Bizitza eman du Joxe Mari Iriondok (Azpeitia, 1938) kazetaritza eta euskal kulturari dedikatuta. Maitasunez eta harriduraz gogoratzen ditu lehen urte haiek, aurrera egiteko adorea nola izan zuten sinetsi ezinik. Egindako lan oparoaren ordainetan jaso du Ortzadar Saria. Bere ibilbidea errepasatu eta egungo egoeraz hausnartzeko aitzakia ederra eskaini digu.

Zer sentitu zenuen Ortzadar Saria jasotzera zindoazela jakitean?

Biziki eskertu nuen horrelako ohorea. DEIAren zuzendaritzaren deia jaso nuen, galdetuz ea onartzen nuen 2017ko Ortzadar Saria. Noski, baietz erantzun nuen. Pentsa, Ander Manterola langile nekaezinaren eta Sagrario Alemanen ondoren ni saritzea handi samarra iruditu zitzaidan. Sekulako ilusioa egin dit sariak, nahiz eta badakidan nire merezimenduak urri samarrak direla.

Zer da zuretzat Ortzadar Saria jasotzea?

Bene-benetan eskertzen dut gorazarre hau. Ez nago ohituta sariak jasotzera. Beharbada, gustuko alorretan lana egitea izan da bizitza honetan saririk onena. Beste lanbide batzuetarako prestatu nintzen, ustez, baina ustekabean Loiolako Herri Irratirako eskaintza egin zidaten 1961ean, Afrikan gogoz kontrako soldadutza eginda handik itzuli nintzenean. Irabazbide hobeak izan bazitezkeen ere, ez nuen ezergatik ere baztertu nahi izan. Eta ez nuen zorte makala izan. Eta orain zer eta Ortzadar Saria jaso, gainera. Ez dago gehiago eskatzerik. Sari banaketan aspaldian ikusi ez nituen lagunak agurtzeko aukera ere izan nuen eta sari ederra hartuta itzuli nintzen etxera, alai baino alaiago.

Kulturgintzan, euskalgintzan eta komunikabideetan ibilbide luzea eta oparoa egindakoa zara. Sari-banaketaren ekitaldian, ‘komunikatzaile konprometitua’ izan zarela nabarmendu zuten. Atzera begira jarrita, zein izan da zure ibilbidean bete duzun konpromiso zailena?

1961eko abuztuaren 28an hasi nintzen lanean Loiolako Herri Irratian, kontularitza-lanetan, hain zuzen. Gero, irratiko egoera barru-barrutik ezagutu eta gidoiak eta programak egiten hasi nintzenean, berehala ohartu nin-tzen irrati hasiberri hark ematen zituen mila aukerez, euskara edozer irratsaio egiteko gai izan zitekeela ikusi nuen. Hala ere, nik uste baino oztopo gehiago zegoen. Publizitatea euskaraz eskatzen zuten gure bezero askok, baina Donostiako irrati batek salatu egin zuen hori, konpetentzia desleiala omen zelako. Cope, edo Elizaren irrati katekoa izaki, ilunabarrero errosarioa esaten zen Loiolako irratiz. Dena euskaraz, jakina, baina don-tsuzko letaniak latinez esaten ziren, eta gure zuzendariak -Juan Lekuona Urrutiak- zergatik ez nituen letaniak euskaratzen galdetu zidan, eta nik, baietz; baina Orixek lan hori aspaldi egina zuela. Hurrengo egunetik hasi ginen horiek ere euskaraz ematen. Azpeitian familia batean baino gehiagotan errezatzen zuten nonbait errosarioa gurekin batera, baina letaniak heltzean irratia itzali egiten omen zuten, horiek Iriondoren tontakeriak zirela eta.

Ez zitzaizkizun lanerako garai errazak egokitu...

Ez. Handik aurrera ere etengabeko erasoak jaso genituen, garai hartako Fraga Iribarne ministroaren monagiloen aldetik. Horrelako salaketak izan ziren gure konpromisoaren alderik larrienak. 1965eko uztailean irratia itxi ziguten. Urte betera airean ginen berriro. 1976an Itsumendiko emisio-etxea eta antena lehertu zizkigun Batalllon Vasco-Español zeritzon talde ezkutu makarra batek. Noiz eta nondik erasoko ziguten adi egon behar izaten genuen beti. Hori izan zen gure patua.

Kazetaritza lana ezin hobeto ezagutzen duzu. Asko aldatu al da ofizioa?

Bai. Hasiera hartan guk egiten genuena kazetaritza txikia zen. Ferrolgo xaharra hil eta handik lasterrera hasi ziren aldaketa handienak. Ordura arte RNEren konpetentzia zen informazio orokorraren legea aldatu zuten, eta irrati txikiok ere hasi ginen buru-bihotz informazio hori ematen. Baina gehienetan EFE agentziaren iturriaz baliatzen ginen, eta hori kontrol gogorra zen, noski.

Ez dakit onerako ala txarrerako, baina gure kazetaritza askoz ere militanteagoa zen oraingoaren aldean. Eguneroko zentsura/autozentsura, dirurik eza eta ahulezi guztiak militantismoaren indarrez irabazten genituen. Lehenengo urte haietan, esate baterako, ez genuen ordutegirik lanerako. Oraingo kazetari askok ordutegi batekin funtzionatzen dute. Kalean, prentsaurrekoetan eta bileretan geroz eta kazetari gutxiago ikusten dut orain, nola eta ez diren politiko handien bilera eta aurkezpenak. Informazioa hartzen duenarentzat dozenaka aukera dago egun, eta askotan ez dakizu norantz jo ere. Beno, bai, badakizu norantz jo, otsoari belarria berehalaxe ikusten baitzaio, Kataluniako saltsa lotsagarri honetan bezala. Txikiok beti handiaren mende bizi behar orain ere. Hor dago koska.

Nola ikusten duzu egungo kazetarien lana?

Geroz eta korapilatsuago. Ez nuke inor desanimatu nahi, baina lanbidea gogortu, deserosotu, hoztu egin dela pentsatzen dut. Zerbait egingo du buru-bihotz saiatzen denak, bere egunerokotasun eta erraztasunetik haratago ahalegintzen denak, baina kontuz! Kazetariaren lan-merkatua lehen baino askoz zabalagoa da; beharbada, geroz eta lanerako aukera gehiago eskaintzen da. Baina aukera horiek pobretu direlakoan nago. Bekadun edota praktika-kontratudun askotxo ikusten ohitu naiz azken urteetan. Aldaketa izugarria nabari-tzen dut kazetarien artean.

Sare sozialek informazioa demokratizatu dute, denen eskuetara ekarriz, baina albiste faltsuak inoiz baino gehiago zabaltzen dira. Zer egin dezakete kazetariek horren aurrean? Eta nola babestu gaitezke irakurleok informazio zurrunbiloaren aurrean?

Ez dakit sare sozialek informazioa demokratizatu duten ala lehen bezain lotuta jarrai-tzen ote duen. Albiste gehiago eman ematen da, hori egia da. Eta bakoitzak ahaleginak egingo ditu bere neurriko, edo ustez neurriko estalkien bila. Baina, batetik zoratzeko hainbateko eskaintza dagoelako, eta bestetik arkume larruz jantzitako otso asko dabilelako, lanak egin behar dira aukeraketa on bat egiteko orduan. Sare sozial horietako batzuen erabiltzaile arrunta naiz neu ere, eta egia esan aspertzen hasita nago, galbahetik pasa beharreko informazio gehiegi jasotzen baitut egunero. Gaur egun, handi usteko zabor gehiegi dagoela uste dut.

Hala ere, baikorra naiz geroari begira. Gure amona zenak -munduko amonarik onenak, bide batez esateko- askotan esan ohi zidan: “Ni laster hilko naiz, baina zuek ematen didazue pena, gixaixuok”. Baina hura bezain ongi edo hobeto bizi izan naiz ni, eta gero ere halaxe izango dela uste dut.

Nola gogoratzen dituzu lanbidean hasitako lehen urteak?

Maitasunez, harriduraz gogoratzen ditut urte haiek, batez ere, beti aurrera egiteko adorea nola izan genuen sinetsi ezinik askotan. Baina, joanak joan ziren. Orain beste batzuen garaia da.

Euskal kulturaren babesle sutsua izan zara beti. Osasuntsu al dago?

Oraingo euskal kulturaren osasuna oso ona dela uste dut. Beharbada, lehen ere aipatu dizudan gure garaiko militantismo itsu/sendo hura falta da, hasi goitik -gure politikarietatik- eta beheraino jorratzeko. Ehunka hi-tzaldi, kantaldi, bertso-saio, jaialdi eta ekin-tza egiten da gure herrietan orain ere. Eutsiko al diogu bide horri, bestela gureak egin du.

Igaro berria da Durangoko Azoka. Ze inpresio duzu halako kultura plazen inguruan?

Oraindik ere gordeta daukat Gerediaga Elkarteak ziklostilez eginda atera zuen lehenengo urteko programa. Ez zuten gaur eguneko diru-laguntza publikorik, eta behetik gora hasi behar izan zuten, indartsu, eskuartean zuten proiektuan sinetsiz. Ondo kostata atera zuten aurrera, baina begira non dagoen orain. Urtean baino urtean zer saldu gehiago dago, nahiz eta erosi ez omen den geroz eta gehiago erosten, garai batean baino askoz gehiago argitaratzen baita. Diskogintzak, beharbada, urte hobeak ezagutuko zituen, baina bada zer erosi. Nire txaloak eta goraipamenak antolatzaileei, eta eutsi diezaiotela ekintza bikain horri.

Euskaraz dakigunon kopurua inoiz baino altuagoa da Euskal Herrian, baina erabilera mailak jaisten ari dira. Harrigarria da erabat euskaldunak izan diren herrietan zenbat jaitsi den erabilera maila. Non dago arazoa? Zer ari gara gaizki egiten?

Harrigarri bezain penagarria da hau. Euskaldun gehiago izan dadin egin den ahalegina egin eta gero, euskara ikasten hainbeste saiatu eta gero, orain erabilera jaitsi egin dela jakitea penagarria da. Zerbait gaizki egiten ari gara. Nik uste, hainbat aldiz aipatzen dudan militantismo eta gure hizkuntzaganako fede hori falta dela. Zerbait egin beharra daukagu. Ez ote gara gai izango geureari eusteko?

Bizi osoan euskararekin, kazetaritzarekin eta kulturarekin konprometitua bizitakoa zara. Zein da aurrera egiten jarraitzeko gakoa?

Berriro hasi behar banu ere, berdin-berdin egingo nukeela esan izan dut askotan. Ez daukat inolako damurik 1961ean hartu nuen erabakia hartu izanaz. Eta gure amona gaixoa baino hobeki bizi izan naiz, seguruenik. Zein den aurrera egiteko gakoa? Batetik, maitasuna eta sinesmena herri honengan; eta bestetik, egoskorkeria pittin bat, agian. Egoskor fama hori dugu Iriondotarrok.