Duela hogei urte baino gehiago hasi nuen bidaia, eta oraindik ez naiz itzuli. Zazpi bat urte izango nituen. Nire lehengusuekin pasa nuen eguna, Mediano ibaian plista-plasta. Intsektuak ehizatu eta tripak atera genizkien, basoan makilak bildu genituen, beste neska-mutil batzuk ezagutu genituen. Bitartean, gure gurasoek saiheski erreak jan eta ardoa edan zuten. Gu behi-gorotzen artean jolasean aritu ginen, istorioak asmatuz, neka-neka eginda bukatu arte.

Gogoan dut iluntzen ari zuela. Nire aitaren Citroën Visa Super E autoko atzeko eserlekutik ikusten nuen zerua. Iruñera bueltan ginen, eguna Lantzen pasa ostean. 25 kilometro eskaseko bidea. Eguzkia ezkutatzen ari zen. Udako iluntzeak urre kolorea zeukan, eskumako aldetik ikusten ziren muino batzuen atzetik. Gogoan dut, orduan, bidaiatzen nengoela sentitu nuela. Eta oraindik ere zerbait egiteke neukala. Zerbait deskubritzeke. Oraindik txoko asko neuzkan miatu gabe, eguna pasa genuen leku hartan.

Urte asko beranduago, jada heldua izanda, aurreztutako diruarekin eta kazetaritza ikasketak bukatuta, Afrika bisitatu dut, Amerika iparraldetik hegoaldera ibili dut, Asiako erdialdetik ibili naiz, Ekialde urruneko uharteak bisitatu ditut eta Europa alderik alde eta goitik behera zeharkatu dut. Hainbat aldiz hartu dut bainua Ozeano Pazifikoan, Artikoa eta tropikoak bisitatu ditut, baita hainbat basamortu ere.

Baina nire interes nagusia ez da inoiz izan bidaiatzea bera. Ez oporretan joatea;ez momentuak bisitatzea; ez argazkiak egitea; ezta maleta egitea ere. Horrek aspertu egiten nau. Bidaiari txarra eta turista are okerragoa izan naiz. Etxetik 25 kilometrora emandako udako arratsalde horiek gogoratzen ditudanean soilik sentitzen dut nire barruko mugimendu berezi hori; oraindik ere asmatu gabeko istorioak eta bisitatu gabeko lekuak daudela gogorarazten didana. Deskubritzea. Hori da bidaiatzea.

Bidaia ikastea da; ezagu-tzea; eta gauza berriak deszifratzea; ezezagunekin elkartzea, ezagutzen ez dugunaren mende egotea. Batzuetan, joan beharra egoten da. Beste aukerarik gabe. Abentura eta esplorazioa da. Bidaiatzeak esan nahi du zerbait daukagula ikasteko. Gainerako jendearekin etengabeko elkarreraginean egotea da. Beste gizaki, beste kode, beste hizkuntza eta beste kultura batzuen esku jartzea.

Bidaia batetik itzuli nintzen azken aldia gosari afganiar bat egin ostean izan zen. Belgradoko (Serbia) tren geltoki abandonatu bateko barrakoi batean.Allí Massoud eta beste afganiar mutiko batzuk Alemaniara heldu nahian zebiltzan, asiloa eskatzeko asmoz, eta haiekin gosaltzera gonbidatu ninduten; arrautza frijituak, patatak eta tipula prestatu zituzten zartagin batean. Eta, noski, tea ere hartu genuen. Mugaz harago zerbait gehiago aurkitzeko itxaropenez zihoazen bidaian. Beren etxeko istorioak kontatu zizkidaten; hara ezingo dira itzuli; indarrez bota zituzten. Gu bidaiari zirkunstantzialak gara. Nahi dugulako egiten dugu. Pribilegiatuak gara.

Kazetaritzari esker, zorionez, bizi-tza bakarrean mila bizitza eduki-tzeko aukera izan dut. Egia esan, jakin-min hutsa izan da horizonte berriak bilatzera eraman nauena. Joateko lekuren bat izan behar dugu beti gogoan. Bidaiaria irudimenaz elikatzen da. Bidaiari bati gerta dakiokeen okerrena irudimenik gabe geratzea da. Hori gertatzen denean, bidaia amaitu dela esan nahi du. Hala ere, askotan, buruan geratzen zaigu bidaia hori luzatzeko aukera; oroitzapenen eta istorioen bidez.

Urte pare batez pribilegiatu hutsa izan naiz: orri hauetan nire istorioak argitara emateko aukera izan dut, bidaia-koadernoaren aitzakian. Ortzadarren eduki dudan egitekoaren ondorioz, apunteetan bilatu dut, iraganeko enkontruak gogora ekarri ditut, egondako lekuetan pentsatu dut, bizitzan ezagututako jendeaz hitz egin dut. Horrekin guztiarekin, munduari buruzko teoriak eraiki ditut, nire inguruko errealitate nahasia ulertzen laguntzeko.

Bidaia batzuk ez dira inoiz amaitzen, baina atsedena ere hartu behar da. Bidean geldialdi bat egin. Nirea hemen izango da. Ez dut uste istorio exotiko edo bitxi gehiagorik daukadanik kontatzeko. Umiltasun osoz, ikasten jarraitu behar dudala uste dut. Beti egongo dira helburu berriak, bisitatzeko herrialdeak, urratzeko bideak.

Ordura arte. Bidaia on!