2014ko Durangoko azokan argitaratu zuen Sacco musika taldeak bere lehenengo lana, eta 2015ean aurkezpen kontzertuak eskaintzen aritu zen. Amaitu ondoren, denboraldi bat hartu zuten taldekideek atseden hartzeko, eta beste hainbat proiektutan inbertitu zuten denbora gehiena. Dena den, urte hauetan zehar elkarrekin entseatzen jarraitu dute, modu nahiko erregularrean, eta bi-hiru kontzertu eskaini dituzte.
Lehenengo hura argitaratu eta zazpi urte beranduago, bigarren lana kaleratu dute: 'Basa'. Martxoan aurkeztu zuten, lehenengo Tolosako Bonberenean eta hurrengo egunean Irungo Lakaxitan. Azaldu dutenez, lehenengo lana osatzerako orduan edandako iturriak mantendu dituzte oraingo honetan ere, baina beste zenbait influentzia gehitu dituzte disko berrian, hala nola: The Idlles edo Sleaford Mods taldeak.
KUTSU MELODIKOA
Bonberenea estudioan grabatu dute 'Basa', Karlos Osinaga soinu teknikariarekin batera, 2020ko irailean eta 2021eko apirilean. Masterizazioa, aldiz, Jonan Ordorikak egin du Azkaraten, eta Ramon M. Zabalegi izan da diseinuaz eta maketazioaz arduratu dena.
Lan honek talde moduan egin duten eboluzioa islatzen duela azaldu dute taldekideek. Izan ere, abestiak landuagoak daudela eta kutsu melodikoagoa dutela diote. Sortze-prozesuari dagokionez, oraindik "tripetatik" sortutako musika bada ere, aurrekoan baino hausnarketa sakonagoa egin dutela diote: "Batez ere abestiak norantza joan behar duten eta zein abesti mota sortu nahi genuen erabakitzerako orduan".
Dena den, aldaketarik nabarmenena ahotsetan nabaritu daiteke, oraingoan Borja Tovalek ere abestu egiten baitu, Xabi Zabalarekin batera, eta horrek aukera berriak dakartzala azaldu dute. Bidasoa aldetik egiten den soinuarekin identifikatu izan dituzte askotan, eta post-hardcore etiketa barruan kokatuta azaldu dira beste hainbatetan. Hala ere, eraginak abiapuntutzat hartuta, beraien bide propioa eraiki nahi dutela azaldu dute, eta hala egin dute disko berrian.
BOST ABESTI
Guztira bost kantuk osatzen dute lana: 'Arrakala, sasi sustrai', 'Gutasunean', 'Esnatu ahala', 'Negua eta gaua', eta 'Ur berberak'. Diotenez, ezin dituzte horiek banaka deskribatu, osotasun bat bezala ulertzen baitute diskoa. Horrez gain, beraien lanari buruz hitz egitea zaila egiten zaiela azaldu dute, baina emaitzarekin bereziki pozik daudela.
Abesti horiek sortzerako orduan, musikari dagokionez, betiko influentziei beste batzuk gehitu dizkiete. Hitzei dagokienez, bestalde, momentuko interes, kezka eta hausnarketekin zerikusia zuten idatziaz berraztertu dituztela esan dute. Horrez gain, kantu horietako batzuetan beste autore batzuen testuak hartu dituzte oinarritzat.
'Gutasunean' abestiaren letrak Joseba Sarrionandiak 2015ean kaleratutako 'Lapur banden etika ala politika' liburua du ardatz. 'Esnatu ahala' kantarenak, aldiz, Ñgugi Wa Thiongóren 'Gerra garaiko ametsak' (2019) liburuan. Eta 'Negua eta gaua' izenekoaren hitzek, amaitzeko, Louise Michelek 2020an idatzitako 'Erbesteko gutunak Victor Hugori' liburua dute oinarri.
Taldekideek esandakoaren arabera, letrek lotura estua dute naturarekin. Hori dela eta, 'Basa' izenak diskoarekin transmititu nahi dutena egoki jasotzen duela uste dute. Horrez gain, azalerako zuten lehenengo ideia "oso basatia" zela diote, beraz, diskoaren izenburuak barruan dakarrena islatzen duela azaldu dute.
Esan bezala, beraien interes, pentsamendu, sentimendu, kezka eta hausnarketekin osatzen dituzte kantuak. Hortaz, egiten duten musika beraiek direnaren ispilua dela defendatu du Irungo hirukoteak. Munduari begiratzeko duten modua da egiten duten musikaren bidez transmititu nahiko luketena: "Nahiz eta lengoaia abstraktu baten bidez azaleratu, munduari buruz daukagun ikuspuntua da azken batean adierazten duguna". Horrez gain, pertsonek egiten duten edozein ekintza politikoa dela uste dute, baita musika ere.
ETORKIZUNARI BEGIRA
Martxotik hasita eta datorren uztailera bitartean zuzenekoak eskaintzen jarraituko dutela azaldu du taldeak, eta ahalik eta kontzertu gehien ematen saiatuko direla. Izan ere, oholtzara buelta egitea, hitz batean deskribatuta, "zirraragarria" izan dela aitortu dute: "Musikaren alderik politena zuzenekoak dira, egiten dugun lanaren ehuneko handi bat horretara zuzenduta dago. Oholtzara igotzerakoan sentitzen duguna ezin da prozesuaren beste atal batzuekin alderatu, nahiz eta denak diren aberasgarri eta beharrezkoak".
Uztailera bitartean eskainiko dituzten kontzertuekin amaitzen dutenean, atsedenaldi txikia hartuko dute berriz ere, eta ondoren, lokaleko lana egiten jarraitu nahi dutela azaldu dute. Beraz, musika sortzen segitzeko asmoa du hirukoteak.