Errimatuz bizi du Unai Unda Xatirok musikarekin duen harreman estua. Doinu ezberdinekin istorioak sortzea du gustuko Bilboko rap abeslariak. Izan ere, barnekoa adierazteko eta sendatzeko tresnatzat du musika mota hori, “betiere, kontrolatzen baduzu”, dio. Eta Undak kontrolatzen du. 2004. urtean rapeatzen hasi zenetik, gutxienez bakarkako lan bat kaleratzeko asmoa izan du beti buruan, eta, azkenean, amets hori egia bihurtu du.
Xatirokeriak diskoaren tituluak berak transmititzen du lan honen helburuetariko bat: barnekoak askatzea. “Burua ez leherrarazteko/ metodo hutsezina, xatirokeria / koloreko gama guztia ikusteko,/ ez soilik beltza eta zuria,/ adieraz zaitez, izan irekia / atera buruan duzun guztia”, dio abeslari bilbotarrak Xatirokeriak abestian. Eta horrelaxe egiten du berak disko osoan zehar. “Abesti hori da disko osoa laburtzen duen abestia. Horregatik jarri diot diskoari titulu bera”. Izan ere, diskoaren mezu orokor bat aipatzekotan, horixe azpimarratuko luke Undak. “Rapak barneko gatazkak bidera-tzeko ematen dizun aukera izango litzateke lan honen mezua, hau da, barne gatazkak identifikatu, bota eta ahal bada, gainditzea”.
POP KULTURA Mezu zehatzei buruz hitz egitea baino, “entzuleari kolorezko irudiak eskaintzea” nahiago du Undak. “Irudiak botatzen dizkiot entzuleari, ez mezu zehatzak. Ba-tzuetan tonu jostagarriz eta, besteetan, aldiz, serioago. Gora Punisher abestian, adibidez, mezu borrokalariaz aparte, izen bera daraman komikiari omenaldi bat egiten diot”, nabarmendu du. Kantuetan etengabeak dira zinemari, telebistari, komikiei eta literaturari egindako erreferentziak: James Joyce, Noam Chomsky, Michael Haneke, The Punisher super heroia, David Cronenbergen Crash filma... Arte Ederrak ikasi zituen Xatirok eta egun ikus-entzunezkoen arloan egiten du lan. Gainera, pop kultura oso gogoko du: “Etxea komikiz, liburuz eta filmez josita dago, asko gustatzen zait pop kulturako izenak aipatzea”.
EUSKARAZ Nagusiki euskaraz kaleratu du bere ibilbideko bakarkako lehen diskoa Xatirok. Guztira, hamaika pista ditu Xatirokeriak diskoak, hitzaurrea eta epilogoa kontatu barik, bederatzi abesti guztira. Horietatik sei dira euskaraz, eta besteak erdaraz. Izan ere, Undak betidanik izan du gogoa euskaraz gehiago abesteko. “Fenomenos de la Naturaleza taldean nengoenean, oso zaila zen euskarazko abestiak elkarrekin sortzea”, oroitu du. Horretaz gain, euskararekiko jarreraz ere kezkatuta agertu da. “Tamalez, euskaldunon artean euskara gutxi hitz egiten dugu. Euskalfobia ere nabari-tzen dut bazterretan. Euskara ez dago normalizatuta, beti fatxadan geratzen da. Azkenean, txakurrari deitzeko, pankartak egiteko edo umeekin aritzeko bakarrik erabiltzen dugu”.
Euskaraz aritzean, euskal rapean igartzen zuen hutsune bat ere bete nahi izan du. “Oso jende gutxi aritzen da rapean euskaraz, barne gatazkei buruz edo sentimenduez. Ez dut hori askorik entzuten”. Bere ustez, Euskal Rock Erradikalaren eragina ikus daiteke hor. “Badirudi hemengoa bazara, eta euskal rock edo rapa egiten baduzu, gai borrokalariak jorratu behar dituzula derrigorrez, eta horrek ez du euskara hazten eta hedatzen uzten, oztopatu baizik”, ohartarazi du.
DOINU ANITZAK Xatirokeriak diskoan musika estilo ezberdinak topa daitezke. Batzuk abesti lasaiak dira, beste batzuk azkarragoak, eta, bada baten bat a capella eginda dirudiena ere. “Kanta bakoitzari bere nortasuna eman nahi nion, musika eta erritmo ezberdinak erabiliz”. Horrez gain, diskoan agertzen diren erritmo ezberdinak abeslaria nerabezaroan inspiratu zuten taldeei egindako omenaldia dira, besteak beste, Def Con Dos, Negu Gorriak, Siniestro Total edo Oskorri. Ekoizpen lana behin amaituta, “generorik gabeko diskoa” zela konturatu zen Unda, “hainbat ertz eta eragin” barnebiltzen dituelako lan honek. Kolaborazioak ere hainbat izan dira diskoan. Hala, La Basu, Shintoma eta Selektah Kolektiboko Manugaitz euskal rap abeslariek ere parte hartu dute, kolaborazio bana eginez. “Lehenengo biak lagunak dira eta askotan topo egin dugu. Selektah Kolektiboa, berriz, eredu bat izan da niretzat”, kontatu du Undak.
Diskoko musika oinarriak benetako instrumentuekin grabatuz sortu zituenUndak, baina zuzeneko emanaldietan DJ batekin eta gitarra-jole batekin aritzen da Xatiro. Gaur bertan Sopelako Plaza Beltzan eskainiko du kontzertua, eta otsailaren 16an, berriz, Bilboko Kremlin aretoan izango da.