Hibai Etxebarria Gernika-Lumoko musikari eta pedagogoa da. Eibarko Musika Eskolako irakaslea da, gaur egun. Ibilbide oparoa du musika munduan gernikarrak, sei disko kaleratuta eta han eta hemen hamaika kontzertu eskainita. Aurten, esaterako, bakarlari bezala kaleratu duen seigarren diskoa aurkezten ibili izan da; bertaratutakoei Harizko Zubiak deituriko lanaren lagin bat en-tzuteko eta gozatzeko aukera emanda. Aitatasunak bete-betean harrapatuta, lasai hartu du uda Etxebarriak, emanaldiei dagokienez. Hala ere, ez da geldirik egotekoa, eta uda lan egiteko ere aprobetxatu du; hain justu, Gabonetarako disko berezi bat prestatzeko. Gaur gaurkoz, disko horren grabazio prozesuan buru-belarri sartuta dago. Bitartean, egungo euskal artisten kultur gomendioak ekarri dizkigu Etxebarriak.
Hibai Etxebarriaren kultur gomendioak
Abesti bat: Mundurat eman ninduzun. Benito Lertxundik musikatu zituen Xalbadorren hitzak kantu eder honetan. Beti atsegin izan dut kantua, baina, azkenaldian, zentzu berezi bat hartu du nire bizitzan.
Zuzeneko emanaldi bat: Su ta Gar taldeak Gernikan jo zuen kontzertua. Aitatasuna dela eta, aurten ez dut kontzertu askotara joateko aukerarik izan, baina Gernikako jaietan Su ta Gar ikusteak nerabe garaietara bueltan eraman ninduen. Urteak pasa arren, sasoian mantentzen dira eta zuzeneko ikusgarriak ematen jarraitzen dute.
Film bat: 20.000 especies de abejas izan da ikusi dudan azken filma eta oso gustuko izan dut zeinen adeitasunarekin kontatzen duen esateko erraza ez den zerbait. Gidoi ederra eta interpretazio zein zuzendaritza bikainak. Film on batek beharko lukeen guztia dauka.
Antzezlan bat: Winona eta Grace (Khea Ziater). Alex Gerediagak zuzenduta, konpainia honek zinearen eta antzerkiaren bidegurutzean arriskatzen jakin du. Gainera, antzezlan hau euskaraz ikusteko aukera ere izan genuen. Ea zerekin harritzen gaituzten hurrengoan.
Liburu bat: Su festak (Jon Urzelai). Gaur egungo musikaren eta, bereziki, jaialdien formatuaren inguruan hausnartzeko lagungarria den irakurketa da.
Kultur espazio bat: Bergarako Kartzela Zaharra. Euskal Herrian txoko asko daude lan zoragarria egiten dutenak. Guztien artean bat aukeratu beharko banuke, Bergarako gaztetxea esango nuke. Estilo ezberdinak uztartzeko gaitasuna duen espazioa da, eta irrati programa oso interesgarriak dituzte.