‘Fast Fatum’ (Patu azkarra) du izena Libe Goitia Artetxe idazle gaztearen (Galdakao, Bizkaia, 2001) lehenengo poesia liburuak. Batxilergoan zaletu zen irakurketara eta honek bultzatuta hasi zen barnekoak askatzeko idazten. Urrunoztarrak Gehituz literatura-lehiaketan poesia saria lortu zuen 2019an.
Zortzi atalez osatuta dago ‘Fast Fatum’. Aitzin solasa, sei kapitulu eta epilogoa. Atalak lekuen izenez markatu dituzu. Zer dela eta?
Hizkuntza aldetik soilik estetikoa izatea gainditzeko asmoz. Horrenbestez, zer da paisaia bat baino estetikoagoa? Hori dela eta egin dut bidaiaren, zeharkaldiaren edo ibilbidearen hautua. Baina ez da molde bakarra izan, bisualki ere estetikoa izatea sortu gura izan dut: kurtsiba bat, letra larri bat, kortxete artean zer bai eta zer ez… Apurtzailea eta bisuala izatea nahi nuen, begiz irakurleari liburua kokatzen laguntzeko.
Nola ekin zenion liburua den bilduma honi?
Amaieratik hasi da dena. Urte batzuk dira poesia idazten hasi nintzela eta pauso bat aurrera emateko unea ikusi nuen. Nire buruari esan nion: “Hau ezin da ezerezean geratu”. Hala, aurretik idatzita nituen lanak hartu eta sailkatzen hasi nintzen. Bizitzan lehen aldiz, ez neukan zalantzarik: zerbait egin behar nuen. Argi edukitzea ez da bizitzan askotan gertatzen den zerbait, eta aprobetxatu beharra nuen. Horrela hasi nintzen poemak antolatzen, berrirakurtzen, eta hortik jaio da Fast fatum.
Ironia kutsua dute poemek.
Irakurlea deseroso sentiaraztea nahi dut. Uste dut literatura gauza oso serio bezala hartzen duela jendeak orokorrean, baita poesia ere. Horrenbestez, ironia erabili dut probokatzeko. Poesia ez da aspergarria eta hori erakustea da asmoa.
Zer bilatu duzu bilduma hau osatzean?
Jarrera berekoia badirudi ere, irakurria eta maitatua izatea bilatzen nuen. Sasoi bakarti batetik nentorren eta autoestimu baxua nuenez indarra bilatzeko asmoarekin argitaratzeko pausoa eman nuen.
Lortu zenuen helburua betetzea?
Esango nuke autoestimuan eragin positiboa izan duela liburua argitaratzeak. Susa argitaletxekoen babesa ezinbestekoa izan da horretarako. Nigan konfiantza handia izan dute. Irizpidea duten pertsonek ona naizela eta egindakoak argia ikustea merezi duela esateak positibo eragin du nigan.
Noiztik eta nondik datorkizu idazteko sena?
Batxilergoko bigarren mailan hasi nintzen idazten. Aurretik banuen zaletasuna, baina euskara eta literatura ikasgaia jasotzearekin batera hazi zen idazteko neukan ohitura. Klase horietan jabetu nintzen idaztea egin nezakeen zerbait zela eta bizitzako beste arloetan ez bezala, ez nintzela hain kaskarra horretan. Irakurtzen hasi, gustu handia hartu eta irakurtzeak bultzatu ninduen idazteko jauzia ematera.
Eta nolatan poesia?
Poesiaren estereotipoekin identifikatuta sentitzen nintzen hasieran. Pasio askoko pertsona naiz eta misteriotsuarena egitea gustatzen zait. Ezaugarri horiekin poesia idazten duenaren estereotipoekin identifikatuta sentitzen naiz, baina, aldi berean, nire poesia ez dut egungo estereotipo horiekin lotuta ikusten. Egungo poesiaren ohiko iruditik aldentzen naizela esango nuke.
Beraz, nolakoa da zure poesia?
Probokatzailea eta ironikoa. Baina ez nuke modu bakarrean kalifikatuko. Hainbat iturritatik edaten duen poesia bat da eta ez zait axola toki baten kalifikatzen den poesia ez izatea.
Pertsonalean zer eman dizu liburua argitaratzeak?
Orain arte dezenteko gatazka sentitu dut euskal literaturarekin, poesiarekin gehienbat. Baina liburua idazteak eta Susako taldea ezagutzeak egungo panoramaren ikuspuntu berri bat erakutsi, eta begiak ireki dizkit. Orain arte nire inguruan gai bertsukoak lantzen zirela ikusten nuen genero guztietan, poesian orokorrean. Eta idazleak gizonezkoak edo helduak zirela gehienbat. Baina nire idazketa bakartitik aldentzeak eta literaturaren munduan tokia izateak mundu zabalago bat ezagutzea ekarri dit, eta hori izugarria izan da niretzat.
Zeintzuk dira zure poesiaren erreferenteak?
Erreferente hitza ez zait gehiegi gustatzen, honek pertsona idealizatzen baitu. Inspirazio iturriez hitz egitea nahiago dut. Gainera, asko ditut. Bernardo Atxaga da poesian nagusi, baita Ruper Ordorika ere, baina beste abeslari, idazle asko ditut erreferente. Adibidez, liburuko lehen poeman azaltzen diren gamer-ak ere, badira niretzako inspirazio iturri.
Beste zerbaiti ekiteko gogoz al zaude?
Ez naiz geratuko, hori badakit. Proiektu bat bukatu berri dut: proiektu pertsonala eta barne-barnekoa. Gizakiok harremanak izateko ditugun moduei buruzkoa da. Horri heltzeko niretzako oso esanguratsua izan den harreman batean oinarritu naiz. Pertsonok harreman bat dugun unean sortzen diren gaiak eta komunikatzeko formak izan dira lanaren oinarria. Barruan nuen hori ateratzea izan da helburua. Bilduma honen idazketa prozesua amaituta dago. Akaso, etorkizun batean argia ikusiko du, baina, momentuz, hor dago, niretzat gordeta. Argi dudana da literaturarekin eta poesiarekin harremanetan jarraituko dudala.