Lumiere anaiek L’Arrivée d’un train en gare de La Ciotat (1895) filma egin zutenetik, eta, orduz geroztik, maitasun istorio amaigabean murgilduta daude Kosta Urdina eta zinema. Niza edo Cannes hirien garapena ezin da ulertu zinemaren esku-har-tzea azaldu gabe eta gure irudimenean oso barneratuta daude Dolce Vita frantziarraren irudiak. Côte d’Azur-aren xarma aski ezaguna da mundu mailan, eta eskualdeak 10 milioi bisitari inguru jaso ohi ditu urtero.

Turisten artean, halere, Niza da maitatuena. Bertako Promenade des Anglais edo Ingelesen Pasealekuak ehun urte beteko ditu aurten, eta, iaz izandako atentatuak hiriaren gogo aldartea zeharo aldatu duen arren, eremuaren edertasunak bere horretan jarraitzen du.

“Begiak irekitzea besterik ez dago film baten agertokian gaudela imajinatzeko”, uste du Francois Medinek. Antropologian aditua den irakasle nizar honek ez daki zinema edo Kosta Urdina duen nahiago. “Freaky bat naiz”, diosku txantxa artean.

EZOHIKO ARGAZKIA

Medinek uste du Promenade des Anglais zinemaren historiaren protagonista garrantzitsua dela, baina irizten dio pasealekuak ez duela Niza osoa ordezkatzen. Hori hala, Jean Vigo zinemagilearen À Propos de Nice (1930) filma gomendatu digu. “Dokumentalak hiriaren erretratu ezohikoa aurkezten du. Alde batetik, kasinoak, hondartzak, terrazak eta inauteri famatuak erakusten dizkigu; funtsean, Nizako erdigunearen deskribapen ederra egiten du”, dio Medinek.

Hala, Negresco hotel ikonikoa da lehen zati honetako protagonista, “Frantziako hotelik famatuena da, izan ere, bertatik pasa dira Hollywoodeko izarrik dizkiratsuenak”, erantsi du. Negresco hotelak Frantziako iragan koloniala islatzen du, inperioaren handitasuna, eta Fred Zinnemann zinemagilearen The Day of the Jackal (1973) film luzean ere agertzen da.

Filmaren bigarren zatian, ordea, aldirietako auzo abandonatuak erakusten dizkigu Vigok. Fran-tzia zabaletik eta Italiatik etorritako migratzaileen bizitokiak dira, hormigoizko eraikin altuak, bata bestearen ondoan eraikiak”, azaldu du. Eta 2017an kontraste hori inoiz baino argiagoa da Nizan. Erdigune zaindutik aterata, nagusi dira balieu edo aldirietako auzo ahaztuak. “Sistemak alde batera utzi dituen Ekialde Hurbiletik etorritako migratzaileen etxeak ere agertoki zinematografiko bihurtu dira azkenaldian”, diosku Medinek. Hori hala, Brice de Nice (2005) filma aipatu du, Nizako Dolce Vita-ren gainbehera umorez eta ironiaz azaltzen baitu luzemetraiak.

ZINEMAREN HIRIA

Baina Kosta Urdina Niza baino gehiago da; Cannesek ere badu zer esanik. Urtero egiten den zinema jaialdiak milaka bisitari erakartzen ditu eta Hollywoodeko aktorerik famatuenek luxua eta glamour-a islatzen dute. Canneseko jaialdia 1939an sortu zen, hain zuzen, Veneziakoari konpeten-tzia egiteko. “Louis Lumière izan zen ekimenaren lehen zuzendaria eta II. Mundu Gerra amaitu ondotik egin zuten lehen edizioa”, nabarmendu du Medinek, pasealekutik zehar gidatzen gaituen bitartean.

Orduz geroztik, zinemaren hiri gisa bataiatu dute askok, eta hamaika filmen agertoki kuttuna bilakatu da. Hemen filmatu zuen François Truffaut-ek La Nuit Americaine (1973) eta Alfred Hitchcockek To Catch a Thief (1955). Hemen sortu zen Cary Grant eta Grace Kellyk osatutako bikote zinematografiko perfektua eta hemendik kilometro gutxira ezagutu zuen Kellyk Monakoko Printzerria. Ondoren etorri zena aski ezaguna da denontzat.

“Cannesek magia berezia dauka, baina Niza errealagoa eta biziagoa da”, uste du Medinek. Bien artean, halere, Kosta Urdinaren irudi magiko bat marraztu dute gure irudimenean. Medinek argi dauka: “Filmek baieztatu egin dezakete irudi hori, edo hankaz gora utzi. Zinemaren magia da errealitatearen alde bati edo besteari heltzea”. Amaitzeko, zera galdetu diogu: Zein da zinemaren hiria? “Norberaren esku dago erantzuna”.