Epiko izaten jarraitzen du egun Pirinioetan barrena trenez bidaiatzeak. 150 urte beranduago eta mila kilometro dituen bidearen indarrez ere ez dugu lortu pizti pirenaikoa menperatzerik. Arkitekto zein ingeniariak saiatu izan dira mendi horiek burdina-kolpez makurrarazten, baina alferrik. Bideak, katenariak eta zubiak saurio handi baten bizkar gainean baleude bezala zuti-tzen dira. Apenas dago trenik hemen.
Paisaia urratu, malkartsu eta basatiak bere lege propioa inposatzen du eta lerroek inoiz ez dute ibilbide argia osatzen; ibaien ibilgu bihurriei jarraitzen diote bidea. Pirinioak mendebaldetik ekialdera lotzen saiatzen den lerro irudizkoa 1855 eta 1870. urte bitartean inauguratu zen. 1855. urtean Bordeletik zetorren trenak estreinatu zuen Baionako geltokia, mugara pixkanaka hurbilduz.
Biarritzetik Baionarako tartean, Iparraldeko hondar-tzen paraleloan daude trenbideak, eta tarteka ikusten dira apartamentuak, kanpinak eta surflariak. Leihatilaren bestaldean deskubri-tzen ditugu Pirinio apal eta otzanak. Hantxe egiten dio aurre mendikateak bere neurriko lagunari. Izan ere, Ozeano Atlantikoak baino ez du lortzen mendien indarrari eustea.
Paisaia biarnotarretan barrena aurrera, Pauen jaitsi gara. Geltokia harresien hobietan hondoratuta dago eta horma amaiezina baino ez da ikusten, tramankulu harrigarria parean duela: funikularra. Txikia, urdina eta letoizkoa. 1908. urtetik tramankulu horrek egunero libra-tzen du hormaren altuera handi hori. Beste batzuen balioa gutxiesteko asmorik gabe, Pau da Pirinio osoko hiririk dotoreena. Bidaiariak Pirinioetako Boulevardetik pasea-tzen dira, 1.800 metroko galeriatik, eta eskudelean bermatuta liluraz eta erakarpenez begiratzen diete bertatik ikus daitezkeen 83 gailurrei: Anietik Bigorreko Midiraino.
Egunak argitzen duenean, gorrituta ateratzen dituzte nagiak tontorrek. Oloroe - Donamariaraino joan gara sigi-saga. Goizeko lehenengo trena ez da abiatu: matxura bat izan da. Horrelako ustekabeetara ohitu beharra dago hemen. SNCP-k (Frantziako Renfe) autobusa jarri digu zerbitzu hori eskaintzeko.
Oloroen pentsatu dugu balitekeela Grimm anaiak bertan inspiratu izana Hansel eta Gretel ipuina idazteko. Zerua estalita dagoenean txokolate usaina da nagusi; herriaren bihotzean txokolate fabrika bat dago eta kutsadura zoragarria zabaltzen du. Edonola ere, gozotasuna gorabehera, Oloroe geltoki gazi eta mikatza izan zen infernura bidean. Izan ere, 1939 eta 1943. urteen artean, 60.000 errepublikar espainiar, brigadista eta judu bota zituzten nasa honetara, eta, ondoren, Gurs-eko kontzentrazio esparruraino bultzatu (kilometro gutxira dago). Beranduago, Auschwi-tzeko izugarrikeria ezagutu zuten askok. Oloroetik hurbil dauden mila hilobi baino gehiagok dakarzkigute gogora horietako batzuk.
Pauera itzuli gara. Tren goibel batek Lurdarantz eraman gaitu. Xarma zaharmindu zoragarria; larru horizko eserlekuak, duela 40 urteko dentisten kontsultetakoen an-tzekoak. Sotana eta lepagoraz jan-tzitako gazte batzuk; atso hindu bi eta ama bat PDA ukitzen, bost urteko semea bideo-kontsolarekin jolasten den bitartean. Den-denak beren baitan bilduak. Errugbi zelaiak, behi eta ardiz jositako larreak, eta elurra eta lanbroa mendietan. Hori da mendikate honen egiazko bandera.
Ahalik eta azkarren murgildu gara Toulouseko hiri-zalapartan barrena: “Foix-erako txartel bat, s’il vous plait”. Foixeko dorreetara bidean, bagoi berean izan ditugu rap eta graffiti zaleak, bidean haurtxoei bularra eman dioten emakume afro-frantses gizenak, bainuetxez jositako hiriak, erretiratuak, txirrindulariak eta mendizaleak. Foix-etik Tour de Carolera. Bertan, La Tour-eko nasan zain daukagu Cerdanyatik eramango gaituen museo pieza: pettit train jaune delakoa, 1910ekoa. Bi ordu eta erdi behar izan ditugu Villafranche del Conflet-etik bana-tzen gaituzten 63 kilometroak egiteko, eta 1.592 metrora igo gara Bolquere-Eyne geltokira heltzeko, Frantziako altuenera. Egin ditugu, azkenean, Pirinioak trenez.
Lautada ereiten duten buztin koloretako herriek Cerdanya osatzen dute. Mediterraneoan gaude. Pirinioetako Okzitania da hau: Languedoc, Rosellón eta Katalunia. Pixkanaka gora egiten jarraitzen dugu. Lehenengo bagoietan laino trinkoaren itsutasun zuria gainditu dugu, 310 bihurgune itxietako batean, eta 19 tunel baino gehiagoko iluntasun beltzera igaro gara. Noizean behin, trenbideek distira egiten dute. Bide bustia argitzen duten txinpartak dira. Pont de Gisclard erraldoia zeharkatu dugu, 80 metrokoa, Frantziako trenbide-zubi eseki bakarra. Azkenik, Villefranche del Conflent-era jaitsi gara. Handik, garraiobidea aldatu eta Katalunia frantsesaren hiribururako trena hartu dugu: Perpignanera. Perpignaneko geltokia Salvador Daliren koadro bat da, 1965ekoa.
Perpignanetik Port Bourako tartean, itsasoak irensten du trenbidea. Berez, Colliouretik aurrera nabigatu egiten dugula ematen du. Atlantikoan ikusitakoaren oso bestelako sentsazioa dugu hemen, Pirinioek diktadura inposatzen baitiote itsaso bare eta lasaiari. Mediterraneoan gara azkenean!