Azken aldian Game Erauntsia komunitatearen baitan hainbat joko euskaratzeko dinamikak hasi dira sortzen. Hasiera batean, joko zaharrak, retro deritzotenak izan genituen jo puntuan: Alex Kidd in Miracle World, Metroid Zero mission, Super Mario Bros, The Legend of Zelda eta Pokemon Ruby (erdizka bada ere) euskaratuta daude, besteak beste.

Hala ere, bideo-joko hauek euskaratzeak benetan lan handia eskatzen du eta oso jokozale eta nostalgikoentzat balio badute ere, gaur egun argitaratzen dituzten joko motekin ez dute zerikusirik. Bideo-jokoen esparruan euskarak hutsune handia duela ikusten genuen. Hala, joko zaharrak euskaratzearen kutixia joko berriekin ere egin genezakeela pentsatu genuen.

Garaiak asko aldatu dira; gaur egungo joko modernoak itzultzea askoz errazagoa da orain dela urte batzuetakoak baino. Askotan, online dauden tresnak erabiliz taldean itzul daitezke; edota, kasurik txarrenean, fitxategi soil bateko lerro batzuk itzultzea besterik ez da izaten. Ez du inolako zerikusirik garai bateko joko retro horietako byte-ak itzultzearekin.

Horrela ba, azken aldian euskarara itzuli ahal izan dugu, adibidez, The vanishing of Ethan Carter, 2014. urtean argitaratu zen eta hurrengo urtean PlayStation 4 kontsolan berrargitaratu zen joko puska. Jokoaren audioa ingelesez eta polonieraz bakarrik badago ere, hainbat hizkuntzatan azpititulatu dute. Abentura grafiko honetan, Red Creek Vally herri misteriotsuan desagertu den 12 urteko Ethan Carter mutikoaren bila ibiliko den Paul Prospero detektibearen abenturez gozatu ahal izango dugu, eta, orain, euskaraz. Aipatzekoa da benetan grafiko ikaragarriak eta istorio paregabea dituela joko honek.

Baina honakoa ez da euskarara ekarritako joko bakarra. Jonathan Blow indie garatzailea 2008an gailurrera eraman zuen Braid ere eskuragarri dugu gure hizkuntzan. Plataforma eta puzleak nahasten dituen jolas honetan, Tim protagonista printzesaren bila ibiliko da. Mundu honetan denbora eta espazioa ez doaz beti eskutik eta, hori horrela, buruhauste askori eman beharko diogu buelta. Ordenagailu (PC) eta XBox-erako joko hau maisulantzat jo dute adituek eta kritika bikainak jaso ditu.

ARK Survival Evolved historiaurrean giroturiko biziraupen jokoa izan da euskarara itzuli dugun azkena. Ikaragarrizko lana izan du atzean honek, orain arte itzulitako jokorik luzeena izan delako testu aldetik. Beste bi jokoekin alderatuta, honen berezitasuna online jolasten dela da. Aurten argitaratutako joko honetan, ia biluzik eta dinosaurioz beteriko mundu batean esnatuko gara. Online dauden beste jokalariekin batera, eta mundu horretan dauden baliabideak erabiliz, bizirautea eta gero eta indartsuago izatea izango da helburua, baita horretarako dinosaurioren bat etxekotu behar badugu ere! Biziraupeneko bide luze eta neketsu horretan, eta jokoan aurrera egin ahala, oinarrizko tresnak lan-tzen, sua egiten eta erabiltzen edota ekoizteko zailagoak diren bestelako armak egiten ikasi beharko dugu.

Azken joko honen itzulpena izan ezik, beste bideo-joko guztien itzulpen fitxategiak Game Erauntsiaren webgunean zintzilikatuta aurki ditzake hala nahi duenak. ARK-en kasuan, online itzuli dugunez, joko ofizialean bertan txertatuko da laster. Baina benetan aipatzekoa zera da: euskara baino hiztun gehiago dituzten beste hizkuntza handi eta boteretsuagoen aurretik izango dugula aukera euskaldunok joko honekin gure hizkuntzan gozatzeko.