Bizitza guztiek dituzte kontatu ezin daitezkeen gauzak, baita konta daitezkeenak ere. Eta, azken horiekin baserriko bizimodua gordetzen duten bizipenetan oinarritutako liburua eraiki dute Onintza Enbeitak eta Feli Madariagarenak: Bizitza baten txatalak. Andre bat lurrari emana. Madariagarenak dira kontakizunak gordetzen dituen pasarteak eta hausnarketak. Hark ahoz kontatutakoak idatzi ditu Enbeitak: “Bizitza baten txatalak daude hemen: kontatu daitezkeenak. Bizitza guztiek baitituzte kontatu ezin diren gauzak. Kontatzen dituzunak, ostera, eskolan lantzeko modukoak dira, Feli”.
Muxikar biak dira Argiak kaleratutako liburuaren protagonistak. “Baldatikatik Igerturaino zabaltzen den ortzadar baten moduko bizitza da Felirena. Kolorez betea: bere argi, bere ilun. Ordenagailu aurrean ni eseri naiz, baina liburu hau berea da”, adierazi du Enbeitak. Izan ere, Muxikako Igertu baserrira ezkondu zenetik lurrari emana bizi izan den emakumearen testigantzak kontatu ditu. Hain zuzen ere, emakumea eta lurra elkartzen dituen liburua da; baserriko bizimodua gordetzen duena, emakume baten ahotan idatzitakoa. “Baserriko bizimodua ez dago andren ikuspegitik kontatuta eta kontatu egin behar dugu. Historia, orokorrean, gure baserriena ere bai, gizonek kontatu dute, eta kasualitatez, beti ahaztu zaie andren ikuspegia txertatzea. Eta uste dut gure bizia guk konta-tzeak kokatu egiten gaituela historio horretan”, dio Enbeitak
Galderei tiraka
Uste du belaunaldi bateko andreek “beti imajinatu” izan dutela euren amaren edo amumen bizimodua, baina zuzenean beraiei “oso gutxitan” galdetu dietela: “Niretzako ariketa oso polita izan da Feliri galdetzea. Gure iruditerian baserriko andrak izan dira koitadu batzuk, ez dutenak inongo erabakirik hartu euren bizitzaren inguruan. Gaur egungo gure ikuspegitik egiten dugu euren inguruko irudi bat, eta zuzenean galdetuz gero, ezustekoak hartzen ditugu”. Errelato hori kontatzea “beharrezkotzat” du Enbeitak, eta Madariagaren eskuzabaltasuna eta ausardia eskertu ditu, jakin badakielako ez dela erraza norbere bizimodua beste pertsona baten eskuetan jartzea.
Elkarrekin igarotako arratsaldeetatik, eta kafea hartzeko zein antzerkiko bizipenak kontatzeko uneetatik atera da liburua, eta bizitza baten txatalak kontatzea erabaki dute. “Ez genuen kontakizun kronologiko bat egin gura. Zatirik garrantzitsuenak kontatu ditugu, eta puzzle baten moduan eraiki dugu liburua. Eta, hor daude bizitza bat ulertzeko nahikoa diren txatalak”, dio Enbeitak.
Lehenengo pertsonan idatzi du Enbeitak, Madariagaren euskara ederra “arduraz” zainduta: “Nik jendeari transmititu gura nion niri Felik transmititu didana. Nik ez nuen nahi jendeak igartzea ni egon naizela erdian. Ahal denik eta hizkuntza bizienean kontatu nahi nuen Felik kontatutakoa. Horretarako ariketa asko egin ditut: dena transkribitu nuen berba egiten dugun moduan, gero Bizkaiera jasora aldatu, eta ostean Euskara Batura. Saiatu naiz fidela izaten Felirekin eta bere hiztegiarekin. Feliren bizitza da hau, eta berak kontatu duen moduan idatzita dago”, gehitu du.
“Magia” egin dute elkarrekin, prozesua “une magikoa” izan dela baitiote, teorian arrunta den bizitza bat “liburu berezi” bihurtu dutelako. Izan ere, kontatzen diren gauza askok garai bateko lekukotza garrantzitsu bat jasotzen dutela uste du Enbeitak. Izan ere, hori irakurtzerakoan “askori” umetan ikasitakoak etortzen zaizkio gogora. “Liburua irakurrita, konturatu nintzen garaiko kronika sozial bat ere badagoela bertan. Gure bizitza kontatzen dugunean, gure begiekin ikusi dugun garaia kontatzen dugu. Felik kontatzen du bere begietatik Gernika zelakoa zen, baina familia aberats bateko emakume batek kontatuko balu, oso desberdina izango litzateke. Beraz, uste dut oso garrantzitsua dela historia begi desberdinetatik kontatzea”. Hori dela eta, “belaunaldi oso bategaz zorra ken-tzeko aukera” izan duela gehitu du.
Felik berak kontatua
Madariagak “ezustekoa” hartu du liburuak ekarri duenarekin. “Ez nuen pentsatzen horrenbeste gauza idatz zitekeenik baserriko andra bati buruz”, onartu du. Hala ere, uste du bakoitza bere jakituriarekin bizi dela, eta baserriko andreek eurena dutela. Hala, nabarmendu du lurrari jaten eman behar ziola ondo dakitela eurek: “Jendeak pentsatzen du lurrak berez ematen duela fruitua, baina horri ere jaten eman behar zaio. Amari eta lurrari eman egin behar zaie lehenengo, jagon egin behar dira, eta jakin behar da hori zelan egin, gero eurek eman dezaten”.
Madariaga “bizitzeko modu baten lekuko” da Enbeitaren arabera, “baserria lanbide eta bizibide” izan duen belaunaldikoa: “Jornala ateratzea inportantea zen, baina baserrian bizi zinen. Bizi. Ez baita berdina gauez lasai lo egiteko etxe bat izatea, edo etxe horrek ematen zein kentzen duen araberako bizitza eraiki-tzea”. Aske bizi da Madariaga, eta hala jarraitu nahi du: “Nik etxe ondoan biluzik ibili nahi badut, arazorik gabe ibili naiteke. Libre bizi naiz ia denerako. Libertate hori ez nuke orain ezergatik aldatuko”.
src="https://www.noticiasdegipuzkoa.eus/statics/js/indexacion_Trebe.js">