Soinketa irakasle batek hamaika urteko ikasle baten gorpua aurkitzen du, gimnasioko sokatik urkatuta. Gertatutakoaren erruduna balitz bezala eta bere inguruak baztertuta, irakasleak errua eta erantzukizunaren arteko mugak marrazten diren bilaketa bati ekiten dio. Egoera latz hori hartu du abiapuntutzat Ttanttaka Teatroak Soka antzerki obran bakarkako taularatze baten bidez.
Mikel Gurreak sortu, Fernando Bernuesek zuzendu eta Iñaki Rikartek gorpuzten du obra, azken hori Igor izeneko gimnasia irakaslearen azalean sartuko da. “Eskola jazarpena hartu dugu abiapuntu, baina obraren gaia bestelakoa da: erruaren eta erantzukizunaren arteko mugak taularatzen dira”, dio Rikartek. Hasierako gertaera lazgarriari helduta, soinketa irakasleak jazoera maila pertsonalean nola bizi duen kontatzen da antzezlanean.
Bullying-aren inguruko gogoeta ikuslearekin partekatu nahi izan du Ttanttakak. “Antzezlan hau, gehienak bezala, paradoxa batean koka-tzen da -dio Rikartek-. Jazarpena salatzen dugunok, erantzule bihur-tzen gara askotan. Maiz salatzeko modua jazarpena egitea baita”.
ERANTZUKIZUNAZ Barne gogoeta bat azaleratzen du aktoreak taula gainean, eta “inolako erantzunik eman gabe” gizartea hausnartzera gonbidatu nahi du ikuskizunak. Erraza da egoera baten aurrean erruduna bilatzea eta seinalatzea, aktorearen esanetan. Erantzukizuna, ordea, askotan ez da hain garbi egotean. “Erantzukizunaz hitz egitea deserosoa da; ongi eta lasai lo egiteko bilatzen ditugu errudunak, baina kontua askoz konplexuagoa da”. Eskola jazarpenean gizarte osoak ardura duela uste du aktoreak, eta horren aurrean gogoeta eragin nahi du Gurrearen testuak: “Gizarte bezala gauza asko gaizki egin behar izan ditugu horrelako gertaerak jazo-tzeko. Hori da muina”.
Errua eta erantzukizunaren artean murgilduko da Rikarte oholtza gainean, lau aulki, soka bat eta bozgorailu batzuk besterik ez dituela ondoan. Eszenografia “sinplea baina dotorea” lortu dela dio aktoreak. Soka da elementurik garrantzitsuena: “Elementu metaforikoa da, eta soka batzuetan tenkatzen eta beste batzuetan lasaitzen den barne gogoeta batean murgilduko naiz. Sokak emozioak irudikatzeko balioko du”. Dena den, hitzetan jarri du arreta. “Espazio eta egoera guztiak hitzek sortzen dituzte, dena dago hi-tzetan”. Bide horretan, erronka “izugarria” izan da aktorearentzat.
Gogoeta pertsonal hori bakarrizketa moduan aurkezten zaio ikusleari. Orainaldian eta lehenengo pertsona erabiltzeak subjektibotasuna sartzeko aukera eman dio Gurreari. Izan ere, Igorren begietatik kontatzen da istorio osoa, eta ikusleek ikuspuntu bakarra ezagutuko dute. “Momentu batean istorioak thriller ukitu bat du, publikoak zalantzan jarriko baititu Igorren hi-tzak”, adierazi du aktoreak. Ikusleek Igorren bidez izanen dute gertatutakoaren garapenaren berri: “Une oro transmititzen dira honen bizipen eta sentsazioak. Gauzak okerrera doaz, eta bera ezin da horren aurka borrokatu”.
Antzezlan “gogorra” da Ttanttaka Teatroak ondutakoa, Rikarteren esanetan, eta “gogorra” izan da beretzat ere soinketa irakaslearen papera antzeztea. Lehen aldia da horrelako bakarrizketa bat egiten duela eta momentu askotan oholtzan bakardadea sentitu duela aitortu du. “Nahiz eta oso gertu izan testua eta Gurrea eta Bernues ondoan izan, oihala altxatzean bakarrik nago”.
Erronka handia izan dela dio Rikartek, baina gustura sentitu da. “Bakarrik egon arren, orain arteko emanaldietan ez naiz bakarrik sentitu: istorioaren barne-barnean sartzen naiz, eta defendatu behar dut”. Testua “inteligentea” izateak lagundu dio bide horretan. “Asko lagundu dit istorioan gertaerak azalduta dauden moduak. Autorearen ikuspuntua islatzen da testurako aukeratu dituen xehetasunetan, eta horiek ezin hobeto daudela uste dut”.