Naturala, instintiboa eta librea da Joseba Baleztenaren Eguzkiari begietara so disko berria. Aurreko lanetan hasitako bidea jarraituz, garai instrumentala alde batera utzi, eta garapen estilistikoari ekin dio musikari nafarrak. Joseba B. Lenoir Gang talde guztia bildu du disko berrian, eta kantuak berak konposatu dituen arren, grabaketan bidelagun izan ditu Miren Narbaiza, Ander Mujika, Felix Buff eta Xan Bidegain. Bestetik, emanaldi akustikoetan alboan izan duen Fernando Neira Lutxo-ren baxuaz eta teklatuez gozatzeko aukera ere izan dute hainbat kantutan.
Disko berriarekin musikari moduan “aurrerapauso handia” eman duela uste du Baleztenak. Tenpesta aurreko lanarekin ez zen oso gustura gelditu, eta oraingoan lan berria ekoizten erosoago sentitu dela aitortu du. Bere buruarekin zorrotza izan da Baleztena, eta gehiegi hausnartu gabe, estilo askotako abestiak sortu ditu, doinu beltzak, pop ku-tsukoak eta rock doinuak landuz: “Diskoak badu hausnarketa bat, baina batez ere instintiboki egindako lana izan da. Inoiz baino gehiago hurbildu naiz doinu beltzetara, rock garajeroa alde batera utzi gabe. Pop doinuak ere sumatu daitezke, baina ahalik eta gehien zikintzen saiatu naiz”, jakinarazi du.
Eguzkiari begietara so diskoaren izenarekin milaka irakurketa egin daitezkeela uste du Baleztenak, “izenburu hori norberak bere esperientzien arabera interpretatuz”. Bere kasuan, “traba, oinaze, min eta gauza txar asko bizi ondoren, aurrera egiteko indarrari gorazarre egiteaz mintzo da”, kontatu du. Beti atzera begira egon den inpresioa du musikariak, eta oraingoan saiatu da egungo ahotsei keinu bat egiten. Emaitzarekin pozik egon arren, “saturazio puntu batera” iritsi dela aitortu du Baleztenak. “Azken hilabeteetan mugimendu gehiegi egon dira nire inguruan; agenda toperaino izan dut, grabaketa, muntaketa, prozesu guztia bideratzen. Saturatu egin naiz pixka bat, eta orain denbora bat igaro nahi dut diskoa en-tzun gabe”, aitortu du.
Disko bat atera berri dueneko errituala egiteko astirik ere ez du izan musikariak. “Diskoaren ekoizpeneko zurrunbilotik deskonektatu ezinik ibili naiz, eta dagoeneko hasi gara zuzenekoekin, baina denbora tarte bat igarotzean diskoa entzuteko erritual hori egingo dut”, kontatu du. Diskoa hartu eta osorik entzutea gustatzen zaio Baleztenari, kotxean buelta bat emanez, edota taldekideei erakutsiz. “Une asko ditut gustoko musika sortzerakoan. Hasierako txispa hori, etxean zaudela bapatean agertzen den lehen doinua, une eder bat da; baita kantu bat amaituta ikustea ere. Grabatzerakoan mikroa irekita uztean ere, magia izaten dute inprobisazio uneek... eta taldeari emaitza erakustean sortzen diren sentsazioak ere ederrak dira”.
Garaipen txiki bat
Autoekoizpena izanik, lan librea egiteko aukera izan du Baleztenak; emaitzarekin gustura gelditu arren, erronka itzela izan dela onartu du. “Garaipen txiki baten modukoa izan da. Azkenaldian dena instintiboki egiten ibili naiz, eta diskoa neuk ekoiztea erabaki nuen, nire lanaren inguruan erabateko askatasuna izateko”. Musika merkatuaren arauetatik ihesi ibili da Baleztena, sormen lana hasieratik amaiera bitartean bere esku egon zedin. “Ez dut batere gogorik dirua jartzen dutenen menpe egoteko; esate baterako, baldintza txarretan ibili eta merkatuaren inposizioak jarraitzearen aurka nago, ez dut bideoklip bat egin nahi soilik hori egin behar dela esan didatelako. Horregatik egin dut autoekoizpenaren aldeko apustua. Dena den, horrek ere suposatu du zailtasunak nire kabuz konpondu behar izatea”.
Energia eta motibazioa mantentzea ez beti erraza, baina lan berriarekin asko ikasi duela dio musikariak. “Azken urtea ez da erraza izan; bidean agertu diren zailtasun guztiak nire kabuz konpondu behar izan ditut. Askatasuna irabazi arren, ardura guztiak neureak izan dira, eta ez naiz gai izan beti beharrezko energiak, indarrak eta motibazioa mantentzeko”. Askatasuna ardurarekin ordaindu du musikariak, eta diskoa erditzea zaila egin zaion arren, une gozoak bizi ditu orain. Zuzenekoekin gozatzeko irrikitan dago Baleztena. “Diskoa zuzenean aurkeztea tokatzen da orain, eta asko disfrutatuko dut horrekin. Uste dut ikuskizun polita prestatu dugula, kontzertu biribila benetan, eta sekulako gogoak ditut jendearen iritzia ezagutzeko”, agertu du.
Diskoaren aurkezpen kontzertuekin hasiak dira taldekideak, Gasteiz eta Tolosatik igaro dira jada, besteak beste. Baina datozen egun eta asteetan ere izango da Joseba B. Lenoir Gang zuzenean ikusteko hitzordu gehiago: Ondarroako Portuko Ranpin ekainaren 17an, Donostiako Le Bukowskin 24an, Azkoitiako Matadeixen 25ean eta Bilboko Kafe Antzokian 30ean, besteak beste.