Hamar bat urte igaro dira Segurako (Gipuzkoa) Xirikara an-tzerki taldea sortu zutenetik, eta urtean behin emanaldi bat eskaini ohi diete herritarrei. Umorezko antzerkia egiten dute. Aurten, alta, obra berezi bat prestatzeko aukera izan dute eta salto “ikaragarria” eman dute beraien ibilbidean. Hain zuzen ere, herriko Hitz eta Irri. Euskaraz elkarri euskara elkartea beraiekin harremanetan jarri zen eta hitanoaren inguruko antzerki obra bat prestatzea proposatu zieten. Horretarako, euskara elkarteak diru laguntza bat eskaini zien. Hala, baiezkoa eman eta diru laguntza baliatuz Mirari Martiarena gidoilariarekin eta Idoia Uranga antzerki zuzendariarekin jarri ziren harremanetan antzerki taldekoak.
Lehen aldiz laguntza profesionala jaso dute obra baten prestaketan eta talde lan horretatik ondu dute Zopa izenburua duen antzezlana. Abenduaren 3an estreinatu zuten herrian eta bi emanaldi eskaini zituzten egun hartan. Izandako arrakasta ikusirik datorren urtarrilaren 21ean berriz ere Seguran beste emanaldi bat egingo dute eta, momentuz data finkorik ez badute ere, datozen hilabeteetan beste herri batzuetan an-tzezteko eta hitanoa zabaltzeko nahia agertu dute. Promozioan murgilduta daude.
Hitanoa eta gehienbat noka sustatu eta babesteko asmoa duen komedia herrikoi gisa deskribatu dute Zopa eta erretiro espiritual batean oinarritzen dela aurreratu dute. Segurako Sagastiberri baserrian elkartuko diren zazpi lagunek barruko itzalak argitzea izango dute helburu, edo ez. Edozer gerta bailiteke. “Ez da hain espirituala edo baketsua izango erretiroa agian”, iradoki du Idoia Uranga zuzendariak. Martiarenak idatzi eta Urangak zuzenduta, sei hilabete eman dituzte entsegu lanetan. “Ordu asko sartu ditugu elkarrekin”, adierazi du antzerki zuzendariak, alta, sortze prozesua lankorra bezain ederra izan dela adierazi du.
Laguntza profesionala
Amateurretatik hasi eta profesional mailara arteko kideek osatzen dute Xirikara antzerki taldea. Ikuslegoari barre eragin eta tarte goxo bat igarotzea da beraien helburua. Diotenez, ez baita erraza sarritan jendeari barrea ateratzea. Zazpi dira guztira taldean - bost neska eta bi mutil- eta Segura dute bizitoki denek. “Aniztasun handia dago taldekideen artean 25 urtetatik hasi eta 75 urtera arteko kideak ditugu”, azaldu du Arantxi Barandiaran Xirikara taldeko kideak. Orain arte beraiek idatzi ohi dituzte gidoiak eta zuzendari lanetan ere aritzen ziren. Euskara elkartearen bekak aukera eman die, baina, antzerki esparruan arituak eta adituak direnen lagun-tza izateko. Hori horrela, talde bezala ikaragarri irabazi eta ikasi dutela, pila bat hazi direla, azpimarratu du Barandiaranek. “Gaitasun handia du Idoiak [Uranga] gidoiei zukua ateratzeko. Asko nabaritu da bere eskua eta ikuspegia”.
Urangak azpimarratu du egun ez dela ohikoa hainbeste kideko an-tzerki taldeak izatea, are gutxiago, hikaz aritzen direnak. Horrez gain, Xirikara antzerki taldeak duen lanarekiko duten leialtasuna azpimarratu nahi izan du: “Antzerkia egiten gozatzen dutela nabari da, bilakaera handia izan dute” . Zopa zuzentzeak an-tzerkian hasi zeneko sustraiekin bat egiteko balio izan diola aitortu du. Nabarmendu du Segurako euskara elkarteak eskainitako laguntza bezalakorik gabe, talde amateurrek zail dutela aurrera ateratzea.
Hitanoaren normalizazioa
Obra honen bidez, umorea erabiliz hitanoa bultzatu eta indartzea dute xede: “Jendeak hitanoa entzutea eta hika gehiago eta hobeto hitz egitea, praktikan jartzea”. Herri txikietan mantentzen den arren, handiagoetan gutxi entzuten dela uste dute Barandiaranek eta Urangak. Hitz eta Irri. Euskaraz elkarri euskara elkartearen xedea bereziki arreta nokan jartzea zen: “Toka entzuten da mutikoen artean baina nokaren erabilerak nolabaiteko gutxiagotze tendentzia bat izan du azken urteotan, nahastu egiten dira gainera, eta arriskuan daude biak”, azaldu du Barandiaranek. Hala, nabarmendu dute orain arteko bi emanaldietara jende heldua joan dela, lehen egin bai eta egun hitanoa entzuten ere ez duena. Horregatik, antzezlanean gehiena hitanoz egiten dela nabarmentzea garrantzitsua iruditzen zaio Barandiarani. Era berean, toka eta noka noiz egin behar diren edo noiz dauden gaizki eginda azpimarratzea du xede obrak. “Hitanoaren erabileraren normalizazioan ekarpen handia egiten du”, dio Barandiaranek.
Xirikara antzerki taldeak lehen aldiz erabili du hika bere obretako batean eta antzezterakoan hikaz naturaltasunez aritzeari dagokionean, Barandiaranek azaldu du esperientzia polita izan dela eta batik bat etxean asko entzun dutenei, senideen artean toka eta noka hitz egiten dutenei ez zaiela arrotza egin. “Kuriosoa izan da taldekideekin nokaz aritzea, normalean ez dugulako egiten”.
Zopajale goitizena dute segurarrek eta izenburuak horri egin nahi izan dio keinu. Halaber, an-tzezlana aurrera doan heinean Zopa hitzak jokoa emango duela azaldu du Barandiaranek. “Oso hitz joko polita ematen digu, segurarrek zopajale goitizena izateaz gain, zopa eta poza hitzak elkarri lotuta daudela ere baliatu dugu”, gehitu dio Urangak.