MUSIKA munduan gazte-gaztetik sartua badago ere, orain dela lau urte hasi zen Azkarate hitzak oinarri baten gainean idazten. Dioenez, hainbat lan zituen grabatuta, eta ezaguna zuen Arkaitz Cayado "Itsua" musika sor-tzaile, produktore eta Dj-ari bidaltzea erabaki zuen. Elkarrekin lanean aritu ondoren, Jostailua eta harria izeneko diskoa sortu zuten, eta hainbat kontzertu eskaini dituzte hura munduari aurkezteko.

Beat Salad Records diskoetxearen babesean argitaratu dute, eta zazpi kantuz osatuta dago. Azkaratek azaldutakoaren arabera, bi partetan banatuta dago proiektua. Alde batetik, aldarrikapenez jositako kanta "kañeroak" aurkitu daitezke diskoaren lehenengo minutuetan. Bestetik, azkenengo bi abestiak bere kontraesanekin lotuta daudela adierazi du: "Barrura begira egindako hitzak dira, balorazio pertsonalak, bereziki". Izan ere, hitzei berebiziko garrantzia ematen diela dio 23 urteko gazte durangarrak.

RAPA ETA BERTSOA

Euskal Herriko hip-hop eta rap munduan murgilduta egoteaz gain, bertsolaria ere bada Azkarate. Hori lagungarria izan daitekeela dio, betiere oreka mantentzen asmatzen bada: "Ondo dago bata bestearekin kutsatzea, baina konbinatzen direnean". Hortaz, muga non dagoen jakitea garrantzitsua dela uste du, eta kontu handiz ibili behar dela azpimarratu du, ez sortzeko bata bestearen oinarriaren gainean.

Orokorrean, bertsolaritzak hitz landuagoak erabiltzen ditu eta horiekin jolasten lagundu diola kontatu du, letretan asko zentratzen baita: "Hitzekin jolastea da niri gustatzen zaidana. Izango banintz askoz jantziagoa, beste gauza ba-tzuk egitea gustatuko litzaidake, baina hasiberria naiz, eta momentuz jolastearekin konformatzen naiz".

Gaiei dagokienez, poliziaren gehiegikerien eta bestelako aldarrikapenen inguruko hitzak idazten ditu, eta asko hitz egiten du bere kontraesanez: "Kritika asko egiten ditut, baina nigandik eta niretzako berba egiten". Horrez gain, musika munduaren egoerari buruzko letrak ere baditu. Euskaraz kantatzen du Azkaratek, hip-hop eta rap estiloetan ohikoena ez bada ere.

ENTZULEAK ETA SORTZAILEAK

Euskaraz egindako musika, sarri, genero bat izango balitz bezala tratatzen dela azaldu du durangarrak. Bere ustez, askorentzat berdin dio rocka, rapa, reggaea, ska edota punka izan, "euskal musika" zakuaren barruan sartu ohi dela dio, eta hori aldatzea gustatuko litzaioke, nahiz eta, esan duenez, helburu hori ez dagoen bere esku.

Hori hala balitz ere, ezin da ukatu euskaraz egindako hip-hopa eta rapa kontsumitzeko joera handitzen ari dela. Izan ere, orain dela hamarkada batzuk ez bezala, gaur egun ezagunak dira rapa euskaraz abesten duten hainbat musikari. Durangarraren iritziz, euskal entzulea zabaldu delako gertatu da hori, eta gero eta ohikoagoa delako estiloak bata bestearekin nahastea. Horrek aniztasun handiagoa ekarri duela dio Azkaratek, eta motibazio puntu bat ere badela rapa euskaraz abesteko: "Errazagoa da rapa egitea baldin badakizu gero jendeak entzungo zaituela. Noski, ez dugu egiten horregatik bakarrik, baina motibazio bat da".

Azaldu duenez, entzuleek sortzen dute sortzailea, eta ez sortzaileek entzulea. Horrez gain, gaur egungo euskal gizartea, musika estiloei dagokienez, irekiagoa dela pentsa-tzen du. Dena den, bere ustez, o-raindik ezin daiteke esan rap estiloko musikari euskaldun asko dagoenik: "Kantitatez orain dela hamar urte zeudenen berdinak izango gara gutxi gora behera, gauza da zenbat hedatzen zen musika mota hau lehen, zenbat gaur egun, eta hedatuko den denboran zehar".

ERREFERENTEAK

Rap estiloko musikari euskaldunen artean, Ziakhus eta Arrano Pertxa nabarmendu ditu gazteak, horiek egiten dutena gustatzen baitzaio gehien. Hitzei dagokienez, Anari Alberdi azkoitiarrarenak azpimarratu ditu. Dena den, erreferente hitza erabili behar badu, Euskal Herriko hip-hop kolektiboko kide dituen hainbat izen aipatu ditu: Itsua, Dirty€ Bereziki lagungarriak baitira beretzat.

Etorkizunari begira, ez dauka bide zehatzik markatuta. Pertsonalki egin nahi duena erabakitzen dihardu, eta bideoklipen kontuarekin "burua hausten". Dioenez, beste pertsona batzuekin kolaborazioak egitea gustatuko litzaioke, eta ez daki oso ondo sortzen dituen kantak disko berri batean bilduko dituen edo banan-banan argitaratuko dituen. Hortaz, denboran eta bidean aurrera egin ahala ikusiko da zer datorren€