Bizkaiko Foru Liburutegiak Bilboko emakumeen euskal literatura ezagu-tzeko tailerra antolatu zuen iaz. Jarduera aurrera joan ahala, emakumeen iragan literarioaz ezer gutxi zekitela ohartu ziren parte-hartzaileak. Han jaio zen emakumeek Bizkaian sortu duten euskal literatura idatzia zein ahozkoa hobeto ezagutzeko beste tailer bat egiteko ideia. “Bilboko emakumeen ekarpen literarioa ezagututa, Bizkaia osora zabaltzeko gosea sortu zen”, gogoratu du Josune Muñoz ikerlari eta euskal filologoak. Bera izango da, hain zuzen, tailer honen gidaria. Datorren asteartean, irailak 25, emango diote hasiera eta abendua arte iraungo du.

Tailer honen helburu nagusia iazko tailerrean sortutako jakin-min hori asetzea dela nabarmendu du Muñozek. Hala ere, jarduera prestatu bitartean, helburu nagusiari beste helburu batzuk gehitu zaizkiela azaldu du tailerraren arduradunak. “Hala nola, literatur kritika feministaren tresnak hurbiltzea, gure iragan literarioaren ikuspegi nahiz ezagupen orekatuago eta borobilagoa lortzea eta emakumeen literatura irakurtzeko ohitura sortzea edo areagotzea”, azpimarratu ditu Muñozek.

Bizkaiko emakumeen iragan literarioa ibilbide luzeko ondarea izan arren, ez dela ondo ezagutzen uste du Muñozek. Horrexegatik, ahozko adierazpideetatik abiatuko dira parte-hartzaileak, emakumeen izenak eta lanak berreskuratuz, egungo literaturara iritsi arte.

Hortaz, herri-kantak, Gabon-kantak, baladak eta liburu ugari aztertuko dira, besteak beste, haur eta gazte literatura, poema-bilduma, kontakizun liburuak, eleberriak, antologiak eta talde-autobiografiak. “Kronologikoki antolatu dugu tailerra, gaur egunean sortzen ari den euskal giro literarioa hurbildu nahi baitiegu parte-hartzaileei”, adierazi du ikertzaileak. Bilboko emakumeen literatura, berriz, ez da landuko, iazko tailerrean dagoeneko aztertu baitzuten.

Bizkaiko emakumeen literaturaren ezagutza era aktiboan gauzatuko dela aurreratu du Muñozek. Horretarako, partaidetza bultzatuko da, eta, oro har, saioak teoriko-praktikoak izango dira. Izan ere, irakur-ketaz gain, Bizkaian zehar antola-tzen diren literatur ekitaldi zein jardueretan parte hartuko dutela ziurtatu du. Hor daude, besteak beste, Eako poesia egunak, Bilboko poesia astea edota Loraldia festibala, besteak beste. “Gure tailerrean Euskararen Etxera hurbilduko gara, irailaren 14an inauguratu zen Emakumean, hitza eta bizitza erakusketa ibiltaria bisitatzera”, aurreratu du.

Egile ezagunak Landuko diren idazleen artean, Bizkaia osoko izenak daude. Horrela, Errose Buztin-tza Mañariko, Utarsus, Miren Agur Meabe, Yolanda Arrieta, Leire Bilbao, Sonia Gonzalez, Begoña Bilbao, Irati Jimenez eta Alaine Agirreren lanak aztertuko dira, besteak beste. “Zorionez, tailerraren iraupenak guztiak ezagutzeko parada ematen du”, ziurtatu du Muñozek.

Ikerlariaren ustez, horrelako tailerrak behar-beharrezkoak dira, goi-mailako literatur gai teoriko eta praktikoak eskaintzen zaizkielako edozein adin eta izaerako parte-har-tzaileei. “Genero ikuspegitik sortutako ikastaro batean parte hartzeko ez duzu unibertsitatera jo beharrik. Gure kulturan dagoen gosea modu hurbilean asetuko dugu”, azpimarratu du.

BETIDANIK PRESENTE

Muñozek nabarmendu duenez, emakumeak hasiera-hasieratik egon dira presente literaturan. Izan ere, gogorarazi nahi izan duenez, “munduko literatura guztiak ahozko eran hasi ziren, eta ahozkoa izan da, hain zuzen, emakumeok gehien jorratu dugun bidea. Finean, ahozko literatura da gehien jorratu dena historian, baita emakumeen aldetik ere.

Honen harira, “hitza edukitzea boterea edukitzea” dela nabarmendu du Muñozek. “Hitzaren bitartez mundua eta errealitatea aipatzeaz gain, moldatu, islatu eta menperatu ohi dugu”. Horregatik, eta kultura jendartearen nortasunaren adierazlea den neurrian, “emakumeen ekarpen kulturalak ezagutzea eta aldarrika-tzea ezinbestekoa da kultura orekatuagoak eta aberatsagoak izateko”.