Ilaski Serrano (Bermeo, 1976) kazetaria, irrati esataria eta telebista aurkezlea da. Kazetaritzan eta Antropologian lizentziatua da eta 1997an, Euskadi Gaztea irratian hasi zen lanean. Gerora, irratiko lana telebistarekin uztartu zuen, haurrei zuzendutako saioak zein entretenimendua eginez. ETB1eko ‘Mihiluze’ lehiaketa izan zen haren lanik ezagunena, zazpi urtez aritu zen aurkezle gisa Kike Amonarrizekin batera. Horrez gain, gaurkotasunari eta kulturari lotutako saioetan ere aritu izan da kazetari bermeotarra; ETB1eko ‘Airean’, ‘Azpimarra’, ‘Ahoz aho’ zein ‘Berben lapikoa’, besteak beste. Euskal Telebistako aurpegi ezagunenetako bat da Serrano. Egun, ‘Mihiluze’ lehiaketaren bigarren etapa aurkezten du Antton Telleriarekin batera.

  • Abesti bat: Olaia Inziarteren ‘Gereziak’
  • Musika talde bat: Gari & Maldanbera
  • Liburu bat: Poesia asko irakurtzen dut eta euskal emakume idazleen proposamenak asko gozatzen ditut. Castillo Suarezen ‘Irautera’, adibidez. Eider Rodriguez, Karmele Jaio eta Harkaitz Cano ere ezin dira inoiz falta. Ipuin liburuak maite ditut, Uxue Apaolazaren ‘Bihurguneko nasa’, esaterako. Bestelako estilo batean oraintsu saritu duten Jon Benitoren ‘Lagun minak’ ere oso ederra izan da. Atxaga zalea naiz, iberoamerikako literatura, biografiak, saiakerak… Nire biziorik handiena dira liburuak, zalantza barik
  • Antzezlan bat: ‘Soinujolearen semea’. Liburutik oholtza gainerako moldaketa gustatu zitzaidan
  • Film bat: Pelikula txiki-handiak gustatzen zaizkit, pentsarazten didatenak. ‘20.000 especies de abejas’ ikusi berri dut zineman eta asko gozatuta! Pelikula argentinarren oso fana ere banaiz, eta Ricardo Darinekin bada, askoz hobeto!
  • Kultur espazio bat: Bilboko Kafe Antzokia