Zortzi urterekin sartu zen lehen aldiz Julen Leturiondo (Eibar, 2000) instrumentuez, notez eta doinuz jositako arloan. Orain, JULEN proiektu pertsonala dakar, banda batez lagunduta, eta lehen lana kalean du: lau abestiz osatutako Bihotzera Giltza EPa. Ekainaren 22an Eibarren, etxean, aurkeztu zuten “naturaltasunez” sortutako diskoa. Uda lasaia izango duela aurreratu duen arren, jaietan zein espazio txiki eta txukunetan jotzeko asmoa erakutsi du.
Lehen diskoa kalean duzu. Zenbat denbora eman duzue disko hori sortzen?
Ixilduak izeneko kantua 2020ko otsailean grabatu genuen; beraz, hasiera hortxe jartzen badugu, esan genezake hiru urte behar izan ditugula diskoa kaleratu ahal izateko.
Eibarren, etxean, aurkeztu zenen diskoa. Nola bizi izan zenuen egun hori?
Ikaragarria izan zen. Hilabeteak eman genituen guztia prestatzen; hainbeste jende, hainbeste gauza, gonbidatuak… Aste hori gogorra izan zela gogoratzen dut, oso lo gutxi egin nuen, oso gutxi jan… Baina egun zoragarri bat lortu genuela ikusi izan genuen.
Nolakoa izan da proiektuaren sortze prozesua?
Prozesu natural eta polita izan da. Hautu naturaletatik sortutako prozesu bat izan da, nire denborak errespetatuz, xehetasun guztiak mimoz lantzeko aukerarekin… Polita izan da, baina luzea egin zaidala aitortu beharra daukat.
“Nire etxeko pianoan edo gitarrarekin jotzen egongo banintz bezala aurkeztu nahi nuen lan hau”
Kolaboratzailerik egon da proiektu hau aurrera eramateko orduan?
Bai, noski. JULEN proiektua hasi zenetik, argi neukan proiektuak pertsona asko hartuko zituela bere baitan, eta disko honetan argi ikus daiteke hala izan dela. Diseinatzaileak, makillatzaileak, arte zuzendariak, musikariak, industriako profesionalak eta lagun asko egon dira. Abestiei dagokionez, normalean, letrak, armonia nagusiak eta melodiak nik egiten ditut. Kanta horiek, dena den, taldekideei helarazten dizkiedanean, beraien jakintzaren zertzeladez janzten dituzte. Itzalaren babesean kantuaren kasuan, Naia Aizpuruaren hitzak erabili nituen.
Eta nolakoa izan da elkarlana?
Askotan esaten dugun bezala, harreman nahiko horizontala izatea dugu helburu. Bilera asko egiten ditugu, komunikazioa oso garrantzitsua da guretzat eta elkarrekin egindako hori mimoz zaintzen dugu. Lan honetan, batez ere, musikariak eta arte esparruko profesionalak egon dira nirekin.
Zein da abestien mezua?
Abesti bakoitza nire bizitzako momentu konkretu batean idatzi nuen; beraien artean oso momentu desberdinak izan zirenak, gainera. Horregatik, abestien mezuak desberdinak izan arren, kanta guztiek dute JULENen bihotza aurkezteko helburua.
Grabaketa prozesua, aldiz, nolakoa izan da?
Andoni Condeneren gidaritzapean hasi genituen grabaketak, bitxikeria bezala, gure entsegu lokalean grabatu genituen diskoko hiru kantu. Bakarra grabatu genuen estudioan: Ixilduak kanta, hain zuzen ere. Gero zenbait arazo eduki genituen, baina larriena denbora kudeaketarena izan zen. Egia da, hala ere, gure esku ez zeuden gauza asko izan direla horren eragile: ikasketak, bestelako aukerak, pandemia, lana... Bestela, dena antolatuta genuen bezala irten dela esan genezake.
Lau abestietatik, zein uste duzu dela abestirik kuttunena?
Oso zaila egiten zait bat aukeratzea. Egia da denetarik entzun dudala publikoaren partetik, baina Ionosfera kantuak nire bihotzean leku berezia dauka. Zuzenekoetan ere nabarmentzen den kantu bat dela uste dut, eta horrek oso berezi bihurtzen du.
‘Bihotzera Giltza’ hitz batekin definitu beharko bazenu zein izango litzateke?
Naturaltasuna. Nire etxeko pianoan edo gitarran jotzen egongo banintz bezala aurkeztu nahi nuen honako lana.
Ba al dago abestietan sinbologiarik?
Nik idatzitako kantuen ehuneko handi batek du sinbologia. Metafora dezente erabiltzen ditut idazterakoan, eta beste batzuetan -kantuan, esaterako- termino zientifikoak hartu eta kantuetan txertatzen ditut. Horretan, materiaren aldaketa irudikatzen dut hitzetan zein soinuan: hodeien, urtu, solidotu…
Zein da, zure ustez, diskoa definitzen duen elementua?
Ura. Urak leku berezia izan du lan honetan, ez dakit zer dela eta, baina gauza askotan izan da presente diskoa sortu dugun bitartean. Eta nahiz eta oso agerikoa ez izan, lantaldearen artean bazegoen ideia hori.
Non gozatu ahalko da JULENen musikaz?
Momentuz, udara lasaia izango dut. Zenbait gauza grabatzen ibiliko naiz, eta beste lan batzuetan ere ariko naiz. Bestalde, oporrak hartzeko ere aprobetxatuko dut. Horren ostean, ikusiko dugu zer datorkigun, baina abuztua polita izango da. Jai batzuetan jotzea gustatuko litzaidake, baina espazio txiki eta txukunetan jotzea da gehien gustatzen zaidana; beraz, ekimen polit eta txikitxo baten jotzeko prest egongo nintzake.