Musika txikitatik izan du bidelagun Tomas Lizarazuk (Azkoitia, 1993). Etxean oroimena duenetik entzun izan du era guztietako musika, klasikoa zein rocka ere. Oparitu zioten lehen diska AC/DC taldearen zuzeneko bat izan zen eta beretzat "iraultza bat izan zen hura aurkitzea". Musikari bezala lehen pausoak musika eskolan eman zituen, bertan bibolina eta saxofoia jotzeaz gain solfeoa eta koroa izan zituen ikasgai. Taldeei dagokienez, 15 bat urterekin igo zen lehen aldiz eszenatoki gainera, eskolako ekitaldiren batean. Horren ondoren taldeekin hasi zen pixkanaka kantuak sortuz eta bertsioak ikasiz. Moonlight izeneko talde bat izan zuten Xabik (egun Bulegoko bateria) eta berak, beste lagun batzuekin batera. Horrez gain, beste talde batzuetan ere aritu zen: berbena, gauza punkiagoak... Denetik. Amaitzeko Passepartout-en "aterrizatu" zuen Lizarazuk eta hori izan zen gaur egun BULEGO taldea denaren lehen pausotzat har dezakeguna.
Kultur gomendioak
Abesti bat: "Mad World" (Gary Jules). Aspalditik ezagutzen dut eta beti bueltatzen naiz kantu hau entzutera.
Musika talde bat: Leo Rizzi. Orain dela pare bat urte aurkitu nuen eta nahiko engantxatuta nago.
Diska bat: "Alive 2007" (Daft punk). Zuzenekoak, festibalak eta jendetzak faltan botatzen ditudan garai hontan plazebo moduan ibili dudan diska bat da.
Liburu bat: "Vida líquida" (Zygmunt Bauman). Irakurtzeko lan dexente eman zidan liburuak, baino oso gomendagarria iruditzen zait bizi dugun garairako.
Antzezlan bat: "Fadoak entzuten zituen gizona". Maskulinitatearen inguruan egiten duen lanketa oso beharrezkoa ikusten dut eta gainera, aktoreak ezinhobeak dira.
Telesail bat: "Euphoria". Bisualak, musika, gaia, tema, aktoreak€ Guztiak dira apartekoak.
Film bat: "2021 Odisea en el espacio". Kubrick -en zinea gustatzen zait eta pelikula hau bereziki disfrutatzen dut.
Kultur espazio bat: Axkottiko Matadexe, bertan hazi eta hezi nintzen musikaren munduan eta herrian dugun altxor bat da.