Alberto Gonzalez (Elgoibar, 1973) izan zen proiektuaren lehen hazia jarri zuena. Urte luzez aritu izan da musikan, eta unibertsitate garaitik zeukan Montoiaren liburua musikatzeko gogoa. “Beti sentitu izan dut liburu horrekin zerbait egin behar nuela, nolabaiteko dei bat nabari izan dut aspalditik”, adierazi du. Kutsu “rockeroa” hartu dio Gonzalezek bildumari, rock estatubatuarrarena eta ingelesarena, batez ere, eta hortik jo du doinuak sortzerakoan: “Liburua irakurtzen nuen bitartean, melodiak etortzen zi-tzaizkidan burura”.

1983koa da olerki bilduma, Montoiak Hertzainak utzi, eta M-ak sortzen ari zen garaikoa. Gonzalezek azaldu du askorentzat logikoa izango litzatekeela poema horiekin euskal rock erradikala egitea, garai hartan puri-purian bai-tzegoen estilo hori, baina berak ez zituen horrela interpretatu olerkiak. Azaldu duenez, Montoiak erreferentzia egiten die David Bowieri eta Lou Reedi, adibidez, eta hortik jo du berak.

Maitasunari, adiskidetasunari eta drogei egiten diete aipamena poemek, besteak beste, baina Gonzalezek azaldu du ez direla abesti “tristeak”. “Ilunak dira melodiak, baina eleganteak”, azpimarratu du. Hala ere, aitortu du ez dela lan erraza izan hitz horiei musika jar-tzea: “Letrak ez dira erritmikoak, baina giro berezi bat sortzen saiatu gara”. Itziar Beristain (Oiartzun, 1972) taldeko abeslaria da, eta azaldu du musikariek kantuei beraien kutsua eman dietela interpretatzerako orduan.

Irudia eta soinua Gonzalezekin eta Beristainekin batera, Iñigo Romera baxu-jolea eta Iñigo Egillor bateria izango dira taula gainean, baina J.A. Areta Goñi Juxe argazkilariak eta Gotzon Aretxabaleta soinu teknikariak ere paper garrantzitsua dute proiektu honetan: “Juxek irudiak jartzen dizkie letrei, eta soinu teknikaria ere taldeko partaide bezala hartzen dugu, hainbat diziplina lantzen dituen proiektua baita Muga”, kontatu du Gonzalezek.

Montoiaren liburua oinarri hartu badute ere, taldekideek azaldu dute ez dela zehazki musikari horri egindako omenaldi bat. “Proiektuarekin aurrera egin ahala, nabaritu genuen egiten ari ginen hori definitu behar genuela, eta taldeko partaide batek esan zuen lehen harria izan zitekeela hainbat autoreren lanak hartu eta musikatzen hasteko”, azaldu du Gonzalezek. Hori dela eta, ez dute baztertzen antzeko beste proiekturen bat martxan jar-tzea. Hala ere, adierazi du momentuz “lan handia” daukatela ikuskizun honekin.

Disko ezberdina Azaroan argitaratutako diskoak zortzi abesti ditu, eta laburrak izateko ahalegina egin dute: “Gaur egun disko baten ale gutxi saltzen dira; jendeak musikarekin, telebistarekin bezala, zapping egiteko ohitura dauka”, uste du Gonzalezek. Hori dela eta, abesti “esanguratsuenak” sartu dituzte diskoan. Fermin Muguruza musikariak ere kolaboratu du Muga proiektuan. Fernandezek kontatu du harremana duela berarekin, eta esku artean zuen proiektua aurkeztu ziola. Edozertan laguntzeko prest azaldu zen Muguruza, eta Muga taldeak poema bat errezitatzeko aukera eman zion. “Guztiz identifikatuta senti-tzen zela esan zuen Ferminek, eta grabatzeko eskatu nion”, adierazi du Gonzalezek.

Taldekideek azaldu dutenez, harrera ona izan du diskoak, eta Beristainek nabarmendu du entzuleek esan izan dietela lan “ezberdina” dela: “Abesti laburrek publikoaren arreta bereganatu dute, baita kantuen egiturak ere, ez baitute ohiko moldea”. Gonzalezek adierazi du diskoaren azala ere “misteriotsua” dela, eta horrek entzuleak erakarri dituela.

Zuzeneko bereziak Diskoaz aparte, kontzertuek garrantzia berezia dute proiektuan.“Zuzenekoak dinamikoak izatea bilatu dugu”, azaldu du Gonzalezek. Horretarako, beste artista batzuen kantuen bertsioak interpretatuko dituzte, eta errezitalak “arinak” izango dira. “Nahi duguna da, kon-tzertu gutxi emanda ere, eskain-tzen ditugun horiek kalitatezkoak eta landuak izatea”. Horretarako entsegu asko egiten ari direla azaldu du Gonzalezek, eta buru-belarri ari direla lanean soinu teknikariarekin eta argazkilariarekin: “Espektakulua da gehien bat”.

Hilaren 25ean izango da Muga lehen aldiz zuzenean ikusteko aukera, Markina-Xemeingo Uhagon kulturgunean. Martxoaren 25ean Bilboko Loraldia jaialdian izango dira, eta maiatzaren 15ean Donostiako Lugaritz kultur zentroan.