Zaintza gaia pil-pilean dagoen honetan, eta lehen aldiz egingo den Greba Feminista Orokor baten atarian dator Ez dadin bizitza eten izena duen liburua. Miren Aranguren (Arre, 1981), Monika Mendiberri (Hernani, 1988) eta Ainara Santamaria (Berriatua, 1988) dira argitaratu berri duten liburuaren egileak.
Liburua enkargu bat izan bada ere, ezinegon batetik datorrela azaldu duzue aurkezpenean.
Monika Mendiberri: Pare bat arrazoi azalduko nituzke. Batetik, azken urteetan, asko hitz egiten ari da zain-tzaren inguruan eta, gainera, sektore ezberdinetatik. Orain, zainketen inguruko kongresu batean gaude eta gaia azalean geratzen ari da. Zaintzari indar politikoa atxikitzen diogu ikuspegi feminista duen bitartean, eta hemen oso gutxi hitz egiten ari da horren inguruan. Hori dela eta, uste dugu zaintzaren botere politiko hori desitxuratzeko arriskua dagoela. Beste alde batetik, Emaginetik lanean ari gara tokiko administrazioarekin, diagnostikoak, ekintza planak eta beste hainbat lan egiten. Hortik ikasitako guztia jaso nahi genuen.
Nondik edan duzue lan hau idazteko?
Ainara Santamaria: Herrietan egiten ari garen prozesu ezberdinetatik. Hastapenetan, Buruntzaldeako zain-tza diagnostikoa dugu, adibidez. Toki askotan egoten gara, orain Andoainen gabiltza baina Sakanan egon gara, Usurbilen, eta Zaldibin, besteak beste. Erakunde mailako politiko eta teknikoak egoten dira bertan, baina guretzat garrantzitsuena lehen lerro horretan dauden zaintzaileak dira, premia ezberdinak dituen jendea, emakume arrazializatuak, amak. Guzti horretatik edan dugu lan hau idazteko. Eta noski, mugimendu feministaren ahotsetik ere.
Ez dadin bizitza eten. Etenaldian gaude?
Miren Aranguren: Ideia iradokitzailea iruditzen zitzaigun etenarena. Gainera, zaintzaile askoren ahotsetatik entzun dugu bizitza etetearen ideia. Haien bizi proiektuaren etenaldi bat bezala bizi dutelako askok. Ez da zaintzak etenera eramaten zaituela, baizik eta bizi-tzaren egungo antolamendu ustel honek. Etenaldi asko daude inguruan; migratzaile edo pertsona arrazializatuek, esaterako, interna moduan daudenean, beraien bizi proiektuak eteten dituzte. Familietan zaintzen duten emakumeek zaintza trinko horiek etenaldi bezala bizi dituzte. Eta etenaldi horiek zigor sozial eta ekonomikoak, aisialdiarekin lotutakoak, parte har-tzearekin lotutakoak,,, dakartzate, besteak beste.
Zaintza hitza gora eta behera dabil bolo-bolo azkenaldian. Zuek, nola definitzen duzue zaintza?
M. M.: Zaintza nola definitzen dugun korapilo nagusietako bat da zaintzari buruz hitz egiten dugunean. Egia da lurreratzeko premia dagoela. Badaude zaintzari buruzko jarduera batzuk edo gehienak modu bidegabe batean banatzen dira. Zentzu horretan, horrela definitu dezakegu zain-tza: bizitza bizigarria izan dadin ahalbidetzen duen jarduera oro.
Zein ikuspegitik begiratzen diozue zain-tzari?
A. S.: Ezinbestekoa da gai hau ikuspegi feministatik abordatzea, bereziki, aipatutako bidegabekeria guztiak emakumeen gainean erortzen direlako. Ikuspegi feministak heldulekua ematen digu zaintza lanen feminizazioari buruz hitz egiteko, zaintza lanen familiarizazioari buruz hitz egiteko, zaintza lanen asistentziari buruz hitz egiteko... Feminismoak ikuspegi kritikoa ematen digu eta bizitza uler-tzeko beste marko bat ere bai.
M. A.: Feminismotik proposatzen duguna jendarte osoaren errotikako eraldaketa bada eta jendartea egituratzen duen bereizkeria ororen kontrako proiektu politikoa eta mugimendua izanik, zaintzetara feminismotik gerturatzeak, zaintza antolamenduaz gaindi, egun indarrean dugun gizarte eredua auzitan jartzea eskatzen du. Ez badugu feminismotik egiten, proiektua hankamotz geratzen da.
Dena aldatzeko giltza izan daitekeen bide horretan eredu publiko komunitarioaz hitz egiten duzue. Zer da hori?
M.A.: Nahasmena sor dezake “komunitario” hori erakunde publikoetatik erabiltzen den boluntarioen lana bezala ulertzen bada. Gizarte eredu indibidualistan gaude, non indibidualizaziorako joera gero eta handiagoa den. Horregatik jartzen dugu erdigunean komunitate indartsuen premia, nahiz eta jakin ez dagoela bat eta bakarra. Sarritan ez dugu administrazio publikoa interpelatzen eta kontzeptu honek horretarako aukera ematen digu. Zer nolako gobernantza eredua nahi dugu? Zer nolako zerbitzu publikoak nahi ditugu? Zer nolako estatuak? Eta administrazioak? Alegia, argi dago ez dugula oraingoa nahi.
Aurrera begirako liburua da. Zer asmo du baina?
M.M: Tresna eskuragarri eta irisgarria izatea nahi dugu, zaintzaren errealitate bidegabe hori ikusarazteko eta aurrera begira bestelako planteamenduak pentsatzen hasteko tresna bat izateko. Nahiko oinarrizkoa da, egia esan, bertan jasotzen duguna. Oinarri batzuk ematen ditugu, ez gizartean dauden zalantza eta erronkak erantzuten.