurreiritzi hori ere aldatzen joan beharko ginatekeela. Medikuoi askotan esaten zaigu ez zaigula piperrik ulertzen hitz teknikoak erabiltzen ditugulako. Karreran esaten digute beste hiztegi bat ikasiko dugula, eta hala da. Poesiaren eta hiztegi medikoaren arteko ezkontzak beldurtzen ninduen, iritsezina edo ulertezina izan zitekeelako. Poema batean barre egiten dut horretaz. Hizkuntza erraza erabiltzen saiatu naiz. Uste dut batzuetan medikuok hitz teknikoak erabiltzen ditugunean gure egoak puzteko direla. Nik batzuetan pazientei ematen dizkidan azalpenak izugarri banalak dira, baina horrela ulertzen didate.

Nondik garatzen dituzu poemak? Zein prozesu dago atzean?

Poema baten estruktura konbertsazio baten iruditik ateratzen da. Normalean telefonoko oharretan hitz bat idatzi, buruan poema egituratu, eta ordenagailuan transkribatzen dut. Ematen du dena niri gertatu zaizkidan kontuak direla, baina fikziotik ere dago. Bakarrik egotea asko gustatzen zait, eta normalean mendian edo igeri egiten egoten naiz bakarrik. Sozialki aktibo egotera kondena-tzen gaituzten garai hauetan, uste dut bakardadea gutxietsita eta alboratuta dagoela. Bakarrik gaudenean aspertu egiten gara, eta orduan, sortzen dugu. Uste dut gehiago goraipatu beharko genukeela bakardadea eta asperdura. Niretzako bakardadea sor-tzeko espazio ideala da. Ez naiz ari bakardade triste batez, baizik eta hautatutako bakardadeaz.