Corinne Cella marsellarrak duela hamar urte sortu zuen Rouge Elea konpainia ibiltaria. Zirku munduan arituriko artistak Bruselan zegoela sortu zuen konpainia. Duela urte batzuk, baina, konpainia Euskal Herrian kokatu zen eta ordutik lau ikuskizun sortu dituzte. Zirkua, musika zein dantza modu teatral baten bidez lantzen dituzte beti, barruak mugiarazten dituzten gaiak landuz.
“Ez dugu zirkua bakarrik egiten, beti kontakizun baten zerbitzura izaten da”, dio Ander Fernandez taldekideak. “Oroitzapenetan zeharreko bidaia poetikoa” da Hau da nire ametsen kolorea ikuskizuna, Fernandezen esanetan, “memorian barrena eginiko bidaia edo paseo onirikoa”. Hain justu, Cellaren familiaren historian arakatzen sortu da istorioa, bere arbasoen inguruan. Cellak 8 filmez betetako kaxa handi bat jaso zuen aitarengatik, eta pelikula horietan murgiltzean, familiaren historiaren inguruan galdera egiteko gogoa piztu zitzaion. “Hala, bere senideen historiaren eta oroitzapenen bitartez, Corinne bere oraina ulertzen joango da”, dio Fernandezek. Zergatik egiten dut nik dantza? galdera hori dago hasieran. Oroitzapenei loturiko testigantzak bilduta, pasarteen bitartez galdera horri erantzun bat bilatzen joango da protagonista.
Ikuskizun honetan koloreek garrantzi sinboliko handia hartzen dutela ere adierazi du Fernandezek. Jantziak zuri-beltzak izango dira eta hiru pertsonaia ikusiko ditugu oholtzan. Eskenatokian kolore bakarra egongo da, gorria, harien edo soken bidez ikusiko dena. Bidaia guztia lotzen duen haria izango da hori, hain zuzen.
Bi urte eman ditu Rouge Elea konpainiak Hau da nire ametsen kolorea lantzen, eta ikuskizuna osatzeko egonaldi ezberdinak egin ditu taldeak. Aktore lanetan, Corinne Cella, Marine Dubois eta Javier Barandiaran ikusiko ditugu. Cellaren pertsonaiak egingo du bidaia eta beste pertsonaiak heriotza eta bizitzaren mugan egongo dira, memoria eta orainaren artean.
Oier Guillan idazle eta aktoreak idazketan lagundu du, “batez ere dramaturgian eta kanpo begiradarekin”, berak dioen moduan. “Mugan dauden bi pertsonaia izango dira azken bi horiek, muga horretatik begiratzen diote Corinneri, probokatu egingo dute. Baina Corinnek ez ditu ikusten. Sentitu, ordea, sentitzen ditu, hor daudela bizi du, alegia”, azaldu du Guillanek. Horrela bada, inoiz ez dugu ziurtasunez jakingo senideak edo iraganeko ahotsak ote diren. “Hor daude egon gabe, baina eragiten dizute, nahiz eta fisikoki ez egon. Beraien bitartez istorioa ulertuko dugu”, kontatu du Guillanek.
DANTZA ETA MUSIKA OINARRI Nahiz eta zirku tresnak edo ariketak oso presente egon obra honetan, Corinnen lan egiteko modua, dantzatik abiatzen da beti. Horrez gain, musikak ere garrantzia hartzen du bere egiteko moduan, eta ikuskizun hau ez da salbuespena. Ander Fernandez arduratu da musika egiteaz. “Hasieratik zuzeneko musikarekin lan egin dugu, eta gero prozesu guztian zehar musika sortzen joan gara, moldatzen eta gara-tzen”. Bere esanetan, musika oso presente dago uneoro, “nahiz eta askotan horretaz konturatu ez. Harritu egin ginen haur eta gazteen-tzako emanaldi bat egin genuenean, Senperen. Musikaz galdetu, eta askok esan zuten ikuskizunean musikarik ez zegoela”. Harriduraz jaso zuten iritzia taldekideek. Izan ere, ikuskizunean 40 minutuz musika entzun daiteke. “Baina hain dago eszenarekin uztartuta, askotan oharkabean pasatzen da -dio Fernandezek-. Gitarra, biolontxelo eta perkusio ezberdinek, denek antzeko ukitua dute. Funtsean, sortutako musika hori izango da errepikatzen den hari onirikoa”.
Musikarekin batera, testua nagusiki off ahotsean entzun ahal izango da. Aitaren gutun bat entzungo dugu momentu ezberdinetan. Tartean, Cellak bere ahizparekin eta bere amarekin izandako elkarrizketen zatiak ere en-tzungo dira. Guillan arduratu da testuak moldatzeaz, “lurrera ekarri eta forma literarioago eta poetikoagoa eman diogu, gutxiagorekin gehiago esateko”, kontatu du Fernandezek.
Dagoeneko ikuskizuna frantsesez estreinatu dute. Haur eta gazteekin emanaldi batzuk ere egin dituzte, nahiz eta honakoa ez den, berez, gaztetxoentzako obra bat, Fernandezek dioenez: “Ez da gazteentzako ikuskizuna, transmisioa, hildakoak edota oinordekotzaren gaiak lantzen direlako, batez ere. Baina unibertso oso bisuala denez eta helduleku dezente daudenez, sinbologia argia duenez, gaztetxoek oso harrera ona egin diote obrari. Komentario oso politak jaso genituen, guk eginiko gogoetak sakonago eta urrunago eraman dituzte”.
Ikuskizuna hiru hizkuntzatan eskainiko dute, euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez. “Hori da gure errealitatea -dio Fernandezek-. Sorkun-tzan aritu den bakoitzak bere hizkuntza dauka, baina off ahotsa erabiliz erreza izan zaigu ikuskizun eleaniztuna sortzea”. Euskarazko bertsioarekin, asteazkenean Miarritzen, ostiralean Leioan eta maiatzaren 14an Errenterian izango dira.