Inguruneak zer eskaintzen dion kontutan hartzen du beti Ainara Elgoibarrek lan berri bat hasterakoan. Elementu ezberdinen arteko loturak aztertzen ditu, haien jatorria ezagutu nahian, guztien historien zertzeladak bere obretan islatu ahal izateko. Azken urteetan, beiraren ekoizpen industriala izan da bere sorkuntzaren ardatza. Hala, Carreras Mugica galeriako arduradunek erakusgelako sarrerarako lan bat osatzeko eskatu ziotenean, beira oinarri hartzea erabaki zuen Elgoibarrek. Izan ere, sarreraren pareta batean U-Glas izeneko beiraz egindako bi panel argi-tsu zeuden aurretik. “Espazio horretarako interesgarria iruditu zitzaidan elementua aukeratu nuen, hots, U-Glas beira, eta harrapatu egin ninduen. Hortik abiatu nuen lana, material honek noraino eraman ahal ninduen arakatuz, bere izaera materiala inoiz ahaztu gabe”, azaldu du artistak. Horrela jaio zen U-Glas: beiraz, argazkiz, testuz, burdinez eta oholezko egiturez osaturiko sorkuntza.
Proiektu bat hasterakoan, materiala nondik datorren aztertzen du beti Elgoibarrek. Batzuetan materiala da, bestetzuetan lekua bera. “Gauzen jatorria bilatzen saiatzen naiz”, argitu du artistak. U-Glas motako beira Saint-Gobain enpresak ekoizten du eta, egun, eraikin ezagun batzuetan aurki dezakegu, besteak beste, Andoaingo Bastero Kulturgunean, Hernaniko Orona IDeO-Innovation City izenekoan, edo Bilboko IMQ Zorrotzaurre Klinikan. “Errealitatean dauden erlazioak bilatzen ditut, asko urrundu gabe, ez bainaiz abstrakzio sakonegiaren aldekoa”, arrazoitu du Elgoibarrek. Batzuetan, ostera, bere lanen elementu ezberdinen arteko loturak bat-batekoak izaten dira. Horrela gertatu zen, adibidez, U-Glas osatzen duten testuen inpresio digitala egiteko erabili zen paperarekin. “Paper hori Panpidux enpresak emandakoa zen. Kasualitatez, bere biltegia orain Carreras Mugica dagoen espazioan eduki zuen enpresak iraganean”.
Zailtasun aberasgarriak Elgoibarren lanen helburu nagusietariko bat ikerketa da; zentzu horretan, sorkuntza prozesuak ez daude inoiz aldez aurretik erabakita. “Batzuetan hasierako asmoa ezin duzu gauzatu; adibidez, lantegi baten barruan produkzio prozesua grabatu nahi duzunean baina jabeek baimenik ematen ez dizutenean”, aipatu du. Hala ere, zailtasunak sorkuntza prozesua aberasten dutela uste du artista mungiarrak. “Arazoak agertzen direnean, egoera bera lantzeko aukera izaten duzu, prozesua bera aberasten da. Lanaren parte dira zailtasunak eta ezustekoak ere, ez baitago arazo gabeko lanik munduan”, gaineratu du.
Egunotan Bilbon ikusgai duen U-Glas bildumaren sorkuntzan ere izan zen arazorik. Ikerketa prozesuak Renedo de Pielagosen dagoen Saint-Gobainen fabrika batera eraman zuen Elgoibar, beirazko panelen plantxak bertan eginak baitziren. “Fabrika iaz itxi zuten eta ez zidaten barrura sartzen utzi”, gogoratu du artistak. Inguruan argazki batzuk ateratzera joan zen batean, bertatik zebilen gizon bat ezagutu zuen, fabrikan teknikari moduan lanean aritua aurretiaz. “Zortea izan nuen, berak utzi zizkidan U-Glas lanean erabili ditudan gida-liburuak eta notak”, jakinarazi du artistak.
Sorkuntza prozesuak “plazera” ematen diola kontatzen du Elgoibarrek. “Lan prozesuen inguruan iritzi propioa izatea ederra da, prozesu hori bera nire obretan islatuta egon ala ez”, uste du. Sorkuntza prozesuan ari den bitartean, publikoa ez du kontutan hartzen, ordea. “Kasu askotan, publiko hori zehazki nor izango den ere ez duzu jakiten”. Erakusketara hurbiltzerakoan, ordea, “ezberdina” omen da kontua: “orduan, neurri batean, publiko abstraktu hori presente dagoelako”, agertu du. U-Glas erakusketa apirilaren 16an inaguratu zen, baina oraindik publikoaren erantzuna zein den jakiteko denbora behar dela uste du artista mungiarrak.
Ainara Elgoibarrek enpresa munduan lan egin izan du urte luzez, aztertzaile bezala. Egun batean, ordea, berriro “zerotik hastea” erabaki zuen, “artista” izan nahi zuelako. “Ez zen bapateko erabakia izan, txikitatik izan nahi nuen artista”, aitortu du. Bartzelonan Arte Ederrak ikasi ostean, bere lanak Artium-en eta Bartzelonako MACBAn erakutsi ditu, baita La Capellan edota Dafo galerian ere, besteak beste.