Beira ezin da ulertu bertsoetatik aparte”, Jon Martin bertsolari eta taldeko kideak dioenez. Bertsolaritza ulertzeko beste modu bat dakar taldeak, ordea. Bat-batekotasunetik aldendu eta koplei beste bide bat eskaintzen die, hitzen mezua musikaren bidez indartuz. Izan ere, “bertsolaritzak zenbait muga ditu”, Martinen iritziz: “Batetik, denbora mugatua dugu pentsatzeko, eta ba-tzuetan ezin izaten ditugu ideiak nahi adina zehaztu eta borobildu. Bestetik, gai-jartzaileek proposatzen dizkigute zenbait gai eta beste ba-tzuei kantatzeko gogoz geratzen gara. Zulo horiek betetzeko aukera ematen dit Beirak”, kontatu du Martinek. Hala, zuzeneko inprobisaziorik ez da taldearen emanaldietan. “Bertso saio musikatuak egiten ditugu eta horietan musikaren gainean sortzen joaten naiz”.
Jon Martin eta Igor Arruabarrenak abiatu zuten Beiraren ibilbidea 2006an. Zazpi urte geroago kaleratu zuten Dena ez denean ezer (Lanku, 2013) lehen diskoa. Margotu berria (Baga Biga, 2016) izan zen bigarren lana, ordurako taldea boskote bihurturik. Musikari dagokionez, lehen diskotik bigarrenera “estilo tradizionaletik pop-rockera” igaro zirela dio Martinek, eta uste du hirugarrenean pop-rockean sakondu dutela. Aurreko lanetan baino “mugituagoa” da orain soinua, Martinen iritziz. “Lehen diskoa kantautore estilokoa zen, eta geroztik taldeak indarra gehitu du. Beti bezain finak izaten saiatu gara, baina kantuak indartsuagoak dira oraingoan”. Gainera, estilo anitzak batu dituzte lan berri honetan. “Kanta bakoitza unibertso bat da”, nabarmendu du letragile eta abeslariak.
HITZEN GARRANTZIA
Hitzek pisu handia dute Beiraren baitan. Hain zuzen, sorkuntza prozesua letratik abiatzen du taldeak, gero melodia sortzeko. Taldeak ohi duen bezala, mimoz idatzitako letretan oinarritu dira oraingoan ere. Braillean lan berrian agertzen diren hamaika abestietan gai asko topa daitezke. Gure gizartean oraindik “tabu” diren hainbat gai landu dituzte, besteak beste, seme-alabak izateko zailtasunak dituzten bikoteen sufrimendua edota gizontasun hegemonikoaren aurrean dauden alternatibak. “Lau bikotetik batek haurrak edukitzeko zailtasunak ditu, baina ez da horretaz ia hitz egiten. Jendarteak sufrimendu asko isildu egiten ditu eta uste dugu musika terapeutikoa izan daitekeela. Horregatik, lekua egin diogu gai horri eta beste zenbaiti ere bai”, zehaztu du Martinek.
Lumak abestian, adibidez, gizon moduan beren burua nola kokatu nahi duten askatasunez erabakitzearen aldeko aldarrikapena egiten dute Beirakoek. “Ezin dugu inertzia segi besterik gabe. Mutil askok bere izaeraren zati bat mutilatu egiten dute gizon bihurtzeko. Lastima da norbera denari uko egin beharra estandarretan kabitu ahal izateko”.
AHOTS UGARI
Jon Martinekin batera, egun beste lau lagunek osatzen dute Beira, Martinek idatzitako bertsoei doinua jarriz: Igor Arruabarrena (gitarra elektrikoa, akustikoa eta teklatua), Gari Amundarain (gitarra akustikoa eta elektrikoa), Urtzi Olaziregi (baxua) eta Mikel Arruabarrena (bateria). Horietaz gain, Braille diskoan kolaboratzaile ugari egon dira. “Bakoitzak bere beira zatia aportatzen dio gure botilari”, adierazi du Martinek. Horrela, Behe Nafarroako Xendarineko Ahizpak entzun daitezke Izurdeak kantuan, sahaska kantuari doinu berezia eskainiz. Bad Sound Sistem-eko Morok eta Aneguriak, beren aldetik, hip hop ukitua gaineratu dute. Horrez gain, Iñigo Asensiok eta Lain taldeko Leirek eta Kristinak ere parte hartu dute. “Nekeza izango da zuzenekoetan maila horri eustea, baina laguntzaile bikaina fitxatu dugu lan horretarako”, ziurtatu du taldeko abeslariak. Izan ere, Irati Odriozola kantariaren ahotsa gehituko dute zuzenekoetan. “Bere ahotsak ñabardura asko gehitu dizkie abestiei eta oholtza gaineko eskarmentu handia ekarriko digu”, uste du Martinek.
Diskoaren diseinuan ere ñabardurek garrantzi handia izan dute, eta, bereziki zirraragarria da lan berriaren azala. “Braillean abestiak bi maitaleren gu bat kontatzen du, eta maitale batek bestearen bularrean braillean irakurtzen duela dio. Diskoko irudirik ederrenetako bat zen hori eta iruditan ere eman nahi izan dugu”, azaldu du Martinek. Hala ere, emakume baten bularra azalerako hautatzea ez zela erabaki erreza izan kontatu du abeslariak. “Batetik, bular bat bezain gauza natural bat zentsuratu egingo zuketelako askok; eta bestetik, ez genukeelako bular bat erabili nahi erreklamo publizitario moduan”, gehitu du. Azkenean, Marta Ortiz argazkilariak haien nahiak irudikatzea lortu du. “Azalekoa ez da atera zuen argazki bakarra, kanta bakoizeko argazki bat egin zuen, eta gehienak erabili ditugu diskoa maketatzeko”, jakinarazi du Martinek.
Beira hasia da dagoeneko disko berria han eta hemen aurkezten. Mungian izango dute hurrengo hi-tzordua, urtarrilaren 27an.