Bilbon eta Donostian kultur gune nagusiak sortu dira azken urteetan. Gasteizen antzeko estrategiari ekin zioten, baina behin eraikina bukaturik, edukiz betetzeko dirurik gabe gelditu dira. Bilboko Azkuna Zentroaren baitan hainbat eduki garatzen dira, Donostiako Tabakaleraren antzera. Donostiakoak kultura garaikidea suspertzea du helburu eta bere burua erakunde-ekosistematzat du. Bilbokoan polikiroldegia, mediateka-liburutegia, zinema eta erakusketa aretoak daude, kultur programa zabal eta heterogeneo batek espazio guztiekin proiektu bat osatu nahirik.

Kulturaren eragile izan nahi duten hiri-ekipamendu hauek ondare-eraikinetan kokatu dira. Bata ardo-biltegian, bestea tabako fabrikan. Biek ala biek jaso dute kale-espazioa -edo arkitektoek gustuko duten hitza erabiliz, espazio publikoa- bihotz-gune gisa. Bi kasuetan, antzinako eraikinaren aztarna eta memoria gordetzearen eginkizuna fatxadan zedarritu da, eta barnealdekoarekin jostatu dira, eraikin berri baten egituraketa eta forma txertatuz. Bietako batean ere ezin izango dugu, beraz, iraganeko espazioen kalitaterik igarri. Donostiakoan, pladur-ariketa bat egin da. Bilbokoan, star diseinatzailearen kapritxozko dekorazio-lana.

ERALDAKETARAKO TRESNA

Tabakalerak kultur programaren erroetan kokatu du arkitektura, jaiotzetik; hala ere, Azkuna Zentroak iaz hasi zuen bizikidetza honen lehen esperientzia, eta horrexegatik berritasun hori kontatzera goaz, eta, bide batez, bien arteko konparaketa honetatik irakur zitekeen lehia bertan behera uztera. Honela, detektatu dugu Azkuna Zentroan badela mugitzen ari den zerbait. Bilbao Commons du izena eta iazko abenduan atrioan tramankulu bat lurreratu zuen. Bere eragin-eremua eta eginkizuna ez da Azkuna Zentrora mugatzen; kultur eraikina ez da zentraltasuna, ibilbideko geldiune bat besterik ez. Ohiko erakustaldietatik aldentzen den proiektua da, eraiki den tresnak posible egiten duelako mugitzea eta, horrekin batera, aparkatzen den testuinguruan -hiriko auzoak- eraldaketarako eragina izan nahi du. Izan ere, arkitekturaren baliorik esanguratsuenetarikoa hori li-tzateke: ingurune batean eraldaketa-bektore gisa katalizatzaile izatea. Beste eragile bideekin alderatuz, arkitekturak badu berezitasun bat: ideiak eraikitzen dituela, hots, fisikoa izan daitekeela -ukigarria eta bizigarria-, eta beraz, erreferentzia-leku eta irudi bilakatu daitekeela.

Bilbao Commons ikerketa proiektu bat da, Azkuna Zentroaren kultura-programa hirian zehar zabaltzeko helburua duena -egoi-tza programaren barne txertaturikoa-. Baina bere azken betekizuna ez da kultura sortzaile izatea; kultura bidelagun egiterakoan, hiri edo auzoaren eraikuntzarako baliogarri izatea baizik. Proiektu honen atzean Inteligencias Colectivas / Zoohaus taldeen sare madrildarra dago, eta Bilboko egoitza PEZ estudioko arkitektoek bideratzen dute (Elisa de los Reyes eta Maé Durant).

Egileen lan ibilbidean kultura eta hiria ulertzeko printzipioak irakur daitezke. Alde batetik, kultura eginkizun partekatua dela, eta hiriaren eraikuntza, kulturaren erakusle eta eragile dela diote. Bestalde, hiritarren adimenean sinesten dute. Arkitekto talde honen egitekoa proiektua kokatzen deneko testuinguruan radar baten gisara eragitea da, tokiko arkitektura-adimena miatzen. Espazioen gaineko jakinduria bi mailatan desberdintzen dute: antolaketa ereduetan eta estandarizatu gabeko eraikuntza-teknologian. Bertakoen adimena biltzean eta grafikoki artxibatzean, gerora tokiko espazio-arazoetan ezartzeko erabilgarri zaie.

Bilbao Commons eraikina desmuntagarria da; erraz mugitu eta muntatu daiteke, egitura tubularrei esker. Eraikuntzaren diseinua Azkuna Zentroan egindako lan-saio batetik atera da; made in Bilbao, beraz. Eraikinaren paretetan orain arte egindako jasoketa ikusgai zen: Bilboko kultur eragileen mapa eta hiri espazioetan garatutako teknologia hibridoak.

2017an, Bilbao Commons Errekalde eta Santutxuko auzotar berri bilakatuko da. Bere funtzioa ez dago aldez aurretik zehaztua; auzotarren arabera gauza bat edo beste izango da. Auzoaren dinamika urbanoan barneratu nahi du, hiri-eragile desberdinen arteko elkar eragina sortu eta hiri-errealitatearen parametroak mugitu.

Arkitektura honen balioa, beraz, ezin da bere itxuran oinarritu. Arkitektura eta eraikuntza uler-tzeko eredu bat erakusten du, kulturatik eta adimen partekatutik abiatzen den hiriaren eraikuntzarako tresna dela erakutsiz.