Bai edo ez. Zerbaiten alde edo kontra, horrela definitu daiteke gure mundua. Dikotomien munduan bizi gara, mutur batean edo bestean. Zuria edo beltza. Txertoaren aldekoak edo kontrakoak. Athletic edo Erreala. Gustatu edo gorrotatu. Txirri, Mirri eta Txiribiton, edo Pirritx, Porrotx eta Mari Motots. Eraiki edo deseraiki. Mutil edo neska. Mendia edo hondartza. Aita edo ama. Arkitekturan ere egoera antzekoa da, eta oso sinpleki definitzen da publiko-pribatu kontzeptuekin. Orain arte horien arteko bereizketa oso garbia eta zurruna izan da. Denok dakigu non hasten den pribatua eta non bukatu, eta berdin publikoarekin. Hala ere, errealitatean paradigma berri batzuk daude eta arkitektura praktika espazial berriek erakusten digute limite hau lausotzen ari dela.
Beatriz Colomina arkitektoak honela definitzen du horien arteko muga Privacy and Publicity: Modern Architecture as Mass Media lilburuan: "Publiko eta pribatuaren arteko lerroak ez du kointziditzen eraikinaren kanpo limitearekin. Esan daiteke itxiturak, jada, ez direla aurkitzen kanpoaldean, baizik eta, euren artean bildu/kiribildu dira gorputz imajinario bat sortuaz". Honakoa 1994an idatzi zuen. Eta 2022an? Nolakoa da limitea? Hobe esanda, espazio bat da edo zer da?
Muga lauso honetan murgilduta aurkitzen dira Juntura Kooperatibaren lan batzuk. 2021n eratu zen Donostian finkatutako estudioa, nahiz eta lehenago esperientzia eduki eta elkarrekin lanean aritu diren Ana Almandoz Forcen, Edurne Izagirre Elizaran, Gorka Segurola Dorronsoro, Maite Leturia Nabaroa, Michela Lamedica, Nagore Goñi Arana, eta Xotil Natke Miguez arkitektoak. Definizioz "juntura" bi pieza lotzen edo elkartzen diren gunea da; bereziki, giltzadura. Eta honetatik asko dutelakoan nago.
Beraien hitzetan arkitekturan eta hirigintzan erabat bereizita egoten den publiko eta pribatuaren aurrean, tarteko espazio kolektiboak txertatzearen garrantzia azaleratu eta praktikan jartzearekin tematuta daude. Helburutzat dute hirigintza jasangarri eta inklusibo baterako norabidea jorratzea. Arkitektura espazio eta prozesuetan oinarritzen da beraien jarduna, besteak beste: esku-hartzeak, eraberritzeak, parte-hartzeak€ egiten dituzte. Taldeak orain arte egindako proiektuetan arakatuz nabari da lan egiteko modu eta estetika bat eraikitzen ari direla. Beraien hitzetan kolektibotasuna ardatz duten proiektuetan interes berezia dute, eta horretan ibilbidea jorratzen hasiak dira.
Espazio publiko eta pribatuaren mugen arteko esperimentazioan kokatzen da Usurbilgo (Gipuzkoa) Sagardo plazako esku-hartzea. Planteamenduaren oinarria plaza etxe bilakatzea da. Udaletik berau biziberritzeko enkargua egin zioten, erabilera urriko espazioa baita. Orokorrean hain araututa dauden espazio "zibilizatuek" (publikoek) malgutasun falta erakusten dute eta problematika horri ere erantzuna ematen dio proiektuak, publiko-pribatu arteko atmosfera edo gune bat eraikiz. Espazio urbanoaren (feat. Manuel Delgado) erabilera dibertsifikatzen dute, eszenatoki eta aukera anitzak ahalbidetuz. Horretarako, plazan jada aurkitzen diren elementuak errespetatu dituzte eta horiekin kooperazio espaziala jorratu dute.
Altzairuzko azpiegiturak hartu du proiektuaren zentralitatea. Honen geometria eta diseinua hasieratik gremioekin elkarlanean egin dute, xehetasun guztiak mimoz zainduz. Planteatzen diren erabilerek espazioaren domestikazio baten bilaketan ari direla erakusten dute. Izan ere, altzariek lasai egotera, etzatera, esertzera zein mahaian biltzera animatzen dituzte herritarrak. Bizigarritasuna eta jende fluxua elikatzeko asmoz, liburu gordailu bat ezarri da. Gainera, herriko hainbat eragilerekin gordailua dinamizatzeko prozesua jarri da abian.
Baina esku-hartzea ez da soilik plazara mugatu. Eremu bildua eta gordea izanik, herritarrak bertaratzeko keinu bisualak erabili dituzte. Egituraren kolorea espaziotik hedatzen da eta elementu urbanoak pintatuz jendea bertara bideratzen da. Horren adibide dira inguruan margotuta dauden farola, baranda edo zintarriak. Gainera, kolore deigarriak nortasuna ematen dio proiektuari.
Espazio urbanoaren kolektibotasun baten saiakera adibidea izan daiteke hau, publiko-pribatu dikotomia sinplistaren aurrean hibridazio bat planteatuz. Funtzionatuko du edo ez, ikusteke dago. Hala ere, argi dagoena da espazio urbanoa berraktibatzeko proposamen bat dela, elementu minimoak erabiliz asko lortu nahi dena. Bestelako arkitektura eta hirigintza baten bidean giltzarri izango delakoan.