UUne gozoak bizi ditu Hesian talde nafarrak. Abenduan zazpigarren diskoa kaleratu zuten hamar urteko abentura musikalaren omenez, eta sekulako festa antolatu zuten Durangoko Azokan; lagun, adiskide eta gonbidatu berezi sortarekin bete zuten Plateruena Antzokia. Uneko ospakizunak pasata, festarekin jarraitu du taldeak, eta plazetatik hiriburuetako aretoetara egingo dute salto datozen egunetan. Dagoeneko Gasteizen izan dira Enkore taldearekin, eta hauek dira datozen zita handiak: gaur, larunbata, Donostian arituko dira, Intxaurrondo kultur etxean; datorren larunbatean, apirilak 1, Bilboko Kafe Antzokian; eta, maiatzaren 27an Iruñearock jaialdian.
Sakanako taldea 2006an sortu zen, krisialdiaren atarian. Ibilbidea ez da erraza izan; musika kontsumitzeko ohitura aldaketak, taldekideen joan-etorriak, etengabe garaietara egokitzeko beharrak... Denbora konturatu gabe pasa zaio ordea Fran Urias taldeko abeslari eta gitarra-jotzaileari. Bera da hasieratik taldean mantendu den bietako bat, eta taldearekin batera bizi izan du bere izaeraren eboluzioa: “Une polita bizi dugu; ibilbide gorabehera-tsuko taldea izan gara, eta beti ez ditugu une onak izan, baina azken urteetan, gorantz egin dugula uste dut. Pertsonalki, taldearekin batera egonkortu naiz; lehen kontzertuetan oso urduri jartzen nintzen, eta orain, disfrutatzen eta gozatzen ikasi dut”.
Hasierako kontzertu horiek gogoan iltzatuta ditu Uriasek. “Muturrerainoko urduritasuna sentitzera iristen nintzen kontzertu eguna iristen zenean. Taldeak eman zituen lehen kon-tzertu horietan ezin nuen jan, eta behin baino gehiagotan amaitu nuen botaka egiten. Airea behar izaten nuen, eta taldearekin ospatu ordez, leku bakartiren batera joaten nintzen lasaitzera. Inflexio puntu batera iritsi nintzen; zergatik, zertarako ari nintzen hori guztia pasatzen? Gerora, urteekin, disfrutatzen ikasi dut”, kontatu du.
Zuriñe Hidalgo abeslariak oso bestelako esperientzia bizi izan zuen bere lehen kontzertuan; urduritasunak ez zion eragin, eta primeran pasa zuen arren, badu anekdotarik egun berezi horren harira: “Ez dut inoiz ahaztuko nire lehen kontzertua; Altsasuko Gaztetxean izan zen. Lokala oso txikia zen, eta ni oso lasai nengoen arren, desastre xamarra izan zen. Kontua da taldekideok elkarren artean konektatuak egoteko entzungailu batzuk banatu zizkigutela, baina ni ez nengoen horietara ohituta; kontzertuan dena eman nuen, sekulako emanaldia egin genuen sentsazioarekin, eta amaieran esan zidaten entzungailua hasieratik itzalita izan nuela; A zer nolako hasiera!”.
Lehen pausu horiek eman zituztenetik, taldeak boladak izan ditu, eta aldaketa ugari bidean. Egun lagun hauek osatzen dute taldea: Zuriñe Hidalgo eta Fran Uriasekin batera, Eneko tronpetan, Iñigo tronboian, Ane baxuan, Danel baterian eta Iker gitarran. Baina ez da beti horrela izan. Dena den, urtetan familia giroa mantendu dute, Uriasek dioenez: “Jende asko igaro da hemendik, eta ez da beti erraza izan, lagun baten irteera eta pertsona berri baten moldatze prozesua bizi behar izan ditugulako. Beti saiatu gara hasiberriei enkajatzen lagun-tzen, koadrila izaera baitu taldeak. Hesianek horrenbeste urte irautearen gakoetako bat gure arteko harremanak naturaltasun osoz garatu izana da; loturak garatzeko gaitasun hori funtsezkoa da talde baten osasunerako”, uste du Uriasek.
Bolada txarretan ere, kohesioa mantentzen jakin du taldeak, eta egun, oreka lortu dutela dio Uriasek. “Oso ongi moldatzen gara egun. Abenduan azken taldekide berria aurkeztu genuen, Ane Bastida baxu-jotzailea, eta primeran egokitzen dabil. Bruno Zubizarreta ibili da lan horretan orain arte, eta teknikari lanetan arituko da aurrerantzean”. Beti ez da horrela izan ordea; taldean egon izan dira gora-beherak. Abeslariaren esanetan, taldekideren batek giroa zikindu duenean, zaleek nabaritu dute giroa okertuta zegoela: “Zorionez, kutsadurak garbitu eta izaera mantentzen jakin dugu”.
Etiketarik gabe
Taldekideen joan-etorri horretan, Hesianen musika estiloa ere moldatuz joan da. Hidalgo ez da musikari etiketak jartzearen zale, eta taldeak darabilen estilo askatasuna aldarrikatu du: “Gorroto dut musikari etiketak jartzea. Hesianek estilo ugari landu ditu garaiaren arabera, eta orokorrean, pop-rockeroak garela esan genezake; pena bat da etiketa horrek gizartean duen zentsu itsusia, baina halakoa da gure musika. Eta ez hori bakarrik; batzuetan punkeroak izan gara, bestetan baladak egin ditugu, metalero kutsua izan dugu... nahasketa izan da talde honen izaera”.
Hastapenetan ska kutsuko taldetzat hartu izan zen Hesian, baina etiketa hori ez du maite Uriasek. “Egia da hasierako urteetan izan genuela ska musikarekiko joeraren bat, baina ez zaigu gustatzen etiketa hori, aspalditik ez baitugu estilo horretako musikarik egin. Taldearen estiloa etengabe aldatuz joan da, pin-pon partida baten moduan; batzuetan rockeroagoak izan gara, bestetan lasaiagoak... Azken diskoak ondo laburbiltzen du gure aniztasuna, ez baita batere homogeneoa. Etorkizunean auskalo zein izango den gure joera; uneko harrikadaren arabera sortuko dugu musika”.
Hain zuzen, Urias eta Hidalgo dira Hesian taldearen abestien sortzaileak. Bakoitzak bere modura sortzen ditu kantak. Uriasek gitarraren laguntzaz konposatzen ditu lehen akordeak eta Hidalgok edozein unetan aurkitzen du inspirazioa: “Gutxien uste dudanean datorkit konposatzeko grina; izan daiteke hegazkin batean, lo hartu aurretik, lanean... Gai aukeraketan, aldiz, beti fijatzen gara inguruan, eta sentitzen dugunaz kantatzen dugu. Ez dugu aurretik zehazten zeren inguruan izango diren gure kantak; amorruak edo barneko beharrak bultzatuta sortzen dugu”, kontatu du Hidalgok.
Doinu berriaren lehen txinparta jaio eta berehala, taldekideak lokalean biltzen dira. Kantuak oraindik gordin daudenean biltzea gustuko du Uriasek: “Zuriñek eta biok ideia berri bat dugunean, segituan jotzen dugu lokalera, eta taldekideei erakusten diegu. Garran-tzitsua iruditzen zaigu abestia talde osoaren parte-hartzearekin garatzea; adibidez, Ikerrek beti aberasten ditu lehen ideia horiek, beste perspektiba batetik entzuten dituelako. Esan daiteke guk bihotza jartzen dugula, eta hark burua”.
Hesiak gaindituz
Hesianek beti izan du neska-mutil koadrilaren itxura, eta Bastidaren azken fitxaketarekin, taldeko emakume bakarra izateari utzi dio Hidalgok. Barnean eroso sentitu izan da beti, baina musikaren munduan oraindik gainditzeke dauden oztopoekin aurkitu da behin baino gehiagotan: “2010ean batu nintzen Hesianera, eta ordurako taldetik igarotako hirugarren abeslaria nintzen. Taldea osatuta zegoen dagoeneko, eta hilabete batean ikasi behar izan nuen dena. Baina hasieratik egin zidaten harrera ona; beldur nintzen publikoak zer esango ote zuen, eta haiek ere ondo hartu ninduten”, kontatu du. Emakume moduan beti eroso sentitu dela dioen arren, rockaren munduan oraindik jarrera matxistak nonahi topatzen direla salatu du Hidalgok: “Adibide bat ipintzearren, eszenatokian gaudenean duda teknikoak normalean Frani galdetzen dizkiote ni aurrean naizela, nik kableak jartzen jakitea ezinezkoa balitz bezala. Taula gainean ere, tratua ezberdina dela sentitu daiteke; emakumeak beti gara kritikagarriak, ea zer daramagun jantzia, nola orraztu garen, margotu ote garen, dantzatzen ote dugun... Guregan, dena da aztergai”.
Taldearen babesa izan da beti Hidalgok Hesianen egoteko aurkitu duen arrazoi nagusia: “Talde bat gara, zentzu guztietan. Dena egiten dugu taldearen onura helburu hartuta; irabazitako dirua ere taldean inbertitzen dugu. Denok sinesten dugu proiektuan, elikatu egiten dugu, eta hori da ziur aski, hamar urtez borrokan iraun izanaren arrazoia”. Uriasek beste ezaugarri batzuk gehitzen dizkio arrakastaren gakoari: “Ez dugu ilusioa galdu. Hamar urteren ondoren, ile gutxiagorekin gaude, bai, baina hasierako energiekin”
Uriasek eta Hidalgok ez dute Hesianen etorkizunaren inguruan argitasunik; Hidalgo, esaterako, taldean egoteak sorrarazten dionaren arabera gidatzen da: “Ez dakit honek noiz arte iraungo duen, baina gustura nagoen bitartean eta ilusioz nabilen artean, aurrera jarraituko dut”, dio. Urias ere ildo berean mintzo da: “Talde hau askotan aldatu eta moldatu da, eta beraz, ez daukat ideiarik ere norantz ote goazen. Bidean hamaika abentura bizi izan ditugu. Hesianek aurrera egiten duen bitartean, musika indartsua eta bizia jorratzen jarraituko dugu, hitz sakon eta konprometituak zabalduz, borrokalariak, esanahiez beteak eta itxaropentsuak, iluntasunean argia bilatzen dutenak. Hamar urte... eta gelditzen direnak!”.