Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Jean-Rene Etchegaray Iparraldeko Euskal Hirigune Elkargoko presidenteak bi erakundeen arteko lankidetza memorandum berria izenpetu dute astearte honetan Gasteizko Ajuria Enea jauregian egindako ekitaldian.
Joseba Erremundeguy Euskasl Hirigune Elkargoko mugaz gaindiko, europar eta nazioarteko lankidetzarako aholkulari delegatuak eta Mikel Anton Eusko Jaurlaritzako Europako Gaietarako zuzendariak ere parte hartu dute.
Bada, Jaurlaritzako iturriek jakinarazi dutenez, lankidetza instituzionaleko hitzarmen berriak "urrats berri bat markatzen du" Lakuako Gobernuaren eta Euskal Hirigune Elkargoaren arteko harremanetan.
Hain zuzen ere, 2019an izenpetutako lehen testuaren jarraipena da, historia, hizkuntza eta kultura komunetan oinarrituta. Testu hark lankidetza emankorraren oinarriak ezarri zituen eta hainbat proiektu estrategiko gauzatzeko aukera eman zuen, hala nola Hendaian garraio modu anitzeko trukagune poloa edo Euskal Sagardoaren jatorri deitura babestua.
BESTE DATU BATZUK
Europako testuinguru aldakorra gogoan, bi erakundeek ikuspegi komun bat eraikitzeko borondatea berretsi dute, erronka politiko, ekonomiko, sozial eta ingurumenekoak elkarrekin gainditzeko.
Horrela, bost urterako izenpetutako memorandumak zenbait arlo nagusitan lankidetza indartua jasotzen du, besteak beste, euskararen sustapenean, biziberritze politika partekatuen bidez; kulturan, bereziki museoak, dantza eta gazteen arteko trukeekin; mugaz gaindiko mugikortasunean, joan-etorri arinago eta jasangarriagoak lortzeko.
Orobat, akordioak barne hartzen dituen lehentasunezko beste gai batzuk dira garapen ekonomikoa, enpresen arteko sareak sortuz; nekazaritza jasangarria, osagarritasunak sustatuz; turismo arduratsua; goi-mailako irakaskuntza, ikerketa eta berrikuntza eleanitzak; lurralde antolaketa, etxebizitza eta lurzoruaren erabilera arduratsua.
Gainera, ingurumena eta bioaniztasuna, euskal diaspora eta euskal identitatea munduan zabaltzea, eta migratzaileen koordinazioa jasotzen ditu bi erakundeen arteko akordio berriak.
Jaurlaritza eta Euskal Hirigune Elkargoa arduratuko dira memorandumaren aplikazioaren jarraipena egiteaz eta lankidetza eremu berriak aztertzeaz.
Ingurumena eta bioaniztasuna, euskal diaspora eta euskal identitatea munduan zabaltzea, eta migratzaileen koordinazioa jasotzen ditu bi erakundeen arteko akordio berriak
Jaurlaritzaren arabera, lankidetza berritu honek erakusten du "mugaz gaindiko etorkizuna elkarrekin, modu jasangarri eta anbiziotsuan eraikitzeko borondatea, bertako herritarren bizi kalitatea hobetzeko asmoz".
src="https://www.noticiasdegipuzkoa.eus/statics/js/indexacion_Trebe.js">