Beren artean lotura handia dute komikia eta margolaritza diziplina artistikoek. Horrela islatu du Asier Mensuro (Irun, 1971) historialariak komisariatu eta Telefónica Fundazioak ekoiztutako erakusketak. Margolan ospetsu askoren bertsioak bildu ditu, zehazki, 70 marrazkilari eta artista inguruk sortutako 200 pieza baino gehiago. Literaktum Letren Jaialdiaren baitan antolatu dute eta urtarrilaren 29ra arte ikusi ahal izango da Okendo Kultur Etxean (Donostia).
Zehazki, 2015ean inauguratu zen Artea komikigintzan izeneko erakusketa. Ordutik, hainbat hiritan izan da ikusgai, Donostia izanik hamaikagarrena. Etengabe eguneratzen ari den erakusketa da, egoi-tza berri bakoitzean tokiko egileen piezak gehitu dira. Beraz, Donostian ikus daitekeena eta Madrilen duela sei urte inauguratu zena oso desberdinak dira.
KOMIKIGILEAK MARGOLARITZAREN IKONOGRAFIAN
Artearen historialaria da Mensuro. Dioenez, ezaguna da Pop Art-eko margolari handiak komikiaren ikonografiatik gertu daudela. Berari, bestalde, galdera alderantziz egitea bururatu zi-tzaion: “Zein modutan hurbiltzen dira komikigileak margolaritzaren ikonografiara? Gerturatzen dira Gernika edo Meninak bezalako margolan ospetsuetara?”.
Aztertzeari ekin eta baietz deskubritu zuen. Azaldutakoaren arabera, komikiaren historiaren hasiera-hasieratik omenaldi ugari egin zaizkie margolaritzaren ikono handiei. Horren inguruko liburua ida-tzi eta argitaratu zuen Mensurok 2014an eta, handik urtebetera, Artea komikigintzan erakusketa inauguratu zuten, dioenez, “gaia oso interesgarria zelako erakusketa on bat sortzeko”. Zehazki, “bederatzigarren artea” deiturikoak margolari handien maisulanak omentzeko duen modua azaltzen du erakusketak.
KOMIKIA ARTE-ZENTROETAN
Azken hamarkada eta erdian areagotu den harremanaren ondorioa da erakusketa hau, margolaritza eta komikigintzarena, alegia. Izan ere, 2005ean, Louvre Museoko editore Fabrice Douarren eta Futuropoliseko zuzendari Sébastien Gnaedigen eskutik, komiki-bilduma bat sortu zen, eta 2009an, komikiari zuzendutako lehenengo erakusketa eratu zuten bertan.
Hala, munduko beste museo batzuetan ere komikiak editatzen eta binetaren artearen munduari buruzko erakusketak programatzen hasi ziren. Telefónica Fundazioak, Paco Roca. Dibujanteambulante erakusketa antolatu zuen 2014an, eta hurrengo urtean Artea komikigin-tzan, 2021ean Donostiara ekarri duena, hain zuzen ere.
Artistei dagokienez, adin, eskola eta estilo guztietako autoreak daudela azaldu du Mensurok. Interpretatuta dauden margolanei dagokienez ere, denetarik dagoela aipatu du. Ikus daitezke, besteak beste: Diego Velazquez-en Meninak, Pablo Picassoren Margolaria lanean, Maria Blanchard-en Konposizio kubista eta Paul Delvaux-en Deia. Artelan batzuk oso ezagunak diren arren, beste batzuk ez dira horren ospetsuak. Dena den, bertara joateko ez da beharrezkoa artearen historialari izatea, interesa duen edozein pertsonari zuzendutako erakusketa da. Ilustrazio bakoitzak kartel bat du ondoan, eta bertan ikusi daiteke margolan originala.
BIZIRIK DIRAUTEN ARTELANAK
Erakusketa prestatzen ari zela, hausnarketa bat egin zuen Mensurok. Azaldu duenez, askotan entzun ohi da artea beti mantentzen dela modan, eta baieztapen hori egia dela konturatu da: “Erakusketako piezetako bat txiste grafiko bat da. Gerra-hegazkin bat agertzen da, bonbak jaurtitzen, eta horietako bakoitzak Munch-en Oihua-ren aurpegia darama”.
Hortaz, norbaitek mina, larritasuna edota beldurra irudikatu nahi dituenean, orain dela 100 urte baino gehiago margotutako lan bat etor-tzen zaio burura. Mensuroren hitzetan: “Artelan horiek margotu zirenean bezain bizirik daude gaur egun, egungo artistak horietan inspiratzen baitira”.
IKUSPEGI BERRIAK
Erakusketaren helburu nagusia dagoeneko bete dela esan du, azken hilabetetako datuak kontuan hartu gabe, 136.000 pertsonak baino gehiagok ikusi baitute. Dena den, badira helburu zehatzago batzuk. Dioenez, erakusketa honek gauza polit eta interesgarriak eskaintzen ditu, adibidez margolaritza zaleak ez diren horiek museoetan sartu eta artea deskubritzea, edo alderantziz.
Horrez gain, bada betetzen ari den beste helburu bat: komikigileek margolaritzari buruz eskaintzen duten begirada ezagutzea. Azaldutakoaren arabera, pertsona talde bi izan dira orain arte margolanei buruzko iritzia eman dutenak: artistak eta artearen historialariak. Beste diziplina bateko artistak ere ari dira orain hausnartzen eta iritziak eskaintzen, komikigileak, alegia, eta hori oso interesgarria dela aipatu du: “Komikigileen eskutik sortutako margolan handien ikuspegiek artearen historiari buruzko begirada bakar eta desberdina eskaintzen dute”.