Euskarazko kazetaritzaren historian ezinbesteko izena bihurtu da Mikel Atxaga (Urnieta, 1932- Donostia, 2009). Kazetari eta itzultzailea, Zeruko Argia astekarian eta DEIA egunkarian egin zuen lan nagusiki. Bere obra aski ezaguna, ikertua eta omendua izan da; 1975an euskaltzain urgazle izendatu zuen Euskaltzaindiak, eta hogei urte eman zituen Eusko Jaurlari-tzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren Bidegileak bilduma zuzentzen. Horrekin batera, euskal kazetaritzako Rikardo Arregi Saria jaso zuen, 1998an. Merezimenduzko Argia Saria eman zioten 2009an, haren ibilbide luze eta oparoagatik, eta urte hartan bertan, Eusko Jaurlaritzak omenaldia egin zion. Dena den, Atxagak azken sorpresa bat utzi zuen zendu aurretik: Joxinixio gudaria liburua.
Kazetariak ez zuen bere azken lana argitaratuta ikusi; Atxagak berak utzi zuen, hil aurretik, Joxemari Iriondo adiskide kazetariaren eskuetan eta, honen bidez, Auspoa Taldean. Pello Esnalek egin ditu liburuaren zuzenketak; hark aurkeztu zuen liburua, bere garaian Atxaga Bidegilea izeneko lana osatu zuen Elixabete Garmendiarekin batera. Atxagak bere azken urteetan jo zuen fikziora, eta horren adibide da bere azken eleberria, Garmendiaren esanetan. “Sorpresa eman digu Atxagak bere obra postumo honekin. Bizi guztian kazetaritzan aritutako gizonak fikzioari heldu zion bere azken urteetan”. Garmendiaren aburuz, Atxagak “askatasun handiagoa” aurkitu zuen fikzioan kazetaritzan baino.
Nobelaren inguruan erritual sinboliko bat erabili zuen Atxagak, 2004ko uztailaren 18an -hau da, gerra hasi zenetik 68 urte betetzen ziren egunean- sinatu baitzuen nobelaren atarikoa. Iriondoren eskuetan utzi zuen azken lan horretan Joxinixio Etxeberria andoaindarra du protagonista, eta haren bizipenak oinarri hartuta, gudarien ohoretan osatu zuen liburua. “Justizia egin nahiak bultzatu zuen obra hau idaztera”, dio Garmendiak. “36ko gerrako kontuak dira. Gertakari historiko dokumentatuak har-tzen ditu Atxagak hondo modura, eta orduko pertsonaia errealak ere agertzen ditu. Dena galtzaileen ikuspegitik kontatuta dago; zerbaitegatik esaten zuen berak beti: erraz elkartzen naiz galtzaileekin. Beti. Baita frontoian ere.
Galtzaileekiko enpatia Istorioaren protagonista Merdillegiko bertsolaria da, senideetan bosgarrena, 1936ko urtarrilaren 19an Euskal Herriko II. Bertsolari Txapelketa hartako azken saioan parte hartu zuena, eta 1936-1939 gerratean gudari zela Atxandan hil zutena baionetaz, 1937ko ekainean, nazionalek Bilbo hartu aurretik. Anaia zaharrena Patxi Etxeberria zuen, jesuita, euskalgintzako giroetan sartua eta Argia-ko zuzendari izana. Garmendiaren esanetan, Atxagak “prototipo” modura hartzen du Joxinixio, “bere mundutik eta izaeratik jaulkiz”. Liburuaren zuzentzaile Pello Esnalek, bere aldetik, Atxagaren galtzaileenganako enpatia nabarmentzen du. “Abertzalea zen senez, gerra osteko ilunpean. Ez hori bakarrik: irabazleen aldekotzat jotzen zen familian, baina galtzaileenganako enpatia hazi zitzaion Mikeli, betiko. Jarrera horren emaitza da nobela”.
Joxinixioren pertsonaia enpatiaz aukeratu zuen kazetariak, Esnalen esanetan. “Batetik, enpatiaz aukeratu zuen Joxinixio protagonista. Baina, bestetik, baita ere egoki zetorkiolako gerraren zer-nolakoa azaltzeko. Atxagak berak dio hi-tzaurrean: “Gurasoek ez ziguten seme-alaboi ezer kontatu, ahaztu beharreko oker bat egin balute bezala. Berrogei urteko diktaduraren ondotik ere lehengo kontu guztiak isilik gordetzea erabaki zen, demokraziaren on beharrez. Gertatua arakatzea eta aztertzea baino nahiago izan da ezkutuan uztea”.
Sen handiko kazetaria
Garmendiaren hitzetan, Atxaga “ezinbesteko” izena da euskarazko kazetaritzaren historian, 60-70ko hamarkadetan. Zeruko Argia astekarian kolaboratzaile modura hasi zen, gero editorialak idaztea eskatu zioten eta, azkenean, erredakzioan sartu zen. “1970-1977 urteen artean bera izan zen Zeruko Argia-ko factotum-a, hau da, aldizkaria berak gidatzen zuen, era guztietako idatziak egiten zituen, argazkiak atera ere bai... 1977tik aurrera, DEIA sortu zenean, egunkariko euskarazko atalean jarraitu zuen hurrengo hiru hamarkadetan, batez ere iritzi artikuluak idazten. Oso kontalari ona zen, hitzez nahiz idatziz; senezko kontalaria”.
Garmendiak sakon ezagutu eta landu zuen Mikel Atxagaren lana. Pertsona bezala, “bere kontalari sena, lanbidearekiko zuen pasioa eta esker ona” nabarmentzen ditu. 2009an Argia-k Merezimenduzko Saria eman zionean, hauxe zioen kazetaritzako lanbideaz: “Hamaika ogibide neketsuagoak badira, baina merezimenduzko saririk gabe gera-tzen dira”
Bai kazetari modura, baita eragile gisa ere, sutsua izan zen Atxaga. Euskarazko kazetaritzari egin zion ekarpena anitza da, baina Garmendiarentzat izan zuen mugarri bat. “1976an Zeruko Argia newsmagazine bihurtu eta kazetaritza modernoaren arrastoan jarri zuen. Berehala eman zuen neurria aldizkariak; urte hartako udaberrian Amparo Arangoaren tortura argazkiak kaleratu zituen Zeruko Argia-k. Hemen tortura argazkiak argitaratu ziren lehen aldia izan zen, eta horretarako ausardia Atxagak eta bere lankideek izan zuten, oraindik frankismotik zetorren zentsura bizirik zegoen garaian”, nabarmendu du Garmendiak.