Azken arnasa non egingo duen tematurik dago Arantxa Urretabizkaiaren (Donostia, 1947) eleberriko protagonista; azken etxearen bila, alegia. Azken Etxea (Pamiela, 2022) lana kaleratu zuen 2022ko apirilean,eta urtebete beranduago 111 Akademia sariaren irabazle izendatu dute. Bozketa bidez hautatzen dute irakurleek, hiru txandatan. Azken fasera Anjel Lertxundiren Desertuan Behatxuloa (Alberdania, 2022) lanarekin ailegatu zen.
Lehenik eta behin, zorionak! Euskarazko idazketaren alorrean ematen diren sarietan baten bat falta ote zaizu?
Beno, baten bat berandu iritsi da, oso. Euskadi Saria irabazi nahi nuen, eta hura ere irabazi nuen, espero baino beranduago, baina bai.
111 Akademiak ematen duen saria jaso duzu. Kasu honetan, sari berezia da, epaimahaia irakurleek osatzen baitute, ezta?
Sari guztiak dira bereziak. Honen berezitasuna da bereziki hunkigarria dela irakurleek ematen dutela. Gure irakurleak dira, eta behin baino gehiagotan esan dut hau, baina hala sinistuta nago, gure literaturari gertatu zaion gauzarik hoberena da. Gure belaunaldikoak hasi ginenean ez genuen apenas irakurlerik.
Hain justu, saria jasotzeko ekitaldian irakurleei eskaini zenien saria, eta, era berean, irakurle-taldeen inguruko azterketa behar dela azpimarratu zenuen.
Behin eta berriz aipatzen dut eta botatzen dut hazia han-hemenka ea noizbait loratzen den. Norbaitek egin behar du lan hori. Nik ezin dut, nahikoa lan badut jada. Baina, agian, baten batek egin dezake, nik uste dut merezi duela. Ez dakigu zenbat irakurle-talde dauden, non dauden ere, ez daude haien artean saretuak, ez dakigu zer metodologia erabiltzen duten eta zein baztertu… “Hau egiten genuen hasieran eta hau egiten dugu orain”. Ez dakigu ezer, eta nire ustetan, hutsune erraldoia da hori.
“Gure irakurleak dira gure literaturari gertatu zaion gauzarik hoberena; hala sinistuta nago”
Azken etxea aurkeztu zenuenean aipatu zenuen, normalean lan bat bukatu eta berehala ekiten diozula beste bati. Aldiz, Bidean ikasia amaitu zenuenean, zeri heldu ez zenekiela egon zinen. Nola sentitu zinen orduan?
Pixka bat galduta. Normalean izaten dut ideiaren bat hari bat hortik tira egiteko. Egia da tira eginda ikusten duzu haria ez dela uste duzun bezain luzea. Baita tira, behintzat, euskarri bat daukazu.
Baina bestetik, esan daiteke adinean sartu nintzela Azken etxea liburuaren ideia atera zenerako. Horrek beste zalantza bat planteatzen zidan: gelditu egingo naiz egin dudan honetan edo idazten jarraitu. Nik jarraitu nahi nuen. Noizean behin baten batek aitortzen du: “Zu izan zinen lehendabiziko emakumea egin zuena hau edo beste. Ibilbide bat daukazu”. Baina nik ez nuen ibilbidea bukatutzat eman nahi. Jarraitzeko gogoz nintzen eta azkenean lortu nuen segitzeko behar nuen ideia hori.
Eta nondik heldu zitzaizun ideia hori?
Mirariz edo iritsi zen. Lagun batekin berriketan ari ginela, galdetu egin nion elkarren beste lagun bati buruz. Honela esan zidan: “Ui, oso liatuta dabil. Azken etxearen bila ari da”. Eta plast! Hortxe piztu zitzaidan, berehala, eta horri ekin nion. Gero kontua ez da bakarrik zer kontatu, nola kontatu ere hor dago. Garrantzia handia dauka. Izan ere, istorio gehienak kontatuak izan dira modu batean edo bestean. Hor dago gakoa, nola kontatu. Modu batez heldu nion, baina gero pandemia etorri zen. Bolada batean ez nuen ezer ere idatzi. Momentu batetik aurrera esan nuen: “Ea, zer dut nik hemen?”. Ikusi nuen ez nuela horrela egin nahi, lehen pertsonan kontatua zegoen, adibidez, eta hori ordurako beste lan batzuetan egina neukan. Zerbait desberdina egin nahi nuen.
Hala egin ohi dute artista askok ere: beste ekarpen bat egin lan berriarekin batera. Zure kasuan ba al da ekarpen edo berrikuntzarik?
Estiloaren aldetik argi neukan bi gauza egin nahi nituela: lehena, ez zela elkarrizketarik egongo, hau da, zeharka kontatuko ziren eta ez marratxoa jarrita; eta bigarrena, nahi nuela kontatu zerbait irakurleak irakurri ahala gertatzen ari zena. Presente osoa. Tarteka flashbacken bat agertzen da baina momentuan gertatzen zen istorio bat egin nahi nuen. Hor euskarak zailtasunak ditu presentean, beti izan baitezake iragan kutsu bat. Horiek ziren nire bi erronkak, jakinda nik egiten nuen orainaldiaren erabilera ez zela oso ortodoxoa, baina hala ere pentsatzen nuen irakurleak konbentzio hori ulertuko zuela. Eta begira, hor asmatu nuen. Herriz herri, irakurle-talde pila batekin egon naiz, eta ez dit inork esan traba egin dionik ez-ortodoxia honek.
“Istorio gehienak kontatuak izan dira modu batean edo bestean; hori nola kontatu da garrantzitsua”
Lur argitaletxean aritu zinen aspaldi. Garai haietan literatura gizonen mundua zen, emakume bakanetakoa izango zinen. Zer oroitzapen duzu?
Oso gaizki ohitu ninduten. Nik ez nuen ezberdintasunik nabaritu emakumea nintzelako, gerora sumatu ditut. Momentuan izango nintzen, ziurrenik, gauza askotan ezjakinena. Han baziren Ibon Sarasola, Gabriel Aresti eta gure hizkuntzalaritzako pertsona seinalatuak. Nik ez nekien ezer, euskalduna nintzen, apenas alfabetatutakoa, eta gauza askoren inguruan ez nekien ezer. Baina banintzen literaturzalea. Biltegian baneukan uste askotan irakurritako literatura. Eta egia da ez nuela irudipenik ezer arraroa egiten ari nintzenik. Nik txikitatik irakurri dut asko, gehiegi nire amaren ustez. Batzuetan ezkutatu ere egin behar izan dut, gure amak uste zuelako gehiegi irakurtzea ez zela ona eta bistari kalte egingo ziola. Baina nik irakurtzen nituen liburuak sarritan emakumeek idatzitakoak ziren. Eta aldi berean ez nekien ze emakume gutxi egon ziren euskal literaturan, zer ekarpen egin zituzten…
Adibidez, Zergatik panpox idazterakoan jabetu izan banintz lehenengoa izan nintzela emakume protagonista bat egiten, ahalduntzeaz hitz egiten eta kontu horiek, ez nukeen egingo seguru asko. Esango nukeen: “Ui, ze zaila”. Baina ez zitzaidan burutik pasa. Emakume asko egon dira historian, beharbada, gurean gutxi, baina, eta gizonak ere emakumeak baino gehiago baina gutxi hauek ere bai. Nire buruan ez zen hain arraroa, ez nintzen ilargira heltzen zen lehen emakumea. Niretzat liburu bat idazten zuen emakume bat nintzen, nire irudimenean behintzat, gauza arrunta zen.
Baina Zergatik panpox liburuak bide bat ireki zuen euskal literaturan. Ordutik hona igaro dira hamarkada batzuk, nola ikusten duzu panorama gaur egun?
Gure belaunaldikoak kobazuloetatik gatoz. Guk ez genuen ezer, ez genuen hizkuntza-eredu adostu bat ere. Baina orain, ez dakit euskal literaturaren urrezko aroa ote den, zeren urrezko aroa eta gero ez da beste ezer gehiago gelditzen. Baina seguru nago gure historia osoan literaturak ez duela izan orain duen aberastasunik.
Eta herrenik ikusten al diozu?
Nik ez diot nire buruari esaten: “Zer ez da egin? Hori egingo dut”. Hori ez da nire jokatzeko modua. Baina mugak horretarako daude. Gainera, argi dago literaturak gaurko gizartean, orokorrean, ez bakarrik gure komunitate txikian, ez duela zentraltasunik. Istorioak kontatzeko bide berriak gailendu dira: ikus entzunezkoak, hau da, telebista eta zinema. Literatura da gutxiri asko interesatzen zaigun zerbait, baina jende askori gutxi interesatzen zaiona.
“Argi neukan liburuan ez zela elkarrizketarik egongo, eta momentuan gertatzen zen istorio bat egingo nuela”
Ez diozu zeure buruari hutsuneak betetzeko erronkarik jartzen. Egin dituzu, ordea: haur eta gazte literatura, narratiba, saiakera, poesia eta baita gidoiak ere. Ba al duzu oraindik ere arantzaren bat kentzeko?
Ez dakit. Oraintxe ari naiz pentsatzen zeri heldu. Momentu honetan lan profesional garrantzitsu bat daukat eskuartean, eta ez dit denborarik ematen askorako. Zeren, klaro, gauza jakina daidazleon artean, euskaraz idazten dugunon artean, behintzat, bakarren bat biziko da idaztetik. Beste guztiok beste lanbide bat daukagu. Literaturak ez dizu ematen bizitzeko adina, muturreko salbuespen batzuk aparte utzita. Nik behintzat, eta beste artista asko ere antzera arituko direla pentsatzen dut, bizitzak uzten dizkidan zirrikituetan idazten dut. Lan egin behar duzu bizitza aurrera eramateko, eta nik ez dut imajinatzen nire burua zazpi egunez, goizetik gauera lan eta lan aritzen. Beste gauza batzuk egitea ere gustatzen zait. Eta sormena idazteko denborarik ez daukat. Horregatik pasatzen dira urteak nire liburu baten eta bestearen artean. Horrek alde txarra du, baina ona ere bai: askatasuna. Nola bizibidea ez datorren hortik, ni libre sentitzen naiz loturarik gabe idazteko. Askotan esan dut: nire liburua ez bada ona, nire autoestimuak sufrituko du, baina nire kontu korronteak ez.
Bukatzeko, pentsatu al duzu inoiz zure azken arnasa egiteko zein nahi zenukeen izatea zure azken etxe hori?
Ez. Nahi nuke azken arnas hori eman, oraindik ere nire buruaren jabe naizenean, nire erabakiak nik hartzen ditudala ez dituztela beste batzuk hartzen, nire onerako badira ere. Tokia ez zait hainbeste axola. Niri gaixotasunak eta minak ez dit hainbeste beldurrik ematen. Beldurra ematen dit nire buruaren kontrola galtzeak.