Xabin Fernandez Zubeldia (Legorreta, 1985) berriemaile, erredaktore eta aurkezle lanetan ibilia da Euskal Telebistan. Gaztea irratiko Dida irratsaioako aurkezleetako bat izan zen. Azkenaldian, baina, aktore eta gidoilari lanetan ere ikusi izan dugu. 2023an Kanpora sartzen antzezlana sortu zuen Intza Alkain aktorearekin batera, Aitziber Garmendia zuzendari zela. Fernandez bera da obraren sortzaile, gidoilari eta protagonistetako bat. Ssentimendu gordinenen eta umorearen arteko oreka bilatzen duen lehen pertsonan idatzitako istorioa da. 2013an, Xabinek seropositiboa zela jakin zuen, eta birusaren etorrerak Xabinen eguneroko bizitzan nola eragin duen antzezten dute aipatu obran. Orain arte euskaraz antzeztu badute ere, urtarriletik aurrera lan bera gazteleraz taularatuko dute: Salgamos de aquí izenburupean. Maiatzean, bestalde, Famiglia izeneko obra estreinatuko du Legorretakoak.
Kultur gomendioak
Abesti bat: Vivak, Esanezin eta Bihar artisten Plegu abestia. Kanpora Sartzen antzezlana idazten ari nintzela entzun nuen lehen aldiz. Orain, gure soinu banda da.
Musika talde bat: Arcade Fire. Badauka zerbait aspalditik erakartzen nauena. Bartzelonan izan ginen zuzenean ikusten eta orain arteko kontzertu bereziena izan da.
Liburu bat: Oraintxe esku artean dudana, Iñigo Antsorregiren Nire minaren etxean. Medikuek errezetatu behar luketen liburu horietako bat.
Idazle bat: Idazle, gidoilari, bertsolari bat: Nerea Ibarzabal. Bar Gloria liburuaren zati batzuk itsatsita ditut oraindik.
Antzezlan bat: Kulunkaren Forever. Magia egiten dute, hitzik erabili gabe. Negar asko egin genuen...
Telesail bat: Jaun ta jabe. Erantzun xelebrea izango da, baina hainbeste oroitzapen polit dakarzkit… Gainera, Lehendakaria Legorretakoa zen.
Aktore bat: Asier Etxeandia. El interprete ikusi nuenetik, maiteminduta nauka.