Martxan da aurtengo Durangoko Azoka. Ezohikoa izaten ari da, ez dute metalezko ezta egurrezko erakusmahairik jarri aurten, jendearen mugimendu eskasa dabil Landako inguruan eta barruan isiltasuna da nagusi. Gizartean bizi den egoerak hala baldintzatuta, online bidezko lehen azoka egiten ari dira Durangon. Hori horrela, Euskal Herriko txoko guztietatik une berean Durangon egon daiteke aurten bisitaria. Baita irakurlerik eta gazteena ere.
Aurten haur eta gazteek ezingo dituzte liburuak eskuetan ibili, orriak pasa, kuxkuxeatu edota Toti Martinez de Lezea idazlearen sinadura eskuratzeko minutuetako ilara bukaezina egin. Baina badute aukera bat Eguberrietarako opariak aukeratu ahal izateko. Olentzero ez da libratuko liburuak zakuan sar-tzeaz. Hain zuzen ere, aurtengo ediziorako prestatu duten azokaren webgunean haur eta gazte literaturako hainbat nobedade ere aurkitu daitezke.
Ganbara irekita
Saguganbara izaten da haurren txokoa azokak irauten duen egunetan. Bertan egiten dira liburu aurkezpenak, ipuin kontaketak zein antzerkiak. Oraingo honetan ere, edukiko dute aukera etxeko txikienek literaturaz goza-tzeko, nork bere etxetik. 'Streaming' bidez, gaur hasi eta asteartera arte egunero goizeko 10:30etik 11:30era daukate hitzordua azokaren webgunean dagoen 'streaming' plataforman. Durangoko Berbaro elkartea arduratzen da Saguganbara aurrera eramateaz, eta bertako arduradun Marina Agirrek aurreratu duenez aurtengo egitarauak sorpresa ugari dakartza. "Ez dira aurkezpen normalak izango, sortzaileei originaltasuna eskatu diegu, dinamikoak izatea".
Agirrek azaldu duenez, azken urteetan bilakaera izugarria izan du haur eta gazte literaturak. "Azken boladan sortzaile ugari ari dira bere lanak erakusten, bai irudiz zein hitzez". Urtero Berbarok liburuxka argitaratzen du liburu gomendioekin adin tarteka banatuta. Aurten ere argitaratu du eta beraien webgunean ikus daitezke osorik. "Nobedade ugari eta gauza polit asko daude aurten", aitortu du Agirrek. Hain zuzen, argitaletxe eta sortzaile askok probesten dute Durangoko Azoka eta bereziki Saguganbara gunea urteko nobedadeak aurkezteko.
Horietako bat da, Antton Kazabon idazle oiartzuarra. Ehundik gora liburu idatzi ditu dagoeneko eta aurten ere nobedadeak dakartza Azokara. Besteak beste, Batetik zetara gure ostadarra liburua aurkeztuko du Denonartean argitaletxearekin. Zenbakiak, letrak eta koloreak lantzeko aproposa. Denonarteanekin idatzi du ere Erotik liburua. Matahami argitaletxearen eskutik, aldiz, Bartoxeko Olentzero eta Erein argitaletxearekin ume helduxeagoentzat Mikel Larson eleberria.
Erein argitaletxeak nobedade uzta handia jarri du aurten ere irakurleen eskuragarri. Besteak beste, Monika Arratibel idazlearen lehen ipuina dakar. Etxealdian egina eta Xabier Etxaniz marrazkilariaren irudiz lagunduta. Laino txiki, egizu negar poliki du izenburua. Bihar liburu aurkezpena egingo du Arratibelek 'streaming' bidez azokako webgunean. Berarekin batera, argitaletxe bereko Beatriz Yuberok Xatur satorra bildumako Bi familia Xaturren-tzat liburua aurkeztuko du. Halaber, Azokako dendan egongo da ere Xatur eta tximeleta liburua, zortzi urtetik aurrerako haurrentzat gomendatua.
Erein argitaletxearenak dira ere, etxeko txiki handienentzako nobedade hauek: Aitor Aranaren Zuhaitza, Koldo Izagirreren Dumitru biluzik nobela, Jon Arretxeren Trumoiaren alaba, Iñazio Mujikaren Hans eta igela eta Eider eta Arrate Rodriguez ahizpek elkarlanean sortutako Oilasko Hegalak liburua, besteak beste. Azken hau, sei urtetik aurrerako haurrentzako egindako albuma da eta hausnartzeko pentsatuta dago, haur zein gurasoentzat, bakarka edo familian; familiako kideek osatzen duten ekosistema beste begi batzuetatik ikusteko gonbita da. Egileen arabera, sentitzeko ere sortua izan da: bakardadea, berekoikeria, haserrea, ?askatasuna eta maitasuna bezalako sentimenduak jorratzen ditu irudiz irudi, hi-tzez hitz eta kolorez kolore.
Gustu guztiak asetzeko
Ereinen gisara, hamaika dira nobedadeak dituzten argitaletxeak. Liburu zerrenda amaigabeak egiteko modukoak. Elkar argitaletxea ez da atzean gelditu eta makina bat nobedade dakartza. Horietako batzuk dira: Garbiñe Ubedaren Esanezinak, Miren Agur Meaberen Begiak zerumugan, Jabi Elortzaren Gezurren habia eta Anjel Lertxundiren Haltzaren muinoa edota Zakarruko eleberriak. Horiek 10 urtetik gorakoentzat. Txikiagoentzat aldiz, Elkarrek Martin Etxeberriaren Valerium Tremens eta Traganarruak; eta Ana Jakaren Txantxa Gutxi dakartza.
Denonartean argitaletxeak bere aldetik, Nafarroako Mariskala Aitzol Lasaren liburua, Pello Añorgaren Maritxiki supermerkatuan eta Iñigito Txapelpunken Gabonetako ipuinak liburua nabarmendu ditu. Hain zuzen, Euskal Herrian artista, abeslari eta musikari gisa ibilbide luzea egin ondoren, Iñigito Txapelpunkek jauzia egin eta bere idazle fazeta erakutsi digu. Ibaizabalek, bestetik, Matxinsalto bilduma ezaguneko Iñaki Zubeldiaren Siberiako neskatila ausarta, eta Gaztetxo bildumako Aitor Aranaren Ilargiko zaindariak arriskuan eta Lur Gallastegiren Itsas azpiko sekretuak dakartza beste batzuen artean, eta, Txalaparta argitaletxeak, Josu Ozaita eta Joseba Larratxeren Gau beltza. Pamielak eta Maiatzek azkenik, ere badakarte zer irakurria.
Lehenak, Bernardo Atxagan egin du apustu segurua. Asteasuarrak Mikel Valverderekin elkarlanean Ata Pank eta Ate Punky liburua ondu du gazteentzat. Bigarrena, gazteentzako liburuekin ausartu da. Hain zuzen, Joseba Aurkenerenak Hala bazan hala ez bazan€ ipuin bilduma ida-tzi du. Iparraldeko argitaletxearen hitzetan, Aurkenerenaren liburuaren bidez "hogei bat ipuinek gure historian sartzen gaituzte, ahan-tziak diren gertakari zenbait molde atseginean argira ekarriz".
Sortzaileak nonahi eta nolanahi
Crowdfounding bidezko proiektuak eta sorkuntzak indarra hartzen ari dira azken urteotan. Horien erakusle, aurtengo azokan ere izango dira zenbait. Nerea Marquez eta Alex Filitreauk adibidez, Zirimiria euripean jolasteko liburua aurkeztuko dute astelehenean, abenduak 7, 11:10ean. Idoia Larrañaga eta Gemma Ces-ek Aita Manuelen ipuinak liburua dakarte. Pasai San Pedroko patroi handiaren figura historikoa kontatzen da bertan.
Gaurko egitarauan, beste batzuen artean, Koralaren distira eta Lorerik Gorriena liburuak aurkeztuko dituzte streaming bidez. Lehena Mezulari argitaletxeak dakar eta Maite Marquez eta Kris Etxabek sortu dute. Bigarrena bestalde, Itziar Otaegi eta Sandra Garayoak Pamiela argitaletxearekin ondutako lana da eta aurtengo Etxepare Saria jaso du. Sei urtetik aurrerako haurren-tzako aproposa.
Argitaletxeek plazaratutako lanen mokadua besterik ez da hau. Euskaraz sortutako lanak dira gehienak baina Durangoko Azokaren atarian beste hainbeste dira itzulpenak haur eta gazteentzako nobedadeen artean. Orotara, azokako Dendan 2.300 eskaintza aurki daitezke eta horietako asko eta asko haurrei eta gazteei zuzendutakoak dira. Pandemiak pandemia uzta beti bezain anitza dakar euskal literaturak. Aurrerantzean bizi daitezkeen egoerei aurre egiteko esku artean letra festa izatea.