Ihesean nengoela, 2009an, Aroztegiako hirigintza planaren aurkako eskuorri bat ailegatu zitzaidan. Irakurtzean, pentsatu nuen baldintza horietan borroka egiteko ia modu bakarra horren inguruko ipuintxo bat idaztea izango zela”. Aroztegiako proiektu erraldoia izan zuen buruan Ernesto Prat Urzainkik (Berriozar, 1978) Telleria eta gero, zer? eleberri beltza idazteari ekin zionean. Horren arabera, 135 logelako hotela eta bederatzi zuloko golf zelaia jarriko lituzkete, nahiz eta herritarrak aurka agertu diren azken urteotan egindako bi herri galdeketatan. Testuinguru hori oinarritzat hartuz, Baztanen egin nahi den proiektu turistiko-urbanistikoaren inguruko trama garatu du idazleak.
Erreka bazterrean ilegalki botatako obra hondakinen artean pakete bat aurkituko du Lurrak, eleberriko protagonistak. Horren jatorria bilatzen doan heinean, istorioa garatuz joango da, eta Telleriako proiektuarekin nahastuko da. “Neska errebeldea da Lurra, Baztango pentsaera kontserbadoreko ardi beltza, punkia, inkonformista, sistemaren aurkakoa? Beharbada, errebeldia puntu horren ondorioz, ez du bertsio ofiziala sinesten eta benetan paketearen jatorria bilatzen hasten da, egia jakiteko”.
HERRITARREN BAZTAN
Baztan du agertoki nobelak, baina irakurleak ez du topatuko literaturan hainbatetan agertu den Baztan berde, misteriotsu eta “postaletakoa”, “herritarren Baztan” baino, egilearen esanetan. “Literaturak landu duen Baztan, batetik, ez da Baztandik sortzen, baizik eta kanpotik. Horrek ekarri du leku mitifikatu bat agertzea literaturan eta kanpotik lotu da lainoarekin, misterioarekin, leku erdi mistikoarekin?”. Baztan leku “normala” dela azaldu du Pratek, “bere alde on zein miseriekin”. “Hemen badago jende jatorra, badira hirietan dauden dramen antzekoak, jendea hilero elikagaien banaketan janari eske, etxegabetzeak, errepresioa, kontrol aunitz?”. Egilearen esanetan, ez du kontzienteki egin, modu naturalean baino. Landa eremua eta Baztan literaturak kontatua (Metaziri ekoizpenak) liburuxka irakurtzeak hausnarketarako aukera eman ziola kontatu du Pratek, eta konturatu zen bere liburuan “herri mugimenduen eta herritarren Baztan” agertzen zela, “leku normal bat”, alegia.
Kritika sozialA Telleria eta gero, zer? nobela beltza izanagatik ere, ez-poliziakoa dela nabarmendu du Pratek. Ezberdindu egin nahi izan ditu. Izan ere, askotan lotuta doazen generoak izan arren, “ez dira beti eskutik joan behar”, bere esanetan. Egituran ezberdintzen direla azaldu du: polizia eleberrietan, hilketa bat gertatzen da eta liburua hilketa argituz doan heinean garatzen da, nork hil du? galderari erantzuna ematean. Nobela beltzak, ordea, “haratago doaz”, egilearen esanetan. Hasierako gertakariaren gainean bertsio ofiziala eraikitzen da, baina beti dago kazetari, detektibe edo herritar bat gauza susmagarri edo arraroak aurkitzen dituena, ez duena bertsio ofizial hori sinesten eta ikerketa bere kabuz hasiko duena, egiaren bila. “Gaur egun, nire ustez poliziek ez dute zilegitasunik egiarekiko, bai ordea bertsio ofiziala defendatzeko, boterearen babesleak direlako, eta bertsio ofiziala botereak eraikitzen du. Nobela beltzetan egia bilatzen da, eta bide horretan, gizartearen nolabaiteko kritika egiten da, ustelkeria eta trapu zikin guztiak agertzen direlako, baita boterearenak edo sistemarenak ere”.
Urteetako idazketa prozesua izan du Praten lanak, izan ere, 2009an ondu zuen lehen zirriborroa, eskuz, baina gero, denboratxoa pasatu zuen istorioari berriro ere ekin zion arte. “2014an, euskal nobela beltzaren inguruan lanean hasi ginen Baztanen, (H)Ilbeltza kolektiboa sortuz. Bertako kide bati aspaldiko zirriborro bat nuela komentatuta, motibatu ninduen eta ordenagailura pasatu eta landu egin nuen”, kontatu du. Handik bi urtera, berriro ere (H)Ilbeltzaren inguruan, idazleak behar zuen azken bultzada eman zion Jon Alonsok, zirriborroaren inguruko kritika idatziz.
(H)ILBELTZAK EKARRIA
(H)Ilbeltza topaketek zeresan handia izan dute sorkuntza prozesuan. Baita Lurra pertsonaia sortzeko orduan ere. Izan ere, lehen zirriborroan mutila zen protagonista, beste ezaugarri ba-tzuekin, baina Pratek iritzia aldatu zuen, Itxaro Bordaren nobela beltzetako protagonisten inguruko solasaldia entzun ostean. “Atera nintzen pentsatuz ez nuela gizon heterosexualen poltsa hori handitu nahi eta Lurra pertsonaia sortu nuen. Baita ere aldarrikatzeko emakumeen presentzia eta papera”. Aurten, Migel Angel Elustondok Gotzon Garate euskal nobela beltzaren aitzindarietakoaren oroimenean emandako hi-tzaldiak ere zer pentsatua eman zion Prati. “Nobela beltza bere jatorrian nahiko iluna zen, gizartearen alde ilunak agertzen ziren eta horrek laguntzen zuen trama. Baina beharbada nobela beltza ez da izan behar Benito Lertxundiren kantu bat, baizik eta Eskorbutoren Cerebros destruidos edo halakoren bat?”.