Gasteizko Udalak lau emakume erreferenteren izenak jarriko dizkie hiriko beste horrenbeste guneri: Blanca Catalan de Ocon, Benita Asas Manterota, Ana de Begoña eta Lourdes Reparaz.
Horrela, Maider Etxebarria Gasteizko alkateak nabarmendu du duenez, "benetako berdintasuna lortzeko urratsak" ematen jarraituko dute, "baita hirigunean ere".
Izendapen berrien bidez, udal gobernuak "hiri bidezkoagoa, adierazgarriagoa eta emakumeen memoriarekiko errespetuzkoagoa diseinatzeko duen konpromisoa" indartuko da.
Gasteizko 1.080tik gora kaleetatik 62 baino ez dira emakumeei eskainiak, gizonei dedikatuak 305 diren bitartean. Bada, alkatearen iritziz, desproportzio "onartezin" hori konpondu egin behar da.
"Historian zehar, emakumeak ez gara kontuan hartuak izan, eta kale izendegian bidegabekeria hori zuzendu behar dugu, gure ikertzaile, idazle, zientzialari, irakasle edo kirolariez harro gaudela erakusteko", adierazi du.
Horretarako, ez dira lehendik dauden izenak aldatuko, baina orain izenik ez duten berdeguneei emakumeen izenak emango zaizkie. Horrela, Olarizuko labirintoari Blanca Catalan de Ocon Espainiako lehen emakume botaniko espezializatuaren izena jarriko zaio.
"Historian zehar, emakumeak ez gara kontuan hartuak izan, eta kale izendegian bidegabekeria hori zuzendu behar dugu, gure ikertzaile, idazle, zientzialari, irakasle edo kirolariez harro gaudela erakusteko"
BESTE DATU BATZUK
Era berean, Los Herran eta Samaniego ikastetxeen artean dagoen lorategia Benita Asas Manterola deituko da, pedagogo, kazetari eta feminismo espainiarraren funtsezko figuraren omenez.
Ana de Begoña hiriari lotutako artearen historialari, idazle eta unibertsitate irakasleak izena emango dio Mendebaldea BHIren ondoan eraikiko den belaunaldi arteko jolasgune berriari.
Azkenik, Lourdes Reparaz mundu mailako igeriketa eta salbamendu txapelketa garrantzitsuak irabazi dituen kirolaria gogoratzeko informazio zutoin bat jarriko da Gamarrako parkean, entrenatzeko lekua zuen Zadorra ibaiaren ondoan.