Jatorrira, 2017ko azarora egin behar da jauzi Pinpilinpussies musika taldearen ibilbidea ezagutzeko. Ordu hartan ezagutu ziren Raquel Pages eta Ane Barcena musikariak, graduondoko batean, Bartzelonan. Ez zuten elkarren berri, baina bazekiten kanta propioak eginak zituztela, eta musika jotzeko gelditu ziren. Ordutik, ez dute etenik egin. 2018ko martxoaren 29an eman zuten lehen kontzertua, eta adiskidetasunarekin batera joan da hazten dagoeneko bidea egina duen proiektua. Orain, bigarren diskoa aurkeztu dute: Hipocondría.
"Beste lana baino landuagoa da hau, soinua garatuagoa da, eta baita hitzak eta diskurtsoa ere; bilakaera bat dago", adierazi du Barcenak, beste bi lan kaleratuta baitituzte aurretik ere. 2019an ikusi zuen argia lehenbizikoak, '80B' izenpean ondutako EPak. "Konturatu ginen taldeek musika grabatzen zutela, eta, era horretan, agian, jendeak entzuteko eta guk kontzertuak emateko aukera izango genuela". Musika ekoizle bat ezagutu zuten, eta berarekin batera grabatu zituzten sei abesti, bat kanpoan gelditu bazen ere. Eta lehen diskoa urtebetera iritsi zen, 2020ko martxoaren 13an: Fuerza 3.
"Borobila izan zen eguna, izurritearekin batera kaleratu baitzen; frustragarria zen, plan pila bat genituen eginak buruan, hala nola kontzertuak ematekoa kanpoan", baina dena den Barcenak uste du "pribilegiatuak" izan zirela, lauzpabost kontzertu emateko aukera izan zutelako, eta, aldi berean, diskoa aurkeztekoa. Pandemian ezarritako lehen neurriak altxatzean, gainera, entsegu lokalera jo zuten zuzenean: "Entseatu, kanta berriak egin, eta jo, jo eta jo, hobetu€Konfinamenduan indar hori geneukan sartuta gorputzean, ezin atera zitekeena". Haren hitzetan, egindako lan horrengatik ez balitz, agian ez litzateke posible izango Hiponcodría lana kaleratzea.
Emaitza, diskoan
Hamahiru abestik osatzen dute diskoa, eta Barcenak adierazi du beraien musikak, baina batik bat zuzenekoek "adrenalina deskargatzeko" aukera ematen dutela; areago, modu horretan izendatu du beraiek egiteko duten era ere. "Kontzertuetara joan eta betean sartzen denak izerditan amaituko du, deskargatuta eta hustuta, barrua askatuta".
Gainera, lanak baditu berrikuntzak ere. Orain arte, batik bat gazteleraz eta ingelesez aritu dira, baina euskarak ere hartu du parte azkenekoan. Barcenak, hiru arrazoi zituen horretarako: "Batetik, erantzun kultural-politiko bat zegoen, hizkuntza babestea; uste dut gainera, [espainiar] estatu mailan zortea dugula, azken boladan beste hizkuntza gutxitu batzuetako artistak beraienetik dabiltzalako, hala nola galegoz". Bestetik, txikitatik entzun duen musika gaztetxe girokoa zen, oro har euskalduna, eta horri ere azaleratzeko nahia izan zuen. Eta azkenik, oskolpetik ateratzeko beharra identifikatu zuen, ingelesez kantatzean babestuta sentitzen zelako: "Pentsatzen nuen era horretan jendeak beharbada ez zituela ulertuko nire kontuak, babespean nengoelako, baina kendu dut estalkia". Baina orain kantak euskaraz abestuta ere, ez dio "lotsarik" ematen, eta "askoz ere zabalduago" dago abestietan esaten dutenari buruz hitz egitera.
Kantek diotena
Hizkuntza batean edo bestean izan, kantek zerbait diote, edo hori iritzi du behintzat Barcenak. Gai pertsonalak jorratu ohi dituzte, batez ere bi taldekideak egunerokotasunean zeharkatzen dituztenak, beldurrak eta antsietateak, esaterako, baina gizarte salaketa egiteko ere baliatzen dute aukera: "Oholtza batera igotzean eta mikrofono bat edukitzean, bozgorailu bat duzu eskuetan". Andreen aurkako bortxa matxistaz aritzen dira besteak beste, eta hori hizpide izanda zuzenekoetan "gero eta tolerantzia gutxiago" dute. Espazio "seguruak" izateko nahia dute, eta jarrera "desegokiren bat-edo" identifikatuz gero, bertan behera ere utzi dezakete.
Izan ere, jada izan dituzte gertakari batzuk; Bartzelonako kontzertu batean, kasurako. Mutil bat igo zitzaien agertokira, kontzertuan, eta Barcenari galdezka hasi zitzaion ea zein anplifikadore erabiltzen zuen, eta hobe zuela beste bat erabili. "Ezin nuen sinetsi, eta mikrofonotik ere azaldu genuen gertatutakoa; nahi duguna da emakumeak gero eta seguruago egotea gure emanaldietan, eta astiro-astiro lortzen gabiltza". Uste dute hitzak azaltzean, gertaerak kontatzean, jendeak jarrerez hausnartu dezakeela.
Bada, leku horretatik eta pentsamendu horrekin jarraitzen dute aurrera, eta oraingoz pozik daude eginikoarekin. "Gero eta leku gehiagotatik dabiltza deitzen jotzera joateko, eta hori seinale ona da; gainera, gero eta jende gehiagok dakizki abestiak, eta hori polita eta hunkigarria da, zure diskurtsoarekin ere bat egiten duelako". Hala ere, ezin du Euskal Herrian emango dituzten kontzertuen berri eman, gauzak itxita baldin badaude ere. Dena den, aurrerapen bat egin du: "Maiatzean, ekainean, uztailean eta abuztuan hortik ibiliko gara, eta ikusi nahi gaituenak hilero izango du aukera".