Gitarra, pianoa, biolina... instrumentu nahiko ohikoak, kurtso berrirako kontserbatorioan aukeratu daitezkenak. Ikasturte berri bat hastean beti ditugu grin handiak, gutxika hilabeteak pasa ahala disolbatzen direnak askotan. Bada, hori ez gerta-tzeko erronka errealistak ezarri behar dira, eta batez ere erakargarriak eta bitxiak. Hizkuntza edo kirol berri bat... eta baita musikan ere! Horretarako, eta kuadrilan guaiarena egiteko, hoberena musika instrumentu arraro eta frikiena jotzea!
Instrumentu normalago eta bitxiagoak betidanik existitu dira, kultura hegemonien eta erabileren arabera. Baina, azken urteetan, teknologiaren demokratizazio eta soinu esperimentazioaren zabalkuntzarekin, luthier mota berriak sortu dira. Luthier esperimentalak. Luthier hauek, Soinutopiako atalen baten azaldu dugun bezala, beharren arabera eta esperimentazioaren medioz sortzen dituzte instrumentuak, eta jaialdi propioa ere sortu zen Burgosen: Insolitos, instrumentu arraroen jaialdia. Bada, hemen ideia batzuk instrumentu berria aukeratzeko.
OTAMATONEA
Instrumentu bitxien artean erregeak? Japoniarrak, noski. Otamatonea hangoanda, bideojoko batetik ateratakoa, eta musika nota batek bizia hartu izan balu bezala jotzen da... umorez. Maywa Denki enpresak sortu zuen 1998an, aurpegia eta ahoa dituen musika nota itxurako tramankulu bitxi honek xarma absurdua du. Hatzak mastatik irristatuz ukitzen da, bere “ahoa” estutzen duzun bitartean tonua aldatzeko, soinu maitagarriak eta kirrinkariak sortuz. Non aurkitu daiteke? Youtubeko cover biraletatik hasi eta musika esperimentaleko kontzertuetara arte. Kasu, itxura komikoa badu ere, menderatzeko trebetasuna eskatzen du!
ZEUSAPHONEA
Lagun metaleroak harritu nahi? Haien distortsiek ez dute zer eginik Zeusarparen tximisten aurka! Zeusaphone, “Tesla Coil Musical” bezala ere ezaguna, instrumentu perfektua da zure bandak ukitu elektrizatzaile bat behar badu, literalki. Laborategietan jaio zen, non jenioak Tesla bobinekin jolasten ari ziren, eta norbaitek noizbait esan zuen: “Eta honekin musika egiten badugu?”. Horrela, elektrizitatea soinu dardarkari bihurtzen duten mirari hauek sortu zituzten, eta jainko izena jarri. Zeusaphone-ren berezitasuna zientzia eta artea modu ikusgarrian konbinatzen dituela da. Zien-tzia jaialdietan ikusiko duzu, kontzertu esperimentaletan eta, noski, edozein geeken amets beroenetan.
OPEN REEL ENSEMBLE
Open Reel Ensemble talde bat da, baina haien tresnekin egiten dutena soinu-arte hutsa da. Ei Wada buru duen talde japoniar honek karrete irekiko zinta grabagailu zaharrei bizitza berria emateko modu burutsua aurkitu du, musika tresna harrigarri bihurtuz. Zintak manipulatzen dituzte, haien gainean zuzenean joz, loopak eta efektuak sortzeko. Gailuetako batek bateria gogorarazten du, non zintak kolpatzen diren erritmoak sortzeko. Beste bat, bitxiagoa, arku batekin jo-tzen da biolin bat balitz bezala, baina soinu elektroniko distortsionatuak igorriz. Azkenengoa, sampler modukoa da, baina zinta irekiarekin. Urteen poderioz maisutasunez jo-tzen dituzte, eta hiruren artean egiten dutena ikusgarria da.
MARBLE MACHINEA
Wintergatanen Marble Machine asmakizun arraroen eta musikaren edozein maitaleren ametsa da. Martin Molin Wintergatan talde suediarreko kideak sortu zuen, eta musika egiteko kanikak erabiltzen dituen egurrezko makina da. Jostailu magikoen tailer batetik ateratakoa dirudi, eta hala da: 2.000 kanika baino gehiago dabiltza arrapalak zeharkatzen, bibrafonoak, danborrak eta baxuak aktibatuz. Nahiz eta originala bideo biral baterako egin zen 2016an, taldeak zuzeneko aurkezpenetan erabiltzen du, musika mekaniko modernoaren ikono bihurtuz. Gerora, beste bideoren bat ere igo dute tramankulua erabiltzen. Jo ikustera, kriston ASMRa sortuko dizu eta!
TTUN TTUNA
IBertokoa dugun arren ttun ttuna nahiko ezezaguna da, Ttun Ttun Brigade Bergarako taldeak homenaldia eginda ere. Instrumentu ikusgarria da, hainbat kulturetan errepikatzen dena, “chicotén” edo “salterio” izenpean. Perkusio tresna bitxi hau, egurrezko ohol bat da, baketa batekin jotzen dena, musikariak beste eskuarekin txistua jotzen duen bitartean. Erritmoa eta melodia aldi berean konbinatzeko duen gaitasuna bikaina da euskal musika tradizionalerako. Oktabatan afinatuta egoten da, Do, Re edo Solen eta korda guztiak jota akordea osatzen du. Noski, hanibeste instrumentu futuristen artean, bertoko sustraiak ere goraipatu behar ditugulako.
APPREHENSION MACHINE-A
Atzemateko makina zure amesgaiztoen soinu banda da. Mark Korven konpositoreak sortua, tramankulu bitxi hau helburu bakar batekin sortu zen: imajina ditzakezun soinu ikaragarri eta izugarrienak sortzea. Sokak, malgukiak eta beste objektu zorrotz batzuk konbinatuta, aparatu hau da The Witch eta The Lighthouse bezalako beldurrezko filmetan entzuten diren soinu-efektuen iturria. Hau lutheria esperimentalaren adibide argietako bat da, hots eta teknika bat baino gehiago egin dezaketen tramankuluak egitea. Bilbon ere gure luthier esperimentala daukagu: Tuni Panea. Bere lantegia bisitatu instrumentu bakar bezain eroak ezagutu eta jotzeko.