Suabe, Ibil Bedi taldearen musikak transmititzen duen erritmo lasaian, doa aurrera musika taldea. 2018an elkartu ziren estreinakoz Amets Aranguren (ahotsa, teklatua, gitarra); Eder Escalera (bateria); Ibai Osinaga (ahotsa, gitarra, bonbardino); Areta Senosiain (biolina, teklatua, ahotsa) eta Javier Larrañeta (baxua, koroak). Ordutik, ibilian-ibilian, aurrera egin dute kantuak sortuz eta plazak pop doinuekin blaituz. 2019an kaleratu zuten lehen diskoa: Berandu Baino Garaiz. Garai sasi pandemikoan ondu zuten, berriz, Beltxarga Beltza (2021). Goldea-rekin bueltan datoz oholtzara. Amets Aranguren (Iruñea, 1998) mintzatu da taldearen izenean. Dioenez, taldea inoiz baino taldeago ageri da hamar abestiz osaturiko kantu bilduman.
‘Goldea’ du izenburua diskoak. Definizioz, lurra iraultzeko erabiltzen den nekazal tresna da goldea. Zuenean, kultur industriaren metafora gisa baliatu duzue. Zein lotura egin duzue diskoaren izenburua finkatzeko?
Askotan ematen du disko baten azalaren izenaren azpian dauden geruza guztiak direla zerbait oso pentsatua, kontzeptu horrek biltzen duela dena. Gurean izan da: “Diskoari izen bat jarri behar zaio”. Gerora heldu da gogoeta. Lortu dugu kantu bilduma bat izatea, hamar kantukoa, eta gero pentsatu dugu: “Zerk ematen ahal dio honi batasun bat?”. Aretak aurkitu zuen bere apunteetan, Golde laminaren teoria. Teoria horren arabera golde laminak balio du lurra iraultzeko, eta jada balio ez duten sustraiak erauzi eta lurra indarberritzeko. Gure kulturari begiratzeko modua hori da. Ahaztu gabe zein den gure lurra, baina beldurrik gabe. Belar batzuek ez badute funtzionatzen, hor uzteak ez du zentzurik.
Identifikatu duzue alboratu beharreko sustrairik?
Aurreko diskoekin konparatuta egon daitekeen aldaketa handiena, edo alde batera utzi dugun hori, inozentzia izan da. Aurreko bi diskoak oso gardenak dira, oso biluziak, oso garbiak. Kasu honetan, kantu guztiei buelta dezente eman nahi izan dizkiogu. Nahiz eta hasierako ideiarekin pozik egon, gehiago lantzen tematu gara. Nik hor irudikatzen dut goldea bueltaka. Gauza batzuk badoaz, beste batzuk bueltan daude berriz, nahastu egiten dira… Nahiz eta ez den erabaki kontziente bat izan. Modu naturalean ikusi dugu zer doan gurekin eta zer ez. Taldea heldu denaren sintoma da hori. Goldearekin egin ditzakegun mugimenduak nahiko erritmo parekoan doaz eta ondo moldatzen gara.
“Nik neuk ere ez nekien zenbaterainoko lana zen kontzertu bat egitea. Niretzat, musikaria ez da bakarrik oholtzara igo eta musika egiten duena”
Diskoak funtziona dezan zein izan da gakoa prozesuan?
Ez dugu batere presarik izan. Kantu guztiei utzi diegu denbora pila bat. Are gehiago, denbora pasata, berriz hartu ditugu batzuk. Buelta asko eman dizkiogu. Ez diogu inoiz uko egin jolasari, probatzeari. Taldean proposatzen den dena probatzen da. Gainera, disko honetan kanpoko laguntza asko jaso dugu.
Zer nola etorri da kanpo begirada?
Lagun asko etorri dira Irunberriko entsegu lokalera entzutera eta haien proposamenak egitera. Eta, horrez gain, entsegu ireki bat ere egin genuen Iruñeko LABAn iritziak jasotzeko. Oso aberasgarria izan da.
Hasieratik erabakita zenuten kolektibotasun kutsua eman nahi zeniotela prozesuari?
Ez. Areta eta biok LABAko programazio lan taldeko kide gara eta hortik sortu zen musikarekin lotutako zerbait egiteko aukera. Esperimentu bat izan zen, probatzea. Ez zen hasieratik pentsatutako zerbait, baina hor jaso genuena ikusita erabaki genuen beste pertsona batzuen ekarpena ere jasotzea.
‘Beltxarga Beltza’ diskoa sortzean,esan zenuten kantuak sortu ahala eta horiek bilduta hasi zinetela diskoa aterako zela ikusten. Oraingoan, hala izan da edo diskoa sortzeko nahitik abiatu da sorkuntza?
Prozesua ez da izan disko bat, disko horren bira eta disko berria. Denak nahastu dira pixka bat eta aurreko bira egiten ari ginela disko honetan dauden kantu batzuk jada existitzen ziren. Diskoko bigarren kantua, Armairuarena, lehen aldiz, iazko urtarrilean grabatu genuen.
Oraingoan ere, aurrekoetan bezala autoekoizpenaren alde egin duzue, Ibai Osinaga taldekideak duen etxeko estudioan grabatu duzue. Apustu bat da autoekoizpena?
Kasu honetan, Ibaik etxeko sotoan badu estudio moduko bat, gure entsegu gela ere badena. Alde batetik, berak hartzen du lanik handiena: berak grabatzen du, masterizatu, nahastu… Eider Rodriguezen kantua salbu; hori beste lagun batek, Asier Renteriak, egin baitu. Beraz, badugu izugarrizko konfiantza gauzak askotan errepikatzeko, ordutegi aldetik ez dago mugarik. Alde ona da malgutasuna. Baina, era berean, Ibairentzat izugarrizko lana da eta beste edozein estudiotan muga gehiago izango genituzke. Konfiantzak laguntzen du malgutasun horrekin, baina akaso prozesua luzatu eta atzeratzeko arriskua erebadago. Ibairentzat ere zaila da muga jartzea. Alde ona ere bada dena geratzen dela etxean: dena kontrolatzen dugu eta erabaki guztiak gureak dira.
Izan ere, banaketa eta promozioa ere zuek kudeatzen duzue.
Hori ere erabaki kontziente bat da. Gustatzen zaigu gu izatea harremana egiten dutenak, baldintzak jartzen dituztenak… hori dena modu gardenean egitea gustatzen zaigu eta inoren menpe ez egotea. Hau ere posible izan da ahal dugulako. Lan handia da eta tartekatzen ibili gara. Nik dedikatu diot denbora dezente orain arte alde horri, orain Areta dabil gehiago. Oraingoz oreka mantentzen ari gara, baina pertsona bakarraren gain eror daiteke zama guztia. Nik neuk ere ez nekien zenbaterainoko lana zen kontzertu bat egitea. Niretzat, musikaria ez da bakarrik oholtzara igo eta musika egiten duena.
Kantuen izenburuetan ere deigarria da denek dutela atzizki bera: ‘-rena’. Zergatik jolas hori?
Kantuak egin eta gero kantuei izen bat jarri behar zaie eta jendeak normalean izenekin aipatuko ditu kantuak. Nahiko zaila egiten zait izenak pentsatzea, eta nahiko erraza izen itsusiak jartzea kantuei. Hortik aldendu nahi nuen, baina deus arrarorik egin gabe. Aipatutako -rena atzizkiak ematen zidan aukera kantu guztiak berdintzeko, kantu bat ez dadin izan bestea baino gehiago. Egin nuen ariketa honakoa izan zen: kantu guztietako letrak hartu eta letra horretan zegoen hitz bat bilatu, zeina gustuko nuena eta jendearentzat kantuak erlazionatzea erraza izango zena. Hortik heldu ziren guztiak, azken bi kantuak izan ezik: Litekeenarena eta Zitekeenarena.
“Aurkezpen kontzertuena ikaragarria izan da, oso hunkigarria. Flipatu egiten dut: Kafe Antzokira joan, eta bat-batean 600 pertsona bertan”
Zer gertatu da azken horiekin?
Hitz horiek ez dira agertzen kantu horietan. Bi kantu horiek hasieran bakarra ziren: azkena, hain zuzen: Litekeenarena. Kantu horrekin oso pozik geratu ginen, baina nolabait bi esaldi besterik ez ziren. Honetan eragina izan zuen LABAko entsegu irekiak. Nik aipatu nuen kantua berez irudi baten deskribapena dela, baina bi esaldi besterik ez daudela kantuan; ondorioz, letraren zati handi bat desagertu egiten da. LABAn lagun batek aipatu zuen falta den letra partea entzuteko gogoz geratu zela. Niri ere pena ematen zidan osorik ez agertzeak. Erabaki genuen kantu berri bat egitea letra guztiarekin eta, era berean, bestea mantentzea. Elkarrekin doaz, kantu bat direlako berez, bitan banatuta. Lehenengoak zuri beltzezko irudi bat deskribatzen du; Zitekeenarena, dagoeneko izan ezin daitekeena, pasa dena. Bigarrenak, aldiz, esperantza ukitua du. Koloretan ikusten dut nik hau, horregatik hipotetikoaren puntua.
Bestalde, letrak sortzen ere ibili zara zu zeu, zer nolako kontuei buruz abesten duzue?
Kasu honetan letra baten kolaborazio bat dago, Eider Rodriguezena. Gainerakoak Ibaik ala nik sortuak dira. Bizitza normalean gertatzen diren gauzak idazten ditugu, modu pixka bat poetikoagoan. Abiapuntua da hausnarketa bat, egoera bat, irudi bat… Eta horri kantu forma ematen diogu.
“Badakit oso orokortuta dagoela iluntasuna tristurarekin lotzearen ideia, baina, egia esan, niretzat ez da disko triste bat; bat ere ez”
Orain arte egindako lanekin alderatuta, ukitu elektronikoagoak ditu ‘Goldea’ diskoak, eta baita estilo musikal ugariagoak…
Dena da geruza kontua. Disko honetako kantu asko ere geruzak kentzen hasiko bagina nahiko garden geratuko lirateke. Disko hau gris iluna da; ez hain inuzentea, ez hain garbia. Kantu gehienek dituzte detaile asko. Ez gara joan disko ilunago bat egitera, baina argazki orokorra ilunagoa da.
Iluntasuna tristurarekin lotu daiteke?
Badakit oso orokortua dagoela, baina ez dut horrela bizi. Egia esan, niretzat ez da disko triste bat, bat ere ez.
Aurkezpen kontzertuak eginda dituzue dagoeneko. Zelan joan dira?
Ikaragarria izan da, oso hunkigarria. Pozik geratu gara egin dugun lanarekin, eta hortik abiatzen ginen. Egin genuen apustu bat disko honekin kontzertuak har zedin ikuskizun itxura. Eta, horrez gain, guretzat nahiko handiak diren hiru aretotan aurkeztekoa: Iruñeko musika eskolan, Intxaurrondoko kultur etxean eta Bilboko Kafe Antzokian. Lehenengo biak eserita izan ziren, hirugarrena ez. Egia esan nik flipatzen dut: Nortzuk dira pertsona horiek? Ez dakit nortzuk diren. Kafe Antzokira joan eta bat-batean 600 pertsona. Ez dut ulertzen. Eta, flipatzen dut are gehiago, kantuan hasi eta jendeak kantuak dakizkienean.