Tarteka Jasone Osororekin geratzeko ohitura hartu nuen aspaldi, gehienetan bere edo nire herrian egiten dugun gosari baten bueltan, edota bermuta hartzeko, gutxiagotan, bere 12etan bermuta nobelaren izenburuari jarraikiz. Orain hurrena elkartu ginenekoa 13:30etan izan bazen ere.

Gai asko ateratzen dira mahai gainera, inspirazio uneak egoten dira, intimistagoak, etsipen edo neke adierazpenak, eta orduak tximistak legez igarotzen zaizkigu. Eta, ezinbestean, idazlearen ofizioaz mintzo gara askotan. Biok egin genuen ogibide eder horren aldeko apustua, soldata finkoa (baina emozio gutxiago) ekar zezaketen lanak baztertuta, urte asko daramatzagu, eta, zorionez, urtero iritsi gara hilaren bukaerara.

Baina une ilunak ere baditu gure zereginak: prekarietatea gogor pairatzen dugu maiz, edo iturria agortu egin dela dirudi, edo testua ez zaigu ateratzen guk nahi bezala. Geure burua gutxietsiz, auto-estimua euskarririk gabe geratzean oso gutxi falta izaten zaigu, batzuetan, dena pikutara botatzeko, beste zerbaitetara dedikatzeko, adinean aurrera goazen heinean gero eta zailago jar-tzen ari bazaigu ere, hezkuntzara igarotzea, batik bat. Halere, kezkak, injustiziak eta afruntuak partekatuz leundu egiten dira.

Atera berri dudan nobelaren harira kritiken gaia atera zen. Jasonek ez ditu irakurtzen; nik bai. Eta ideia bitxi bat bota zuen: zergatik existitu behar duten kritikek. Gure lanaren jazarpen gehiegizkoa iruditzen zaiola. Irudikatu, zer litzatekeen irakasle bati kamera bat jartzea, eta interneten denok jardutea hark klaseak nola ematen dituen kritikatzen. Edo igeltsero bati: obra amaitu duenean egunkari guztietan agertzea obra horri buruzko kritika sorta, eta lana egiteko moduaz, antzematen zaiola esperientzia falta, ez diola mailuari behar bezala heltzen, zikina dela? edo taxi-gidari bati, udaltzain bati, kamarero narras guztiei?Mundu hau gudu zelai bihurturik, inor ez litzateke salbatuko, laster genuke gobernua kritiken aurkako lege-dekretu bat idazten.

Idazleon lana, aldiz, nahiko modu errukigabean kritikatzen da maiz, eta kasu honetan errukiari begirunearen eta errespetuaren ezaugarriak eman nahi dizkiot, eta ez inor minbera utzi beldurrez esandako gezur leunen osagaiak. Azken batean, zer dugu, bada, irabazten? Zer onura, ondasun eta ospe dago, bada, jokoan? Egia da lanera ez garela egunero joaten, baina lanean ari garenean inork baino ordu gehiago sartzen dugula ere bai. Ez dugu gure lana mekanizatuko duen tresnarik, ez asegururik, geure buruaren emana soilik. Geure buruan, soilik, lehengaia eta hori lantzeko tresnak. Oso exijentea da, alde horretatik, idazle lana, dituen irabazientzako.

Lana publiko egiten dugula? Salgai dagoela? Guk, sikiera, zerbait ekoiztu dugu; kritikoek zer jartzen dute salgai? Zer ekoiztu dute? Ez noa haiekin haserretzera, halere, geurekiko eskatzen dudan erruki zabal berbera merezi dutelakoan haiek ere. Hermann Hessek eman zidan zerbait gehiago ulertzeko klabea: “Paisaia bat deskribatzen dugunean, ez gara paisaiaz ari hizketan, geure buruaz baizik”. Liburuei buruz ari direnekin ere antzeko zerbait gertatzen dela iruditzen zait. Liburua, kritikoari, ispilu zaiola beti, bere irakurketa guztiena, bere bizitzako egoerarena. Eta agian ez dugu idazten, beti, haiek irakurri nahi luketen nobela.