Musikari buruz aritzen garenean, oholtzan ikusten duguna baino haragoko elementuak ahazten ditugu. Musikariak ez diren profesionalak, adibidez, edo musikarekin lotura zuzena ez duten kontuak, esaterako, musika-industriako profesionalen osasun mentala. Euskal Herriko Musika Bulegotik landu beharreko gai bat zela konturatu ziren, bereziki, Covid-19ak utzitako egoera aztertuta.
Urriaren 10ean Osasun Mentalaren Nazioarteko Eguna izan zen, eta horren harira, 2023an Musika Bulegoak estresa kudeatzeko eta “burnout”-aren prebentziorako gida argitaratu zuen. RuthManzano Musika Bulegoko proiektu arduraduna da, eta berak azaltzen duen bezala, 2023an argitaratu zuten gida 2022an hasitako lanaren jarraipena da.
Sektorearen azterketa beharra
Manzanok dioen bezala, Covid-19a eta gero, sektoreak behaketa bat behar zuen: “musika sektoreko prekarietatea nabarmendu zen”. Kontzertuak bertan-behera gelditu ziren, enpresa batzuk itxi behar izan zuten…
Beste sektore askotan bizi izan zen nahasmen-egoera bizi izan zen musika-industrian, baina berezitasun batekin: “musikaren industria itxi zuen lehenengoa izan zen, eta azkenengoa izan zen gero berriz normaltasunera bueltatzen”, dio RuthManzanok.
Adituen eskuhartzearen beharra
Musika Bulegotik RosanaCorbachorekin jarri ziren harremanetan. Corbachorekin batera, egoera aztertzera ekin zion Musika Bulegoak. Sektore jendearekin ere elkartu ziren: Maite Alaña, Olatz Salvador… “Helburua zen haien sentsazioak ezagutzea”. Olatz Salvador musikariak sektorearen prekarietatea azpimarratu zuen gidei buruz aritu zenean, eta prekarietate horrek eragin dezakeen antsietatea, estresa eta gorabehera emozionalak: “etorkizunean ez dakizulako zer izan ahal den zutaz”.
RosanaCorbachokgida batzuk sortzea proposatu zuen. Gidak musika sektorean lan egiten zuten profesional orok arrisku egoerak identifikatu ahal izateko tresnak eskaintzera bideratuta dago: “Ez bakarrik musikariei, baizik eta profesional guztiei”. Hortik, zenbait sintoma idatzi zituzten, eta sintoma horiek zeingaitz mentalen erakusle ziren azaldu zuten argitaratutako lehenengo gidan: “Horrela, jendea kontziente izan zitekeen; eta, hori ezagututa, erremedioren bat bilatu zezakeen”, dio Manzanok.
2022an argitaratutako lanari 2023an jarraitasuna eman zioten, eta azken urte horretan, “burnout” fenomenoan zentratu ziren.
Zer da “burnout”-a?
Laneko estres kronikoa da “burnout”-a, behar bezala kudeatu ez dena eta ondorio larriak dituen osasunean, RosanaCorbacho psikologoak azaldu duenez. “Musikarien industrian izugarri ikusten dugu”, zehaztu du psikologoak. Baina zergatik? “Profesionalek ezin dutelako atsedenik hartu, ez dute harremanik lanetik kanpo, ez dute deskonektatzen… Gorputza beti dago alertan eta kortisol maila handiekin”. Corbachok, gainera, aitortzen du musikaren mundua badirela “burnout” hori bultatzen duten zenbait egoera. Adibidez, lanbide honen osagai identitarioa: “Zu mekanikaria bazara, nortasun bat duzu lanetik kanpo. Musikaren industrian dena oso nahastuta dago, eta jendeak bere profil profesionalarekin oso lotuta dagoen identitate bat sortzen du”.
Musika industria ezagutuz
“Presio handiko mundua da, oso ezegonkorra… Lehiakortasun handia dago. Jendeari industria horretako kide izatea gustatzen zaionez, gauza asko aguantatzen diren eta muga gutxi jartzen diren mundu bat da”, baieztatu dutRosanaCorbacho psikologoak. Gainera, industria horretan publikoak azken emaitza baino ez du ikusten, ez da sufrimendua antzematen. Enpatia eta erruki gutxi dago pertsonek dituzten zailtasunekiko.
RosanaCorbachokgaineratu duenez, oso ezaugarri bereziak dituen sektorea da, eta gainera, ez dira ezagutzen sektoretik kanpo. “Horrek eragin dezake sektoretik kanpoko psikologo batengana zoazenean ez ulertze zer gertatzen ari zaizun, harentzat borondatez estresa eragiten duten faktoreekiko esposizioa egiten duen pertsona bat zarelako”.
Industria musikalaren erronkak
“Presioa eta lehiakortasun sutsua dira erronka handienak”, azaldu duCorbachok. Pandemia eta geroko “orain edo inoiz ez” sentsazio hori arriskutsua da… “Dena dago nahastuta musika mundu honetan. Ez daudedeskonektatzeko espazioak. Beti eskuragarri egoteko joera dute, eta gainera, haien aisia lan egiten duten pertsonekin aurrera eramaten dute”.
Gidan arreta jarri zuten kanpotik estresa eragiten zuten faktore horietan, baita giro osasungarriak sortzeko baliabideetan ere. Gidak sortu dira identifikatu ahal izateko arriskutsuak diren zenbait egoera, eta horien aurrean bide ezberdinak hartu ahal izateko.
Musika Bulegotik adierazten duten bezala, urte honetan ez dute “hau gelditzea nahi”, gogorarazi nahi dute gida hori eskuragarri dagoela. Lorpenen artean, Manzanokbat nabarmendu du: “Lortu dugu osasun mentala gure sektoreko profesionalen ahoetan jartzea, normaltasunez lortu dugu honi buruz hitz egitea”.