Bosgarren ipuin-liburua du Goiatz Labandibarrek Amez (Alberdania, 2022). - poema liburu bat eta antzezlan baten gidoia ere argitaratuak ditu dagoeneko -. Aurreko lanen prozeduratik aldenduta, hasiera-hasieratik izan du aratz kontakizun sorta biribilduko zuen lokarria: amak hautatu zituen denetan protagonista. Amak zentzu zabalean hartuta, ama ez direnak, izan nahi ez dutenak, ama "onak", ama "txarrak", amamak, alabak€ Ama izateko - eta ez izateko - hamaika modu bildu ditu idazleak aipatutako lanean, ikuspuntu desberdinetatik begiratuta eta estilo anitzetan kontatuta.
Saiakera formarik ez duen arren, eta teorizazio helbururik ez badu ere, amatasunaren inguruko hausnarketa bat da Amez. Ez da, ordea, ama moten inguruko deskribapen eta ikuspuntu bilduma bat. Ama motak baino, "ama-pertsonak" ekarri nahi izan ditu lehen lerrora idazleak, fokuaren erdigunera. "Ni bereziki amaren atzean dagoen emakume edo pertsona horri begira jarri naiz, saiatu naiz pertsona horren bizipenak kontatzen, ama izatearekin lotuta daudenak, noski", argitu du.
Amatasuna eraikuntza sozial bat dela azpimarratu nahi izan du Labandibarrek, eta hargatik momentu historiko eta sozialaren arabera amek egiten dituzten gauza batzuk egoki ikusiak direla, beste batzuk desegokitzat jotzen diren bitartean. Amen atzean dauden pertsonaiak dagokien tokian jartzeko gonbidapena luzatu du: "Azken finean, iruditzen zait askotan emakume bat ama bihurtzen denean gizartearentzako ama besterik ez dela, eta ahaztu egiten dela pertsona bat dela, ama izateaz gain beste bizipen, desio eta gauza asko izan ditzakeela. Gainera, kasu horietan, beste desio eta beste gogo batzuk dituzten ama horiek sozialki epaitzen eta zigortzen dira, ama "ona" eta "ez onaren" dikotomiaren barruan".
Horiek horrela, protagonistekiko enpatia piztea bilatu du egileak. Irakurleak ez du lan zailik izango horretan. 21 narraziook, arin eta erraz irakurtzekoak denak, inor gutxi utz dezakete gertuko erreferentziarik gabe. Izan ere, eta idazleak kritikatu duen bezala, askotan jendartean kontrakoa uste den arren, amatasuna ere gai unibertsala da.
Egiazko fikzioa
Narrazioen abiapuntuak oso desberdinak dira: batzuk oso errealak dira, egileak berak lehen pertsonan ikusi, entzun, kontatu, edo bizitakoak; eta, beste batzuk, historikoagoak, beste iturri batzuetatik abiatu dituenak. Hain zuzen, literatur iturrietatik usu edan du Labandibarrek sorta ontzeko. Inspirazio iturri baino, idazketa prozesuan lagun izan dituela azaldu du. Horietako hamaika bildu ditu AMAndreak izendatu duen liburuaren itxiera atalean.
Badaude amatasunaren inguruko lanak - lan hau abiatzeko txinparta piztu zion Lina Merouane idazle txiletarraren "Contra los hijos" tartean, amatasun moten inguruko irakurketa zabala plazaratzen duena -, badaude saiakera feministak tartean, baina denek komunean dute bidaide izan direla Labandibarren idazketa prozesuan.
Horregatik, hain zuzen, eman nahi izan die lekua eta aitortza bere lanean. Bere ustetan, idazleen sorkuntza prozesuak oso bakarti eta isolatuak irudikatzera jo ohi dugu, "idazlea bere unibertso propioan isolatuta egongo balitz bezala". "Akaso bakarrik egiten den gauza bat da, baina inoiz ez zaude erabat isolatua. Idazle batek iturri askotatik edaten du etengabe eta unibertso propio horretan beste idazle askok eragiten dute modu batean edo bestean", izan dira bere hitzak. Aitortza egiteaz gain, beste irakurleei gonbidapena luzatzeko erabili du abagunea.
Aipatu bezala, estilo, ikuspuntu eta prisma desberdinetik idatzi ditu Labandibarrek 21 narrazioak. Kontzienteki bilatu duen zerbait izan da, akaso "lan gehien" eman dion kontua, idazleak berak aitortu duen moduan. Guztietan gai zentrala amak izanik, errepikakorregia izateko beldurra zuen, baina maisuki eman dio aterabidea arazoari.
Erregistro eta idazketa forma oso aberatsak eta zabalak erabili ditu narrazio batetik bestera. Geografikoki eta historikoki bidaiatzeko aukera ere ematen dute kontakizunek. Asko gaur egunean kokatuta badaude ere, atzera eginarazten dute batzuetan (eta oso atzera ere): Euskal Herriko 60ko hamarkadara eramango gaitu batek, II Mundu Gerrako Sobietar Batasunera besteak, eta urrutien antzinako erromara iristeko aukera emango dio irakurleari.
Motzean, "edozeinentzako" liburua dela aldarrikatu du idazleak, bai irakurtzen erraza delako, eta baita gaiaren unibertsaltasunagatik ere. Gozaraztea ere izan du xede: "Nik nahi dudan lehendabiziko gauza da irakurleak gozatzea da, irakurtzen disfrutatzea. Gero, lortuz gero istorioko protagonistekin enpatizatzea, hori helburu guztiak betetzea litzateke". Frogatzeko aukera zuzenena, probatzea.