Bidean aurrera joan ahala eraikitzen da askotan emaitza; aurre zehaztasun handirik gabe, intuizioz ala senari jarraiki aurrera eginez. Molde horretan jardungo dira '#Badon' proiektua hezurmamitu eta osatuko duten gorputz guztiak. Prozesu sortzailea zentroan jarrita, proiektu kolektibo, multidiziplinarra eta feminista ondu nahi dute sustatzaileek, euskal kulturaren genealogia eta honen eten posiblea arakatuz. Prozesua ez ezik, emanaldi bat taularatzea ere da asmoa. '#Badon'-ek irabazi du AEK-k eta Korrikak antolatu duten kultur sorkuntzarako beka; eta proiektuaren adarretako bat, ikuskizuna, Korrika Kulturalaren egitarauaren barruan aurkeztuko dute 2023ko azarotik 2024ko apirilera. Olatz Salvador (Donostia, 1990) eta Ines Osinaga (Arrasate, 1982) musikariak mintzatu dira proiektuaren izenean. Garbi utzi dute biek ala biek sare handi baten ordezkari baino ez direla.

'#Badon' proiektua gorpuzten ari zarete, eta Korrika Kulturalaren beka jaso berri duzue 13 proiekturen artean. Nola jaso duzue saria?

Olatz Salvador: Aitortza handi bat bezala. Aldi berean, sariketa honen prentsaurrekoan aurkeztu genuen gure inguruko gorputz ezberdinen artean sortutako bideo bat. Hori izan da esateko modu bat sare handi bat garela eta guk aurkeztu genuen arren ez garela gu biok bakarrik eta jende asko egongo dela honen atzean. Kolektibotasun hori oso presente daukagu.

Ines Osinaga: Pozik hartu dugu. Ilusioarekin, baina baita ardurarekin ere. Eta ari gara pentsatzen nola gauzatu Olatzek aipatu duen kolektibotasun hori. '#Badon' sortu da proiektu kolektibo bezala, eta proiektu honek bi ildo nagusi dauzka: bata da Korrika Kulturalean aurkeztuko den emanaldia sortzea eta gorpuztea; eta, bestea, horra bidean egiten dugun prozesu guztia. Bada proiektu bat kuestionatzen duena genealogia kulturala, gauzak egiteko moduak eta sorkuntza.

Proiektuaren gakoetako bat da; hain zuzen, kolektibotasuna. Kolektiboa nola egin horretan, zein tresna baliatuko dituzue proiektu kolektibo bat sortzeko?

I.O.: Hori da, hitza da tresnak. Gure nahia kolektiboa izatetik benetan kolektibotasunera nola heldu ari gara pentsatzen eta diseinatzen zeintzuk izango diren tresnak hori gauzatzeko. Horretarako gaude lanean Tipi-rekin. Beraiekin batera ari gara diseinatzen prozesu honetan nola jasoko ditugun input-ak, zein espazio jarriko ditugun kolektibizatzeko... Momentuz, aurkeztu duguna izan da badon.eus webgunea. Bertan badaude sinopsia, gure manifestua eta gure oinarria, zoru etikoa, azaltzen dituzten hitz batzuk. Eta gainera, badago dei bat saretzera baita ere.

O.S.: Lehenengo leihoa irekita daukagu, eta bertan sartzen den edozein pertsonak badauka parte hartzeko aukera. Hori da aurreneko pausoa. Gero, tresna ezberdinen bitartez, bitartekaritza baten bitartez, joango gara pentsatzen nola sortu engranaje hori eta nola egituratu.

I.O.: Hala da. Egin duguna da beste erreferentzia batzuk ikusi nola egiten dituzten eta ekarri beste esparru batera non agian ez gauden ohituta horrelako tresnak erabiltzera; sorkuntza. Tresna hauek erabili ditugu euskal kulturaren iruditegia errebisatzeko. Ateratzen ditugun loturekin saiatuko gara hori eramaten hizkuntza eszenikora.

Kolektiboa da oinarrietako bat. Bigarren ardatza da diziplinartekotasuna.

O.S.: Ez da bakarrik diziplina bat jorratuko eta parte hartzeko modu ezberdinak egongo dira eta diziplinartekotasun horri eta prozesuari berari garrantzia emanda.

I.O.: Gakoa hori da. Parte hartzeko izango dira modu ezberdinak, alegia, arte espresa bide ezberdinak eta egoteko eta inplikatzeko modu ezberdinak. Egongo dira gorputzak zeintzuk sorkuntzan gehiago egongo diren, beste batzuk taularatzen, beste batzuk prozesuaren kritikotasunean eta eztabaidan... denontzat izango da lekua hemen, izartxo guztientzat.

Ahots eta gorputz ezberdinen parte hartzea aipatzen ari zarete, hain zuzen, zentroan egoten ez direnak edo ertzetakoak. Irizpiderik markatu duzue?

I.O.: Ertzak zeintzuk diren ere kuestionatu nahi dugu. '#Badon' proiektu feminista bat da. Gu batzen gaituena da eszena oso maskulinizatu batean jardun dugun emakume ezberdinak batzen garela; baina, argi daukagu bestelako eremu batzuetan ere gu hegemoniko izan gaitezkela. Gu "blankita gipuzkoar" batzuk gara eta honek ere euskal kulturan egoteko leku bat markatzen digu. Araka ditzagun gure bazterrak; eta, ertza garen heinean, leku batzuetan izango gara zentro eta tokatuko zaigu pauso bat alde batera ematea espazioa uzteko gu baino ertzerago dauden beste ertz batzuei.

Argazkian, Ines Osinaga, Olatz Salvador eta Itziar Garaluze, '#Badon' proiektuko kideetako batzuk. Pilar Barco

Sorrerara joanez, nondik dator #Badon sortzeko grina?

O.S.: '#Badon' proiektua gure egituran sartu dugu "Mauriziak ez dau inor hil!" proiektu paraleloaren adar bat bezala. Gu ari gara dagoeneko laborategi moduko bat gorpuzten eta emanaldi ezberdinak egiten eta '#Badon' da oraindik sortzeke dagoen zerbait.

I.O.: Abiapuntua da azkenaldian asko entzun izan dugun zerbait: euskal kulturaren transmisioa etenda dago. Guk mahai gainean jartzen duguna da: Ados, agian horrela da, eta, hala balitz, eta hori aukera bat izango balitz etenda dagoen hori berrikusteko zein den gure genealogia? nori egiten zaion lekua eremu kulturalean? nori ez? Kultura besteei lekua egitea dela esaten zuen Koldo Izagirrek. Lorea Agirrek hori haratago eramaten du eta esaten du: kultura emakumeari tokia egitea da. Izartxo bat jartzen baldin badiogu emakumeari, eta kultura besteari tokia egitea baldin bada, nor da bestea? Nondik egiten diogu lekua elkarri eta nori uzten zaio lekua plazan eta nori uzten zaio kontakizuna egiten? Zer kantatuko genuke guk euskal kulturaren iruditegi horretan gure amamen amamak labadoretan kantatzen zutena kantatu izan balute plaza publikoan? Bagara belaunaldi bat zeinarentzat 'Ez Dok Amairu' da gure iruditegiaren oinarria. Testuinguru horretatik jaso dugu.

O.S.: Eta nik uste gure beharra dela ere beste testuinguru batzuk topatzea. Azkenean genealogia hori jaso dugun momentuan nahiko agerikoa da egon dela jende bat nahiko ikusezina eta proiekturik sortu gabe pasa zaiguna eta hori berreskuratzea ere bada gure helburuetako bat.

Nola laburbildu: zer da '#Badon'?

I.O.: '#Badon' da sortze prozesu diziplinarteko kolektibizatua, feminista eta ez mistoa.

O.S.: Ez dugu sortu proiektu itxi bezala, eta asko gustatzen zaigu orri zuriaren sinboloa dena sortzeke dagoela aldarrikatzeko; bai gure proiektuan eta baita aldarrikatu nahi ditugun gauza guzti horietan ere.

Bestalde, diseinu espekulatiboaren metodologia darabilzue proiektu honen prozesuan. Zer dela eta metodologia hau?

I.O.: Ohituta gaude etorkizunari begiratzen modu katastrofiko batean; gure proposamena da etorkizunaren jabe egin eta desirekin espekulatzea. Espekulatzea nolakoa irudikatzen dugun euskal kultura 2040an; goazen etorkizun desiragarri horietaz jabetzera eta diseinatzera zeintzuk izan daitezkeen gaur eman ahal ditugun pausoak etorkizun desiragarri horien bila joateko. Bakoitzak dauzkagun motxilak, traiektoriak, gure munduari begiratzeko moduak markatzen dizkigu gure gauzak egiteko moduak, eta gure planteamendua da: ados, orain arte gauza pila bat egin dira, nola egin behar dira gauzak beste modu batera emaitza ezberdinak sortzeko? Kontziente gara horrek ateratzen gaituela gure konfort eremutik. Kolektiboan izateak ere ematen digu elkarri espazio seguruak eskaintzeko aukera.