Euskal zinemak erakutsi du azken urteetan gauza handiak egiten badakiela. Azken adibiderik argiena, agian, Handia filma da, baina aurretik ere baditugu Loreak eta Amama filmak, eta beste hainbat eta hainbat ekoizpen Estatuan eta nazioartean inolako konplexurik gabe proiektatu eta lehiatu direnak, atzerriko kritikoen eta publikoaren txaloak berenganatuz.

Uzta onak ez du etenik, eta Euskal Herriko zinemaren agertoki garrantzitsuenean ere antzeman daiteke hori. Donostiako Zinemaldiko 66. edizioan euskal ekoizpenak inoiz baino gehiago izango dira. Horietako 14 gainera, euskaraz izango dira, osorik edo hein batean, behintzat. Sail Ofizialean, Zuzendari Berriak, Zabaltegi-Tabakalera, Perlak, Culinary Zinema eta Zinemira sailetan ordezkapena izango dute ekoizpen horiek, baita Euskal Zinemaren eta EiTBren festetan ere.

Hamabi euskal film Zinemiran Donostiako Zinemaldian bada euskal zinemari propio gordetako saila: Zinemira. Hamabi euskal ekoizpen bilduko ditu aurten sail honek, horietako zazpi euskaraz. Mudar la piel (Ana Schulz eta Cristobal Fernandez) filmarekin inauguratuko dute saila eta Black is Beltza (Fermin Muguruza) animaziozko filmarekin itxiko dute. Horiekin batera, beste hamar euskal ekoizpen ikusiko ditugu Zinemiran: Errementari (Paul Urkijo), Basque Selfie (Joaquin Calderon), Margolaria (Oier Aranzabal), Gure Oroitzapenak (talde-filma), Izaro (Txuspo Poyo), Baules/Kutxak (Juanmi Gutierre), Bajo la piel del lobo (Samu Fuentes), Gallo (Antonio Diaz), Lady Off (David Rodriguez) eta La noche nos lleva (David Gonzalez). Euskal Zinemaren festan, gainera, Jainkoak ez dit barkatzen (Josu Martinez) filma estreinatuko dute. Irailaren 25ean izango da Victoria Eugenia antzokian, eta bertan jasoko du Ramon Agirre aktore donostiarrak Zinemira Saria. EITBren festan, berriz, Vitoria, 3 de Marzo (Victor Cabaco) filma estreinatuko dute.

Zinemaldiko Sail Ofizialean ere euskarazko film batek bere lekua izango du: ekoizpen berezien atalean, Telmo Esnalen Dantza filma proiektatuko dute, zuzendari zarauztarraren azken lana. Zuzendari Berriak sailean, berriz, Koldo Almandoz zuzendari donostiarraren fikziozko lehen film luzea eskainiko dute: Oreina.

Gastronomia eta elikadurari lotutako Culinary saila Bihar dok 13 filmarekin itxiko dute, Aitor Bereziartuak eta Ander Iriartek zuzenduta. Maddi Barber Zabaltegi-Tabakalera saria lortzen saiatuko da Itoizko urtegiaren eraikuntzaren ondorioetan oinarritutako 592 metroz goiti film laburrarekin. Kimuak film laburren aurtengo aukeran hautatutako lanetako bat da, Josu Martinezen Ama eta Maria Elorzaren Ipurtargiak Oraindik lanekin batera.

ZINEMALDIKO EUSKARAZKO FILMAK

‘Dantza’

Saila: Sail Ofiziala - Emanaldi Bereziak.

Zuzendaria eta gidoia: Telmo Esnal.

Antzezleak: Amaia Irigoyen, Gari Otamendi, Ainara Ranera, Joseba Astarbe, Josu Garate.

Iraupena: 98 m.

Sinopsia: Ekaitza lehertu da landako lanegun gogor baten ondoren. Atertu duenean, bizitza erne da lehen agor zen lurretik. Fruitu bat hazi eta heldu da, bizirik eutsi die izurrien erasoei, eta sagardoaren bizigai izango den sagar bihurtu da. Orduan, uzta ospatzeko tenorea da, topa egitekoa eta maitasunaren festan murgiltzekoa. Bizitzaren eta heriotzaren zikloari buruzko istorio bat, bizirik irauteko borrokarena. Horretan, denboraren iragatea naturaren ibilbideak markatuko du. Eta dantza da hori kontatzeko hautatutako hizkuntza. Musikak eguneroko zereginei lagunduko die. Gai unibertsalak, sinbologia berezi batez jantziak. Dantza tradizionalen unibertso hipnotikoari dagokiona. Tradizioari, lurrari, haren jendeari, mitoei eta ohiturei egindako kantu poetiko bat. Izatearen mirariari buruzko kontaketa bat.

‘Oreina’

Saila: Zuzendari Berriak.

Zuzendaria eta gidoia: Koldo Almandoz.

Antzezleak: Laulad Ahmed, Patxi Bisquert, Ramón Agirre, Iraia Elias, Erika Olaizola.

Iraupena: 88 m.

Sinopsia: Khalil gazte arroztua hiriaren aldirietan bizi da, industrialdea ibaiarekin eta padurarekin elkartzen den lekuan. Khalil ahal bezala ateratzen da aurrera, eta ezkutatutako agure batekin ematen ditu egunak. Agurea ibaier-tzean bizi da, anaiarekin, baina urteak dira harekin azkenekoz hitz egin zuenetik. Paduraren ertzean, itsasaldiek markatzen dute amodioaren eta desamodioaren, adiskidetasunaren eta mendekuaren denbora.

‘Jainkoak ez dit barkatzen’

Saila: Zinemira.

Zuzendaria eta gidoia: Josu Martinez.

Argazkia: Hibai Castro.

Iraupena: 60 m.

Sinopsia: Lezo Urreiztieta XVI. mendeko pirata bat zen, 1907. urtean jaioa. Bere bizia arriskuan jarri, eta ehunka pertsonena salbatu zuen; Euskal Herriaren askatasuna negoziatu zuen atzerritar gobernuekin; Bilbon armaz betetako 17 itsasontzi sartu zituen Gerra Zibilean; Franco akabatzear egon zen? Hura hil eta berrogei urtera, Martin Ugalde idazlearen magnetofonoak haren istorio sinestezina ezagutaraziko digu, protagonistaren beraren ahotsaren bitartez. Elkarrekin 1975. eta 1978. urteen artean izandako elkarrizketa batzuk harturik abiaburu, film honek argitara aterako du XX. mendeko euskal historian funtsezkoa izan zen norbaiten lekukotza.

‘Black is Beltza’

Saila: Zinemira, klausurako filma.

Zuzendaria: Fermin Muguruza.

Gidoia: Fermin Muguruza, Harkaitz Cano, Eduard Sola.

Argazkia: Beñat Beitia.

Iraupena: 87 m.

Sinopsia: 1965eko urria. San Fermineko erraldoien konpartsak New Yorkeko Bosgarren Etorbidean desfilatzeko gonbidapena jaso du, baina ezingo dute denek desfilatu: arrazarekin lotutako kontuak tarteko, estatubatuar agintariek erraldoi beltzek ekitaldian parte hartzea debekatu dute. Benetako gertakarietan oinarrituta, Muguruza, Cano eta Alderetek Manex Unanueren istorioa kontatuko dute, erraldoi beltz horietako bat eramateko ardura duen fikziozko pertsonaiarena. Konpartsako kideek inposatutako erabakia onartu izana deitoratuz, etxera berriz ez itzultzeko erabakia hartuko du Manexek. Gaztearen begiradaren bitartez, 60ko hamarkadaren erdialdean gizartea irauli zuten gertakariak ezagutu ahal izango ditugu: Malcolm X-en heriotzagatiko mobilizazioak, Warholen tailerreko giro bitxia, Black Pantherren eta Kubako zerbitzu sekretuaren artean eratutako harremana eta hippye mugimenduaren hastapenak, lehenengo musika makrojaialdien giro psikodelikoaz inguratuta.

‘Errementari’

Saila: Zinemira.

Zuzendaria: Paul Urkijo.

Gidoia: Paul Urkijo Alijo, Asier Guerricaechevarria.

Antzezleak: Kandido Uranga, Eneko Sagardoy, Uma Bracaglia, Ramon Agirre, Josean

Bengoetxea, Jose Ramon Argoitia, Itziar Ituño, Gorka Aguinagalde, Gotzon Sánchez.

Iraupena: 99 m.

Sinopsia: Zortzi urte igaro dira 1833ko Karlistadaz geroztik. Arabako herrixka batean, Alfredo izeneko gobernu-komisarioa basoaren sakonean dagoen errementeria ilun bateraino iritsiko da, gertakari bat ikertzen ari dela. Patxi izeneko errementari arriskutsu eta bakartia bizi da han. Inguruko herritarrek lapurretei, hilketei eta deabruzko itunei buruzko istorioak konta-tzen dituzte hari buruz. Harik eta, egun batean, halabeharrez, Usue izeneko umezurtza errementeria misteriotsuan sartzea lortzen duen arte. Orduan, agerira ekarriko du Patxi errementariaren atzean ezkutatzen den egia lazgarria.

‘Basque Selfie’

Saila: Zinemira

Zuzendaria: Joaquin Calderon

Gidoia: Izaskun Iturri, Joaquin Calderon

Antzezleak: Agus Barandiaran, Itziar Ituño, Itziar Aizpuru, Kandido Uranga, Aizpea Goenaga, Aitor Merino, Felix Linares, Alberto Santana, Edorta Jiménez, Mikel Belascoain, Amaia Madinabeitia, Joaquín Calderón, Sandra Iraizoz, Kepa Baraiazarra, Txetxu Ayestarán, Oier Bizcarra, Koldo Martinez Urionabarrenetxea, Sorkunde Barandiaran.

Iraupena: 83 m.

Sinopsia: Agus Barandiaranek, mundu osoan euskal musika eta dantza tradizionalaren enbaxadore izandakoak, euskaldun batek izan dezakeen amesgaizto latzenari egin behar dio aurre: bere 1540ko baserria eraitsi nahi dute, errepide berria egiteko. Agusek gertakarien aurka jo beharko du bere sustraiak babesten saiatzeko. Izan ere, euskal kulturan, lau horma baino askoz ere gehiago da “etxea”. Basque

Selfie istorio tristea da, baina onbideratzailea, eta tradizioa du ardatzean: norberaren ezaugarriak bizirik mantentzeko tradizioa, hain zuzen.

‘Margolaria’

Saila: Zinemira.

Zuzendaria: Oier Aranzabal.

Gidoia: Martin Etxebarria, Xabier Etxebarria, Oier Aranzabal.

Argazkia: Iker Treviño.

Iraupena: 105 m.

Sinopsia: Mikel Urdangarin musikariak eta Alain Urrutia margolariak goiz batean Skype bidez elkarrekin izandako elkarrizketa batean abiarazitako bidaia-kontakizuna. Margolariak bere obretako bat eskainiko dio Mikeli opari, baina baldintza batekin: musikariak itsasoan zehar, ferryan, joan beharko du Londresera opariaren bila. Bidaia aitzakia harturik, bere lanaren emaitzaz bizitzearen alde apustu egiten duen artista baten egunerokoan barrenduko gara, artista ororen laborategiaren erdigunean ezkutatzen den giltzarrira iritsi arte, bilaketa guztiak baitira egiaz bidaiak; eta sorkuntza-prozesua ere berez baita bidaia.

‘Gure

Oroitzapenak’

Saila: Zinemira.

Zuzendaria eta gidoia: Talde lana.

Iraupena: 86 m.

Sinopsia: Joseba Sarrionandiaren aurpegia poliedrikoa da; ez literatura-adierazpideko molde guztiak ukitu dituelako soilik, baita bere iruditeria, ezin konta ahala munduz osatua, sortzeko gai izan delako. Beraz, literaturaren munduan agertzen diren elementuetako asko agertuko dira hemen, zalantzarik gabe: itsasoa, portua, haurtzaroa, trenak, deserrotzea, ihesa, nora eza, erbestea, gerra, suntsipena, amodioa, deriba, mina, fantasia, misterioa, iniziazioa, tortura?

‘Izaro’

Saila: Zinemira.

Zuzendaria: Txuspo Poyo.

Gidoia: Txuspo Poyo, Jaime Cuenca.

Antzezleak: Izaro Ieregi, Izaro Aperribai.

Iraupena: 63 m.

Sinopsia: ‘Izaro’ dokumental/saiakera bat da, eta Izaro irlaren identitatearen, historiaren eta legatuaren erretratu zatikatua eguneratzen du, haren diasporaraino. Izaro izenak sortu ditu hainbat botere-praktika, irlaren jabetzari buruzko aldarrikapen juridikoak, teilaren jaurtiketaren moduko festak, Izaro Films ekoiztetxea, bere talaia Windsor dorrearekin, emakumezkoen nahiz gizonezkoen izen bereziak eta Bermeoko armadoreek eraikitako azken belaunaldiko atun-ontzi bat, Indikoko uretan arrantzatzen duena, Seychelleko ikurrinaren pean.

‘Baules / Kutxak’

Saila: Zinemira.

Zuzendaria: Juanmi Gutierrez.

Gidoia: José Alonso López.

Antzezleak: José Alonso López, Paco Pavón, Maruja Cordero.

Iraupena: 90 m.

Sinopsia: 1931. urtea. Loisen, Espainiako Leongo mendialdeko herri batean, Julian Lopezek kutxa handi batean sartuko ditu bere gauzak eta, haren emazte Candelasek ezer jakin gabe, Mexikorako bidea hartuko du. 1970. urtea. Candelas duela hiru urte hil zen. Ustekabean, Mexikotik gutun bat iritsiko da Loisera, Julianen heriotzaren berri emateko. Riañoko familia-etxeko txoko batean Julianek Mexikora eramandakoaren antzeko kutxa aurkituko dute.

‘Bihar dok 13’

Saila: Culinary.

Zuzendaria: Aitor Bereziartua , Ander Iriarte.

Gidoia: Ander Iriarte, Aitor Bereziartua, Izaskun Arandia.

Argazkia: Jon Goitia.

Iraupena: 73 m.

Sinopsia: Basque Culinary Centerren, abangoardia gastronomikoa ikasten ari diren mundu osoko zenbait ikaslek iraganera bidaiatuko dute, ‘Bihar dok 13’ menua sortzeko. Bidaian, 1966ko Euskal Herrira joango dira eta, hortik abiatuta, kulturaren alorrean dena aldatu zuen hamarkada ezagutuko dute. Bost ekitaldi bereziren bitartez, ‘Gaur’, ‘Ez dok amairu’ eta ‘Euskal sukaldaritza berria’ mugimenduak ezagutuko ditugu. Ekitaldi horiek barneratu ostean, menu gastronomiko bat sortu beharko dute. Dokumentalean, ikasleen begien eta ekitaldien bidez, mugimenduok euskal gizartean zer garrantzi izan zuten ezagutuko dugu. Halaber, nola jarraitu duten sukaldariek ere sortze-prozesua gauzatzen. Azkenik, sukaldari gazteek egindako ‘Bihar dok amairu’ menua dastatzeko antolatuko den bazkarian, euskal kulturaren aurpegi adierazgarrienak egongo dira, artista eta musika berriekin baturik. Sinbolikoki, belaunaldi batek berriari ateak irekiko dizkio.

‘592 metroz goiti’

Saila: Zinemira Kimuak.

Zuzendaria, gidoia eta argazkia: Maddi Barber.

Iraupena: 25 m.

Sinopsia: Gelditzen al da bizitzeko aukerarik lurralde bat goitik behera aldarazten badute? 1990eko hamarkadan, Nafarroako Pirinioetako maldetan zazpi herri eta hiru erreserba natural urperatu zituzten Itoizko urtegia eraikitzeko. Egun, 592 metroen kotan, lur biluziak marra banatzaile bat marrazten du bailarako paisaian: kota horren azpitik ura dago, eta gainetik, bizitzak aurrera dirau.

‘Ama’

Saila: Zinemira Kimuak.

Zuzendaria eta gidoia: Josu Martinez.

Argazkia: Hibai Castro, Goizeder S. de la Fuente.

Iraupena: 7 m.

Sinopsia: 1915eko uda. Baxe Nafarroako Baigorri herriko auzo urrun batean, emakume bat gutun baten esperoan bizi da.

‘Ancora Lucciole’

(Ipurtargiak Oraindik)

Saila: Zinemira Kimuak.

Zuzendaria, gidoia eta argazkia: Maria Elorza.

Iraupena: 14 m.

Sinopsia: 1972an, Pier Paolo Pasolinik ipurtargien desagerpenaz idatzi zuen, bere artikulu ezagunenetako batean. Hilabete gutxiren buruan, hil egin zuten. Orduz geroztik, ipurtargiek desagertzen jarraitu dute. Baina oraindik bada gogoratzen dituenik.