Mende laurdena igaro da Karlos Linazasorok (Tolosa, 1962) bere lehen liburua argitaratu zuenetik, eta oraindik bilatzen ari den hori aurkitu ezinik dabilela dio idazleak: “Ez dakit zer den, baina zerbait badela ziur naiz. Aurkitzen dudanean, akabo, idazteari utziko diot”. Artean, Trilogia hiperlaburra idatzi du Linazasorok, kontakizun laburrak biltzen dituen liburua.
Gauzak labur eta zuzen kontatzea atsegin du Linazasorok eta jakina da ez dela nobela luzeen zalea. Ipuinak, poemak zein aforismoak idazten sentitzen da erosoen, eta izaerarekin lotzen du berak hori, “pazientziarekin”, zehazki. “Eleberriak ez du jatorrian zuen funtzioa betetzen, guztiz prostituitua dago. Aldiz, ipuinek eta poesiek euren erroa mantentzen dute oraindik”, uste du. Bere esanetan, benetako literatur zaleek genero horiek irakurtzen dituzte, hortxe baitago “literaturaren benetako muina eta esentzia”. Generoak alderatzen hasita, ipuin bat ona izanez gero, ez duela orrialderik soberan izango uste du. Bertan, gauzak “kondentsatu, laburtu, kimatu egin behar” baitira, esentziara jo. Ipuinlariarena alkimistaren lana den artean, nobelak idazleari baliabide gehiago eskaintzen dizkiola dio Linazasorok. “Nik uste dut zailagoa dela ipuinak idaztea, nobelak baino. Eta are zailagoa poemak idaztea”.
Muinera zuzenean Linazasororen kontakizunetan ez dago hitzik soberan, zuzenean mamira joaten da idazlea. Twitter eta antzerakoak modan dauden garaian, bere mikroipuinek gaur egungo txioen antz handia dutela dio, izan ere, ez batean ez bestean “ez dago lekutik alferrikako hitzentzat”. “Izugarri” zaintzen du Linazasorok hitzen aukeraketa, kontu handiz. “Hitz bat altxor bat balitz bezala, ipuin bat soneto bat balitz bezala? Hau kabitzen da, hau ez, honek tonu edo kolore berezia du, hau egokiagoa da beste hori baino?”. Istorio bakoitza behar bezala taxutu arte. Edozein idazleren bertute handiena zain eta adi egotea dela dio Linazasorok. Eta berak ere bere zentzumen eta pentsamendu guztiak erabili ditu liburu honetako kontakizunak sortzeko. Formula berezirik ez dagoela onartzen du, eta ipuinak idazteko ideiak edozein une zein lekutan bururatzen zaizkiola kontatu du. “Nire burua sumendi bat da beti, ez du inoiz atsedenik har-tzen. Begiratzen, kontenplatzen, behatzen ikasi behar da, adi egoten, azken finean”.
Umorea eta ironia aurki daitezke Trilogia hiperlaburra liburuan. Gaizto samarra batzuetan. “Ni oso gaiztoa naiz! Ironia, sarkasmoa, umore beltza? Nola bizi arma horiek guztiak gabe? Nola baretzen da gizakiak heriotzari dion berezko izua umorearen ukendurik gabe? Zerk ematen dio zentzua bizitzaren absurdoari?”, egin du gogoeta idazleak.
Kontakizun laburrez osaturiko liburua den arren, patxadaz irakurtzeko gomendioa egiten du Linazasorok. Izan ere, ipuin bakoitzak irakurleari ahalegin jakin bat eskatzen dio, eta horrek nekatu egiten duela uste idazle tolosarrak. Gainera, dena segidan irakurriz gero, liburua “gaindosi” baten antzekoa izan daitekeela aipatu du, dena “oso kondentsatuta” baitago. Kontakizun askok azpi-irakurketa bat dute eta poliki irakurri ezean, irakurleak galdu egin dezake hori, egilearen esanetan.
Loturarik gabeko ideiak Trilogia hiperlaburra izenburupean, hiru zatitan banatu du liburua Linazasorok. Horrelakoetan, normalean jarraipena duen istorio bat konta-tzen den arren, kasu honetan, atal bakoitza autonomoa da, ez dute loturarik elkarren artean. Lehen atalean, bururatu bezain laster idatzitako kontakizunak bildu ditu. “Gero, tiraderan utzi, eta beste lanketa bat egiten dut: irakurri, aukeratu, soildu, ukitu txikiak egin, eta asko zakarretara joaten dira, ezinbestean”.
Linazasorok fobiak mahai gaineratu ditu bigarren atalean. Aldizkari batean fobien zerrenda bat aurkitu zuenean “gai ezin literarioagoa” iruditu zitzaiola kontatu du. Ipuintxoak idazteko oso aproposa zelakoan, horietatik batzuk aukeratu zituen. Sinestezina dirudien arren, liburuan jasotako den-denak benetakoak direla ziurtatu du. “Txundituta gelditu nintzen, ehunka zeuden!”, azpimarratu du. Hala ere, bera ez dela bereziki fobiaduna dio, “baina bai, idazle gehientsuenak bezala, nahiko neurotikoa, obsesiboa, gaixobera, maniatikoa, ziklotimikoa?”.
Surrealistatik ere badu Trilogia hiperlaburra liburuak. Hirugarren eta azken atalean, eritegi baten barruan dagoen pertsona batek bertan ikusitakoak kontatzen ditu egileak. Ipuinak josten dituen hari mehe bat bada zati horretan eta pertsonaia berari buruzkoak dira kontakizun guztiak. Gaixotasuna eta heriotza ditu gai nagusi, Linazasororen “obsesio kutunak” baitira horiek. “Umorez eta ukitu nahiko ero edo surrealista batez kontatuak, ametsak eta eldarnioak, umore beltza eta lirismoa?”.