Joseba Sarrionandiak Alfonso Etxegarairen liburu bati (La guerra del 58) egin dion hitzaurrean pixka bat harrituta utzi nauen pasarte bat irakurri dut. Hala dio iurretarrak, euskal gatazkaren -Gauzaren- eta literaturaren arteko harremanak hizpidera dakartzanean: “Jakina literatura egitea, oinarrian, asmatzea dela, baina egia asmatzea, gezurra asmatzen autoatsegina bilatzearen errazkeria albo batera utziz alegia. Autokonplazentzia eta faltsukeria ugariak dira gaiaren inguruko literaturan. Irudipena daukat José Amedoren Cal viva, esaterako, egiatiagoa dela, tamalez, Fernando Aramburuk Patria-n proposatzen duen errealitatearen faltsutze sistematikoa baino. Eta berehala ulertzen da sinpleki egia dela Ion Arretxek Inchaurrondo, la sombra del nogal-en kontatzen duena, komunikabideek eta tertulia politiko-literarioek batere kontuan hartu ez duten liburu bat, baina egiazkoagoa entsegu-literatura eta literatura suharki fikziozko asko baino, zeina oinarritzen baita norberak esango ez lukeena besteen ahotan jartzean”.

Sarrionandiak hor tranpa txiki ba-tzuk egiten dituela iruditzen zait. Batetik, esango nuke ez dela zilegi testigantzazko literatura -Arretxeren eta Amedoren lanak- eta fikziozkoa -Arambururena- alderatzea: gauza zeharo ezberdinez ari gara. Ildo biek izan dute, eta izango dute, rol bat Gauzaren gure memorien eraikuntzan. Testigantzazkoek, ziurrenik, fikziozkoek baino gehiago, ETAren jardueraren amaierak ekarri lasaitasunak abagune hobea eskainiko duelako, agian, orain arte isil-gordean mantendu diren istorio batzuk azaleratzeko; fikzioan, ordea, ez zait iruditzen aldea horrenbestekoa izango denik, ziur bainago aurrerantzean ere maisulanak ekoi-tziko direla, kalitate eskaseko nobelak bezalaxe: arestian gertatzen zen moduan, alegia.

Bestetik, ez nuke esango Patriak “errealitatearen faltsutze sistematiko” bat egiten duenik. Nobelaren kalitateari buruzko zalantza handiak dauzkat, eta hala adierazi izan dut publikoki. Baina zalantzok ez nindukete sekula eramango esatera faltsutze orokor baten aurrean gaudenik. Hain zuzen, nobelaren gertakarietako ez gutxi ezagunak ezagunegiak egiten direlako konbentzitu ditu hango eta hemengo irakurle asko, kontatzen den modua egokiena ez izatea suertatu badaiteke ere. Hor ere Sarrionandiak tranpa pixka bat egiten duela iruditu zait.

Azkenik, biziki harritzen nau literatura suharki fikziozkoaren aurkako mesfidantza. Zer lan ari da Sarrionandia zalantzan jartzen, Patria jabalgarriaz gain? Bizia lo? Denboraren izerdia? Koaderno gorria? Ezinezko maletak? Twist? Martutene? Guztiak?

Agian gaizki ulertu dut, baina ematen du fikzioaren oinarri zinezkorako esperientzia transferiezinaren balio absolutua defendatzen ari dela Sarrionandia. Ez da argudioa erabiltzen den lehenengo aldia, baina gaindituxea zegoela uste nuen. Ideia horren arabera munduko fikziozko literaturaren ehuneko oso altu batek ez bailuke existentzia duin baterako lizentziarik. Ginebra eta Arturo errege-erreginak Goi Erdi Aroko Britainia gandutsutik aro garaikideko Durango aldeko dorretxe batera aldatu zituen narraziotik hasita, besteak beste.

Bale, nik ere tranpatxoa egin dut erreferentzia hori sartuta. Baina ezin izan diot eutsi.