Semantikoki bada ere, hezurrekin jarraipena eman nahi izan dio Miren Agur Meabek aurreko liburuetan abiatutako bideari: “azalean hasi (Azalaren kodea, 2000), eskuetatik jarraitu (Bitsa eskuetan, 2010), begian geldiunea egin (Kristalezko begi bat, 2013) eta gorputzaren barrenekoetara jotzen duen eskemaraino egin du bidea Hezurren erretura (Susa) liburu berria plazaratuz. “Begi hartatik, hezur hauek”, dio lekeitiar idazleak.
Narrazio guztiak bi planotan kokatu ditu Meabek liburu berrian: bata, umezaroak eta gaztaroak sorraraziko bizipen, sentsazio, oroitzapen eta emozioen pilaketa; bestea, 55 urteko emakume baten bizitza. Istorioen abiapuntua esperientzia errealak izan arren, “biraketa subjektiboek, distrakzio-maniobrek, hipotesiek, irudimenak? etengabe modelatzen dute materiala”, egilearen ustez. Horregatik, liburuan eskaintzen dena “memoria fikzionatua” dela dio.
Etengabeko atzera-begirakoa jasotzen da liburuan. Orainean dauden pasarteak ere, ezinbestean, iraganeko elementuz zipriztinduta daude. Memoria ariketa horren atzean zer dago?
Memoria toki antzeko bat da, inoiz bizi izan ginena, eta bizitoki pribatua ere bada, eta geu gara haren jabe bakarrak, inork ezin duelako ziurtatu zerbait era batera edo bestera gertatu zela. Alde horretatik, memoriarekin lan egitea oso emankorra gerta daiteke, ez iragana gogoratzeko bakarrik, baizik eta asmatzeko. Liburuan eskaintzen dena memoria fikzionatua da: testuen oinarrian benetako gertaerak daude, baina garapena ez da beti erreala, ezta autobiografikoa ere. Miramar ipuinean esaten den moduan, “oroimenak baldarki arpilatzen du iragana, atzazal iruzurtiekin harramazka eginez”.
“Tintak ukitzen duenerako, edozein material bihurtzen da ez guztiz egiazko”, diozu pasarte batean. Hori izan daiteke fikzioa eta errealitatearen arteko muga bat?
Kontatzen hastean, saihestezina da errealitatea fikzio bihurtzea: biraketa subjektiboek,distrakzio-maniobrek, hipotesiek, irudimenak? etengabe modelatzen dute materiala. Idazleari ezinezkoa zaio egia osorik atxikitzea; eta gainera, ez zaio komeni, literatura egiten ari delako, ez errealitatearen kronika edo lekukotza leiala.
Liburuan jasotzen diren bizipen guzti horiek zer sorrarazi dizute?
Bizitza literatura bihurtzeko erronka eta plazera. Hala ere, garrantzitsuena zera da: nik aukeratutako anekdotek irakurleen emozioek bor-bor egiten duten eremuan barneratzea eta haiekin nahastea, ipuinetako batzuk belaunaldi baten eta bizimodu baten ispilua direlako.
Liburuaren izenburuan, hezurrak. Zer esan nahi dute?
Hezurrak gure azken arrastoak izaten dira, baita animalia basatienak ere, sarraskijaleek gorpuzkinak jan ondoren geratzen diren hondakin suntsigaitzak. Kasu honetan, hezurrak ez dira aztarna fisikoak, metaforikoak baino, aldean daramatzagun orotariko pisuen sinboloa, oroitzapenak barne. Horregatik ageri da liburuaren sarreran Fabio Morabitoren aipua: “Inoiz ez dut bizkor bidaiatu, baina bidaiatu dut, nire hezurren mina aldatu egiten da / ehun metrotik ehun metrora, / eta inork ez daki nik bezain ondo kilometro bat zer den”. Bizitza aldaketa etengabea da, neketsua eta mingarria askotan. Eta ez naiz artrosiaz ari.
Erretura da izenburuko bigarren elementua. Aipatu izan duzunez, idazkuntza bera litzateke erretura hori. Zer bilatzen duzu horren bidez?
Protagonistak bere egunerokoan adierazitakoa: “Aldian-aldian erretura egin beharra gertatzen zaigu, haizea zainduta, onuragarria behar lukeena kalterako izan ez dadin”. Horrek esan nahi du oroitzapen, asmakeria, pasadizo, amets eta hausnarketa guztiek, -edozein hezurrek- erreturarako balio duela; hau da, idazkuntzaren lehengai dela. Erretura egitea eraldatzea da, literatura eginez.
“Idatziak idatzita geratzen dira”, diozu. Liburu honen bidez oroitzapen eta sentimendu horiek, “erre” baino, betikotuko egin dituzu.
Liburuan egiten den errekuntza errituala da, ezein idazkuntzak ezin du-eta bizitza benetan erre. Horretan dabil protagonista, pilatutakoak erretzen, suntsitzen, baina aldi berean beste energia bat ateratzen. Lurrean errautsak geratuko dira, material baliokoa -deitu liburua, nahi baduzu-; eta zentzu horretan, bai, hori bada betikotzeko era bat.
Idazkuntzaren gaineko gogoetak ere badira liburuan.
Han-hemenka agertzen dira protagonista den idazlearen kezkak, sakonago edo azalekoago. Adibidez, lagun bati zuzendutako gutunean, hau dio: “Baina idaztea hain da ataza astitsu eta trinkoa? Hazka eta puzka beti anekdotak aukeratu, hitz zehatzak non zein ipini, berezkotasuna itxuratu, pasarteen arteko listaria ez galdu, sakontasuna sakonkeria bilaka ez dadin saiatu, egoeren nahiz barne-egoeren intonazioa ñabartu eta abarretan”.
Liburua bera ere, bertan aipatzen duzun “kuarto ilun” horrekin bezala, “sentimenak kina-tzeko jauregi” baten modukoa dela esan daiteke?
Liburuan espazio, paisaia, gauzaki, animalia eta abar ugari agertzen dira, eta ugaritasun horrek izan lezake irakurlearen alde sentsoriala kina-tzeko edo zirikatzeko gaitasuna. Ez dut esango liburua jauregi bat denik, baina bai kutxa bat, behin zabalduta, irakurleari koloreak, soinuak, usainak, testurak eta zaporeak berriz biziarazi ahal dizkiona.
Bi planotan kokatu dituzu narrazioak, biak txandakatuz: bata, umezaroak eta gaztaroak sorrarazitako bizipen, sentsazio, oroitzapen, emozioen? pilaketa; eta bestea, 55 urteko emakume baten bizitza. Zer dela eta hautu hori?
Formatu klasikotik ihes egiteko. Ipuinen artean nabari da hari kronologiko single bat, neskatoa emakumetu ahala. Baina tartean txandakatu egiten dira iragana eta oraina, apropos, irakurketaren tentsioari edo jakin-minari eusteko eta baita aldien arteko loturak sortzeko ere.
Denetara hogeita bat kontakizun bildu dituzu liburuan; protagonista, berriz, bakarra, baina pertsonaia hori belaunaldi jakin bateko beste neskatxo eta nerabe batzuen pertsonifikazioa ere badela esan daiteke, ezta? Nolakoa da?
Labur esanda, zaurgarritasunaren eta indarraren arteko dikotomian bizi den emakume bat da. Oso gaurko gaia da hori: zaurgarriak gara, baina indartsu agertu behar. Hala ere, berak ez du indartsu plantarik egiten min duenean, eta, funtsezkoa, ez da auto-errukian ere estankatzen. Gainera, bere buruari barre egiteko gai da.
“Ardi beltzaren pareko sentitzen nintzen neska talde urdinaren erdian eta egonezinez itxaroten nion jantzi ofizialaren bidez askoren arteko bat bihurtuko nintzen egunari, inoren destaina-keinuetatik salbu geratzeko”. Garai bateko sentipenak oso presente daude gaur egungo jendartean ere, modu batera ikasi dugu mundu honetan bizirauten, eta testuingurua desberdina izan arren, berdin joka-tzen dugula ematen du. Zerbait aldatu al da?
Esaldi hori protagonista umea zen garaiari dagokio. Umetan, inork ez du nahi “desberdina” izan. Gure sasoian, eta aurrekoetan, heziketaren premisetako bat artaldearen barruan jokatzea zen, ahalik eta gutxien nabarmentzea. Eskola esparruan, irudi-tzen zait, nahiz eta oraindik ere araudi kolektiboak indarrean egon -eta beharrezkoak dira araudi horiek-, badagoela sentiberatasun modernoagoa ume bakoitza bere banakotasunean hartzeko.
Liburuan bada maitasuna, baina badira ortulau abusatzaileak ere, dena kakazten duten arratoiak... Bizi-tza bera bezain gazi-gozoak dira pasarteak.
Eguneroko bizimoduaren epika, lirika eta dramatika elkarren ondoan daude.
Erreferentziak ere badira. Joseba Sarrionandia, Valeria Luiselli, Adrienne Rich, Aldous Huxley eta beste hainbat.
Liburuak eduki metaliterario handia du. Aipu horiek batzuetan zerikusia dute protagonistaren burutazioekin, eta beste batzuetan egilearen premiekin. Esaterako, Sarriren esaldia, Agian ametsak dira nire oroi-tzapenak ere, ezin egokiagoa da memoria ariketa egiten denean geure buruari ematen dizkiogun lizentziak edo egiten ditugun akatsak esplikatzeko.
Sei urte eman dituzu liburua ontzen, nolakoa izan da prozesua?
Orain dela bost urte idatzi nituen sorta honetako lehen ipuinak, egitasmoa osotara zer izango zen oraindik ez nekiela. Etenaldiak eta atzera-aurrerak eta metamorfosiak egon dira prozesuan, protagonistak berak esaten duenez: “Irudi baten bidez azalduko dizut: baltsa batean zoaz ibaian behera, zer topatuko duzun jakiteke eta datorrena jasotzeko prest, dela harbiribila ibaiaren zeharrune batean, dela koartzaren luma, dela lata herdoila edota kondoi maskala. Ur ezezagunetan menturatzea da idaztea, eta arraunari -boligrafoari- eragin eta eragitea. Idazleok ekinean jarraitu behar dugu, bestela basa-tzan inkatuko litzaiguke bihotzean daukagun kristalezko makila, eta apurtu”.
Diozunez, liburu bat idazten hasten zarenean eta amaitzean, ez omen zara pertsona bera, aldaketa bat egoten omen da. Nola aldatu zaraprozesu honetan?
Idazteak, besteak beste, balio izaten dit pentsamenduak, emozioak eta sentipenak zehaztu eta ordenatzeko, baita gertaerei neurria hartzeko ere. Paperean islatu ahala, emozioak gogoeta bihurtzen dira eta egoeren jabeago sentitzen naiz; idazkuntza-prozesuak badu niretzat ahalduntzetik eta eragozpenak gainditzetik.