Bertatik idazten dut, 1990ean jaio nintzen. Hor noraezean, 90eko uzta / Esnatu gaitu espaloi bustien usainak / Gure ahotan txikleen lehen segunduak / Ametsen suak erretzen dizkigu erraiak / Zer gera pantailak itzalita? / Nostalgian galdutako arimak / (E)ta trena hartzen ez dugunean / Orduan, aske izango gara / Hor noraezean, 90eko uzta // Kotxe barruan, ea kanta noiz amaitzen dan / Ta gurasoak hauskorrak direla ikustean / Konturatzea, jada umeak ez garela / Zalantzak estututa, nostalgia kronikoa / Maite dugun jendea maitatzeko denbora // Zer gera… // Produktibitatea, infoxikazioa / Galdutako aukerak, guretzat presioa / Dena ihesi doa, ta zahartzen ari gera / Agian ez gara hain bereziak // Zer gera…
Donostiako San Telmo museoan dagoen 90 berriak erakusketa ikustean berriki irakurri duzun Merina Gris taldearen 90 abestia burura etorri zait. 90eko hamarkada eta nostalgia kronikoa. Erakusketa hau aitzakiatzat hartuta Remak artistarekin elkartu naiz bertan. Betidanik Nieto Sobejano arkitektura-estudioak San Telmo museoan eginiko eraberritzea interesgarria iruditu izan zait.
Esku-hartzea museoa dagoen komentu zaharrean oinarritu zen, eta hainbat etapatan egin zen. Lehenengo etapa lehendik zeuden instalazioak berritzea izan zen, fatxadak zaharberritzea, sabaiak berritzea eta argiztapen- eta klimatizazio-sistemak hobetzea barne. Esku-hartzearen bigarren etapa museoa handitzea izan zen, komentuaren atzealdean eraikin berri bat eraikita. Eraikin honek fatxada modernoa eta minimalista du, komentuaren fatxada historikoarekin kontrastea egiten duena, eta erakusketa-areto berriak, liburutegia eta auditorioa ditu. Elementu interesgarriak izan arren, batzuk ez dira oso funtzionalak edo erakusketa bisitatzean hori iruditu zait.
Oro har, Nieto Sobejanok San Telmo museoaren instalazioak eguneratzea eta modernizatzea lortu du, eta, aldi berean, jatorrizko eraikinaren garrantzi historikoa errespetatu eta nabarmendu du. Eraikin berria ikuspegi garaikide eta funtzional batekin diseinatu zen, Donostiako kultur hiri testuinguruan guztiz integratzeko prozesua abian jarriz.
Egun, Nekane Arambururen 90 berriak erakusketa 80ko hamarkadaren azken urteetan, 90eko hamarkadan eta milurteko berriaren hasieran lan egin zuten hainbat kolektibo artistikotara egindako hurbilketa da. Garaiko beren energiak konpromiso sozial, politiko, intelektual, feminista eta ekologistetatik abiatuta ikuspegi alternatibo, periferiko eta mugaz gaindikoekin batu zituzten kolektibo horiei aitortza egiten die. Kultura-ekosistema hura zaintzen eta transmititzen laguntzeko nahia omen du erakusketak. Garai horretako arte eraikin esanguratsuak berreskuratzen eta azaleratzen dira. El Gallinero, Zelai Azpi, Zapatari, Arteleku, La Fiambrera, Las Chamas edo Consonni. Arkitektura hauek memoriatik kanpo gelditzeko dauden honetan, erakusketa bere baitan nostalgia ariketa bat iruditu zait. Eta ariketa oso sinplista. Egia da garaiko kolektiboak egin zuena balioan jartzen duela, baina aldi berean gutxi hitz egiten du zerk ekarri zuen horren amaiera.
Baliteke 90eko hamarkadatik aurrera egin diren arkitektura politikek eta bereziki museoek, aurretik aipatutako eraikin esanguratsuen desagerpenean lagundu izatea. Berez museoen helburua kultur eta arte ondarea gizarte osora iristea eta zabaltzea sustatzea da, horretara bideratutako kultur erakundeak dira. Motor ekonomiko eta kultural garrantzitsua izan daitezke hirientzat, turismoa erakarriz eta hezkuntza eta garapen soziala sustatuz. Gainera, definizioz komunitatearentzat interes komuna duten gaiei buruzko hausnarketa eta elkarrizketarako gunea izan beharko lirateke, eta horrek gizarte-kohesioa eta kultura-nortasuna indartzen lagun dezake. Eta praktikan bestelako funtzio batzuk jorratu dituzte. Gure hirietan gentrifikazio prozesuak gertatu dira, eta gertatzen ari dira. Horietan museoek eta beste kultura-erakunde batzuek biztanle batzuk kanporatzen laguntzen dute, etxebizitzaren prezioen igoeraren eta higiezinen espekulazioaren ondorioz. Donostiako Rekalde tabernaren itxiera horren adibide dugu, edo alokairu duin bat lortzeko zailtasunak.
“Museoek hirietako homogeneizazio-prozesu erraldoietan laguntzen dute eta horrek espazioei eragiten die”
Museoak sorreratik dira memoria lantzeko eta errelato bat kontatzeko leku fisiko bat. Bilboko Guggenheim museoa izan da Euskal Herriak azken urteetan jasan duen aldaketarik handiena (feat Joseba Zulaika). Euskal Herriaren irudia aldatzeaz gain, museoei eman zaien garrantzia eta funtzioa ere aldatu ditu. Museoek hirietako homogeneizazio-prozesu erraldoietan laguntzen dute eta horrek espazioei eragiten die, ondorioz, gure bizitzei eta memoriari ere bai. Eta eskala txiki batean ere San Telmo museo eraberrituak paper hori bete du. Gertatu diren gauzen inguruan “hiraeth” gutxiago behar ditugu, eta kritika eraikitzaile gehiago. Nostalgiari nostalgia eta ahanzturari ahanztura. Nostalgiari nostalgia? (feat Ibil Bedi).