Migel Joakin Eleizegiren mitoa Europa guztian zabaldu zen XIX. mendean, baina pertsonaiaren itzala gaurdaino iritsi da. Ezohiko pertsona zen Eleizegi. Altzoko Ipintza Haundi baserrian jaio zen 1818an eta haurtzaro eta nerabezaro ohikoak izan zituen, hogei bat urterekin etengabe hazten hasi zen arte, 2,42 metro luze izateraino. Europako gizonik garaiena izan zen: “Hainbat agirik diote munduko garaiena ere bazela”, dio Aitor Arregi zuzendariak. Bere erraldoitasunak ospea eman zion, eta Europan zehar bidaiatzera eraman zuen, erakustaldiak egiteko.
Pertsonaia erreala eta irudikatuaren artean ibili dira Aitor Arregi eta Jon Garaño zuzendariak. “Filma lantzen hastean konturatu ginen askok pentsatzen zutela Euskal Herriko pertsonaia mitologiko bat izan zela eta hori jolasteko baliatu dugu”, dio Garañok. Izan ere, Altzoko Handiaren edo Altzoko Erraldoiaren historia kondaira bihurtu da azken hamarkadetan Euskal Herrian, gizartearen zati batek izaki mitologikotzat jotzeraino. Hortaz, pertsona izatetik mito izatera nola bihurtu zen da filmaren arda-tza. Baina ez hori bakarrik, bi zuzendariek adierazi dute garrantzi handia eman diotela filmean bere anaiarekin (Martin Eleizegi) zuen harremanari. Hark Europako bidaietan lagundu zion, eta bion arteko bizipenak ekarri dituzte gogora Arregi eta Garañok. “Migel Joakinen istorioa baino, bi anaien arteko harremana da funtsa eta horrek egiten du film nahiko psikologikoa izatea”, aitortu du Arregik.
Abenturazko drama Drama bezala definitu du Handia, “abenturazko” drama bat. “Bi anaiak hainbat urtez leku batetik bestera doaz Europan barrena, eta bidaietan haien begirada eta ikuspuntua aldatzen da. Bizipen berberak izan zituen pertsona da anaia, baina ikuspuntu desberdin batekin”. Bi zuzendariek aitortu dutenez, dokumentazio eskasa dago Altzoko Handiaren inguruan. “Bitxia izan da, oso ezaguna izan zelako XIX. mendean, baina datu bakan batzuk bakarrik daude haren inguruan eta horietako asko kontraesankorrak dira”. Hasieran, arazotzat jo zuten informazio gutxi izatearena, baina filmak aurrera egin ahala “bertutea” izan dela diote. “Horrek jokoa eman digu eta fikzioa sartu dugu pelikulan, beti ere koheren-tziaz”, dio Garañok. Adibidez, anaiarekin duen harremana guztiz asmatutakoa da.
Eneko Sagardoi aktorea da protagonista, eta harekin batera beste hainbatek osatzen dute aktore taldea: Joseba Usabiaga, Ramon Agirre, Iñigo Aranburu, Aia Krise eta Iñigo Azpitarte, besteak beste. Protagonistak adierazi duenez, “erronka handia” izan da Migel Joakinen pertsonaia antzeztea, baina “gogorra bezain interesgarria” bezala definitu du esperientzia Sagardoik. “Izan ditudan zailtasun fisikoez gain, lan psikologiko handia izan da. Izan ere, bere burua topatzeko bidean dagoen pertsona gaixo baten gorputzean sartu naiz”.
Usabiagarekin batera, film osoan agertzen den pertsonaia da Sagardoirena. “Bi anaien arteko berdintasunak eta desberdintasunak azalera-tzen dira etengabe, eta hori da filmaren muina”, dio aktore bizkaitarrak. Duela bi mendeko istorio hori kontatu ahal izateko Moriarti eta Irusoin ekoiztetxeetako lantalde guztiak egiten duen lana goraipatu du aktoreak. “Plazer hutsa izan da haiekin lan egitea eta asko ikasi dut. Aitor eta Jon zuzendariak oso zorro-tzak dira, baina era berean oso umilak, eta konfiantza handia ematen dizute”, gehitu du. Argi du durangarrak: “Pelikula honetatik beste aktore bat irtengo da; eta, are gehiago, sortzaile moduan beste Eneko bat irten da. Hori da eraman dezakedan saririk onena”, azpimarratu du filmeko aktore protagonistak.
Migel Joakinen kasuaz jabetuta, Lekunberriko Jose Antonio Arzadunek Europan zehar erakustaldiak egitera eraman zuen. Londres, Paris eta Madril ezagutu zituen altzotarrak, beste askoren artean, eta herrialde desberdinetako errege-erreginen aurretik pasatu zen. “Badaude datu txiki batzuk, baina dramatikoki, fikziozko istorio bat kontatzeko, material gutxi aurkitu dugu. Ondorioz, irudipenera asko jo dugu”, argitu dute bi zuzendariek. Bidaiez nazkatuta-edo, etxera bueltatzea erabaki zuen Migel Joakinek. 43 urterekin hil zen, biriketako tuberkulosi baten eraginez eta Altzoko herrian lurperatu zuten. Egun, Altzoko Handiaren bizitzako pasarteak ezagutu daitezke haren jaioterrian, lau panelek osatzen duten ibilbide baten bidez.
ZINEMALDIAN Donostiako Zinemaldian lehiatu ahal izatea izugarrizko poza izan da bi zuzendarientzat. Baita euskarazko zinemagintzarentzat ere. Izan ere, lau urtean, sail ofizialean parte hartzen duen euskarazko hirugarren lana da Handia. “Guk nahi genuena da, eta ezin gusturago gaude. Zinemaldian egotea oso garrantzitsua da”, diote. Ez da Zinemaldian duten lehen esperientzia eta Loreak filma ekarri dute gogora. Saririk irabazi ez zuen arren, ate asko ireki zizkion Zinemaldiak filmari eta aurten ere Handia-rekin horrela izatea espero dute. Horrez gain, urrian beste zinema jaialdi “garrantzitsu” batean egonen dira. “Dena eman dugu eta pozik gaude emaitzarekin. Orain ikusiko dugu zer-nolako erantzuna duen”, dio Arregik. Loreak filmarekiko Handiak bere ibilbidea eta autonomia izan behar duela gaineratu du.
Lehen begiratu batean, bi filmek ez dute zerikusirik. Gaiak zeharo desberdinak dira batean eta bestean. Pertsonen arteko harremanak lore sorten bidez harilkatu zituzten Garaño eta Goenaga zuzendariek Loreak filmean. Oraingoan, ordea, Altzoko Handiaren istorioan jarri dituzte begiak. “Filma egiten hasi ginenean sentsazioa genuen oso pelikula desberdinak zirela, eta badira, baina orain, ia amaituta dagoela, esan dezakegu oinarrian badutela zerbait lotzen dituena, eta gure zigilua dutela esan dezakegu”. Produkzio aldetik ere maila handiagoa du azken filmak, eta jantzitegiak eta dekorazioak ez dute zerikusirik.
Aldaketaren mendea Unean uneko gizarte eraldaketaren ispilu ere bihurtu dute film berria. Izan ere, aldaketaren pasadizo bat ere bada Handia. Batetik, aldaketa fisikoarena, Migel Joakin erraldoitasunagatik erabat hazten ari delako. Eta aldaketa sozialarena, bestetik, XIX. mendea gizarte eraldaketa ugariren lekuko izan baitzen. “Sistema zaharra eta berriaren arteko talka gertatu zen, liberalismoa, gerra karlistak...”, dio Arregik, eta Garañok honela jarraitu du: “Filmeko pertsonaiak aldatzen diren bitartean, testuingurua ere aldatuz doa eta baita haien pentsamoldea ere”. Elementu horietaz guztiez ohartu ziren lanean jarri ahala. Izan ere, filma ez da erraldoiaren bizitzaren erretratua bakarrik. “Hori dagoeneko ongi kontatuta dago, adibidez, El Hombre Elefante filmean. Espektakuluaz gain beste zerbait behar genuen eta anaien arteko harremanean eta inguruaren aldaketan jarri dugu arreta”, dio Garañok.
Hark aitortu duenez, txikitatik “lilura” izan du Altzoko Handiaren figuran. Ikastolan zegoela bisitatu zuen Donostiako San Telmo Museoa, eta han ezagutu zituen Migel Joakinen bizitza eta bertan gordetzen diren hainbat jantzi eta tresna. “Ordutik beti izan dut buruan eta askotan egin izan nahi dut filma; gauza batengatik edo bestegatik ez dut egin; baina azkenean, iritsi da”.
Moriarti ekoiztetxeko kideak “konbentzitu” zituen eta lau gidoilariek aurrera atera dute filma: Garaño eta Arregi bera, Joxemari Goenaga eta Andoni de Carlos. “Hain justu, proiektua aurkeztu nuenean Irusoin ekoiztetxeak Andoni de Carlosen gidoia jaso zuen, Altzoko Handiaren inguruan animaziozko film bat egiteko”, kontatu du Garañok. Azkenean, ordea, irudi errealek ordezkatu dute animazioa.
Hala ere, teknologia oso presente dago filmean. Izan ere, 2,42 metroko garaiera duen pertsona irudika-tzea ez da izan batere erraza eta zailtasun tekniko ugari izan du filmak. Efektu digitalak, truku optikoak eta ordezkoa erabili izan dituzte erraldoia irudikatzeko. “Honek guztiak filma baldintzatu du eta, honetan esperientziarik ez dugunez, zaila baina erronka polita izan da. Behin trukuak menperatuta genituelarik, beste arazo batzuk sortzen ziren argi edo jantziengatik, adibidez”, azaldu du Arregik.
Bi urte eman dute filmarekin. 2016an egin zuten filmaketa nagusia, baina elurretan ezena batzuk grabatu behar zituzten eta, elur asko egin ez zuenez, 2017ra atzeratu zuten zati bat. “Pasarte hori oso garrantzitsua da filmean. Horrek pixka bat zaildu du edizioa, baina aukera eman digu gauza gehiago probatzeko”, dio Garañok.
Hiru milioitik gorako aurrekontua du filmak, eta honek euskaraz egindako film garestienen artean koka-tzen du Handia. Proiektua babestu dute, besteak beste, EiTBk, TVEk, Eusko Jaurlaritzak eta ICAAk. Donostiako Zinemaldian lehiatu ostean, filma urriaren 20an helduko da zinema aretoetara. “Intriga apur bat dugu, ea publikoak gustuko izango duen ala ez, baina ardura polita da”, diote zuzendariek.