2016ko urriaren 15eko gaua nekez ahaztuko dute 'Altsasu auzia' bezala ezagutzen den kasuan akusatutako zortzi gazteek. Era berean, nekez ahaztuko dute "amesgaiztoaren hasiera" haien familiek, Altsasuko herriak, eta, euskal herritar askok. Kartzela zigorrak, epaiketa, manifestazioak... ia hasieratik, eta lau urteko bide nekezaren ondoren, auzian oinarritutako dokumentala aurkeztu dute Marc Parramon dokumentalgileak eta Amets Arzallus bertsolariak. Docs Barcelona jaialdian estreinatu dute lana.

Lau urteko atzera abiatu zenuten Marc Parramonek eta zuk 'Altsasu (Gau Hura)' dokumentalaren proiektua. Estreinatu berritan, zer nolakoa izan da prozesua?

-Ni hasi nintzen Marcek berak deitu zidalako. Nik laguna nuen eta deitu zidan esanez Altsasuko kasuari buruzko jarraipena egin nahi zuela nahiko hasieretan eta ea lagunduko nion. Behar zuen konplize euskaldun bat, euskaraz hitz egiten zuena. Gure prozesua izan da pertsonak ezagu-tzen joatea, eta, ezagutu ahala, hurbiltzen eta konfiantza hartzen. Ahalik eta hurbilenetik egin dugu kasuaren jarraipena. Nola bizi izan duten protagonistek dimentsio horretako afera bat eta bizi osoko kartzela zigor arriskua duen auzi bat. Aldi berean, prozesua ere izan da bizitzea elkartasun sareak nola joan diren josten. Leku guztietara segitu ditugu itzal diskretu batzuk bezala zurrunbilo horretan harrapatuta zeuden pertsonaiak.

Esan liteke, besteren artean, ezjakintasunak eta zalantzak markatu dutela hasieratik Altsasu kasuaren norabidea, edozer gerta zitekeen. Nola sortu dokumental bat, kasuak zer norabide hartuko zuen argi izan gabe?

-Gure asmoa zen jarraipena egitea, behatzea nola zihoan kasu hau eragiten pertsona hauengan; baina jakinda ere arrisku bat bazegoela izugarri luzatzeko kontu hau. 50 urteko eta pertsona batek 62'5 urteko kartzela zigor eskaera bat zeukan fiskalarengandik, bizi osoko espetxeratzea suposa zezakeen auzi honek. Beraz, noski, ez genekiela norantz gindoazen, nola bukatuko zen eta zenbat iraungo ote zuen istorio honek. Ez genekien protagonistentzat zenbat iraungo zuen ustekabeko amesgaizto honek. Segitu dugu ahalik eta hurbilenetik eta gero denborak berak erakutsi digu nola zihoan aurreratzen, nola zihoan hasieran hein batean eraikitzen eraikuntza mediatiko politiko juridiko bat. Izan ere, gertakizunak, bere horretan, horiek denak baino askoz sinpleagoak edo beste dimentsio batekoak dira. Ondorio klinikoek argi erakusten dute zein zen gertaera horien larritasun maila momentuan. Segitu dugu elur bola handitze hori eta gero nola joan den urtzen, eta, aldi berean, pertsona batzuen bizitzetan eragiten egunero eta minuturo.

'Altsasu (Gau Hura)', 2016ko urriaren 15a. Zer gertatu zen gau hartan?

-Gau hortaz kontatzen dena bertsio kontrajarriak dira, baina azkenean bakoitzaren irudimenak interpretazioari fidel heltzen dio. Ez dago ostatu barruko edo ostatu atariko bideorik, ez dago froga dokumental audiobisualik ez bada hori gertatu eta handik 15-20 minutura akusatu batek egin zuen bideoa. Bertan ikusten da argi eta garbi sarjentua nola zegoen, eta baita ere zein zen giroa une horretan. Nahiko harrigarria egiten da bideo hori ikusi eta ordu erdi lehenago kontatzen den istorioa eta dimentsio erraldoia entzutea. Kontua da bideo hori bera ez zela onartua izan instrukzio fasean. Epaiketan onartu behar izan zuten, baina ordura arte ez zen onartua izan. Orduan, norberaren interpretazioa sartzen da jokoan. Hor garrantzitsuena dira ondorio objektiboak, ondorio klinikoak: orkatila bat hautsia dago eta puntu bateko ebaki bat ezpainean. Ez dago bestelako dokumentatutako frogarik. Gainerakoa da errelatoa, baina dokumentu objektiboek hori diote. Gero, ordea, eskaera fiskalak hain dira handiak, non arrisku izugarri horren aurrean bakoitzak kontatzen duena oso neurtua eta mugatua da. Hitz bakoitza kontuz aukeratzen da nork bere burua defenditu behar horretan. Eskaera fiskalen handitasunak zailtzen du bai alde batek, zein ziur aski besteak ere, beste sosegu batez hitz egitea gertatu zenaz.

'Nola da posible?' galdera errepikatu dute askok eta askok Altsasuko gazteen auziari buruz berba egiterakoan. Galdera horri erantzunik topatu diozue?

-Nik uste baduela alde bat ulertu ezin dena. Ikusita gertakizunetatik zer eraikitzen den, harridura eta ezin ulertua mantendu behar dira, nahiz eta gero ulertzen ahalegindu testuinguruan jarriz. Testuingurua da gatazka baten erresoluzio fasea, aro berri bat non interes kontrajarriak dauden. Interes batzuk egon litezke gatazkaren erresoluzio progresibo horretan atzeraka tiratzeko, eta, beharbada, gatazka bizigai zuten parte batzuek ez zuten hain ongi bizi aro berriaren bilakaera. Hori da ulermen bide hipotetikoetako bat. Baita ere Nafarroan gobernu bat bazegoen, aldaketa ekarri zuena, eta hori zartarazteko ahaleginak ere bazeuden. Osagai batek baino gehiagok osatzen dute gau zehatz hartan gertatu zenaren ondoren sortutako dimentsio izugarriko errelato hori. Beste osagai bat da Mozal legea: poliziaren jarrera autoritarioaren aurrean herritar arruntak izan behar duen jarreraren inguruko pedagogia eta kasu eredugarri bat sortu nahia.

Dokumentalaren asmoa hortik doa, ulertezinari ulergarritasuna ematea?

-Istorio hau medioetako letra eta titular handitan sortu den istorioa bat da, eta hor geldi-tzen da haria, baina gero pertsona batzuen bizitzetan eta egunerokoan, askoz ere letra txikiagoan, ondorio zehatzak eta latzak ditu. Hori askotan ez da gehiegi azaltzen titular handien jiran bizi den aktualitate horretan. Asmoa da lupa beste eskala horretan jartzea, eta eskalarik humanoenetik kontatzea istorio hau. Dokumentala Altsasuko kasuak harrapatu dituen pertsona konkretuek hau dena etxe barrutik nola bizi duten erakusteko ahalegina izan da. Analisi politiko bat baino, analisi humano bat egin zenezake gertakizun bakoitzaren baitan, eta intentzioa hori zen.

Analisi horretarako badaude hiru ahots, hiru protagonista: Iñaki, Bel eta Haritz. Zerekin egin duzue topo kasu bakoitzean? Bakoitzak beretik bizi du, ikuspuntu ezberdin batetik€

-Hiru hari ezberdin eskaintzen ditu dokumentalak. Gu aldi berean saiatu ginen beste aldekoekin hitz egiten, Guardia Zibilarekin. Han ate guztiak itxita egon ziren momentu oro, orduan alde horretako hariari ezin izan zitzaion tira egin. Beraz, gazteengana eta familiengana jo genuen: hainbat pertsonaia elkarrizketatu eta segitu genituen, eta gero horietatik hiru ahots gelditu ziren. Bat, zurrunbilo horren erdi erdian harrapatuta zegoen pertsona bat, 50 urteko kartzela eskaera zuena eta gau horretako bideo bakarra grabatu zuena. Iñakiren kasua da nolabait bizkarrezurra."Altsasuko kasuak harrapatu dituen pertsona konkretuek hau dena etxe barrutik nola bizi izan duten erakusteko ahalegina da lan hau"

Eta, aldi berean, guraso bat. Izan ere, Altsasuko kasuan ezinbestekoa izan da kasu honen bilakaera ulertzeko sortu den sare zabal eta transbertsala. Gurasoen bozeramaile ahots nagusia Bel izan da, Adurren ama. Ertzeko ahots bat izan da Bel, ama edo aita batek nola bizi duen esplika zezakeena, eta, aldi berean, elkartasun sare hori, mugimendu sozial erraldoi hori, nola josten den. Hirugarrena, Aritz, ere plataformako kidea da eta Iñakiren kuadrillakoa, Iñakiren lagun hurbila. Iñaki ere espetxera joan zen une batean eta bere hu-tsunea Aritzek hartu zuen. Beraz bi hari dira, baina bi hari horiek hiru pertsonaien bidez aurreratzen dira.

Sentimendu aldaketa dago pertsonaietan? Une ezberdinak daude prozesuan, mugarri ugari€

-Bai, noski. Batetik une oso gogorrak egon dira. Zuzenean espetxera zaramatzaten momentua edo gisa honetako petizio bati aurre egin behar diozunean€ epaiketa batera zoazen momentua izugarri une larria da. Emozio orotarikoak egon dira. Luzea izan da, oso gorabeheratsua, baina batez ere larritasun handiak markatu du istorio hau nolabait bukatzen hasi den arte. Nahiz eta oraindik ez den bukatu. Larritasunak eraginda, emozioen gorabehera ohikoak ere oso muturrera eramanda ageri dira. Saiatu gara ahalik eta hurbilen egoten eta hori erakusten, hain justu hori da kasu honen faktore humanoa ikusten den momentua.

Ardura sentitu duzue kontakizuna egiterakoan?

-Daukazun ardurarik handiena da lana ahalik eta zorrotzen eta finen egitea, noski. Ia lau urte pasa ditugu hurbiletik segitzen, eta ez da batere erraza izan bakartze lana egitea eta puzzle txiki hori osatzea. Ardura, batez ere, profesionala izan da. Izan ere guztiz libreki egin dugu lan eta gure istorio pertsonala eraiki dugu bildutako, entzundako eta ikusitako horren gainean.

Zer nolako harrera izan zuen dokumentalak estreinaldian?

-Oso hunkituta egon ginen. Gainera protagonistetako batzuk, Bel eta Aritz, gurekin zeuden. Iñakiri ez zioten baimenik eman joateko eta ezin izan zuen estreinaldia bizi debekatu ziotelako hara joatea. Horrek ere erakusten du istorio honek oraindik segitzen duela.

Oro har, zer esango zenuke izan dela kasua euskal jendartearentzat?

-Uste dut izan duela alde argi bat, esperantzarako bide bat. Altsasuko kasuaren inguruan sortu zen elkartasun mugimendua inoiz izan den zabalenetakoa izan dela eta transbertsalenetakoa. Agian, matematika krudel hori pixka bat aldatu zuen elkartasun sare izugarri horrek.